Txirrita eta Marlowe Gernikan (1)

Modan da Gernika Jai-Alai pilotalekua astelehenetan. Iruñeko Labrit larunbatetan beste hainbeste gertatzen den moduan. Batean, zesta-puntazko pilota partidak ikusteko; bestean, eskuzkoak.

Harmailak bete egiten dira, eta jende asko biltzen den lekuan, jakina, pertsona ospetsuak agertzen dira. Lehengoan, Iñaki Artola eskuzko pilotaria ikusi nuen Gernikan lagun kuadrilla batekin.

Frontoiko atarian aspaldiko ezagun batekin egin nuen topo. Hura ustekabea! Philip Marlowe detektibea ez nuela ikusi, ez nintzen akordatzen noiztik. Tijuanako (Mexiko) pilotalekuan usten dut izan zela. Ni Floridatik oporretan joana eta bera Los Angelestik. Ez zidan esan zer egiten zuen Tijuanan. Apustuak egitera, ilegorri baten bila edo Organizazioarekin arazoak zeuzkan gangster ohi batek kontratatua. Oso diskretua da Marlowe, profesionala goitik behera.

Oraingoan ere, ez nion galdetu zer egiten zuen Bakearen Hirian. Gauza onik ez, pentsatu nuen niri artean.
Bostekoa eskaini nion.
Urduri samar sumatu nuen Marlowe. Normalean tipo lasaia da, bere buruaren jabe, edozein egoeratan patxadaz sentitzen dena. Horretan, Ondarres nire lankide ohiaren tankera hartzen nion. Gauzak gaiztotzen zitzaizkionean ere, soseguz hartzen zekiena zen, Ondarres handia.

Traje beixa, alkandora urdina eta gorbata gorri bat zeramatzan soinean. Urdintzen hasitako ilea feltrozko Stetson kapela batekin estaltzen zuen. Pitin bat gizendu ez ote zen iruditu zitzaidan. Begi-bistakoa zuen atzerritar itxura. Beste turistaren bat Gernikan bisitan.

Tik moduko bat sumatu nion. Eskuineko eskua luzatzen zuen ezker aldeko besapea ukitzeko. Nik banekien hor zer zeraman, funda batean sartuta. Bere lagun kuttuna: 38 kalibreko pistola.

Elkarrekin partida ikusteko proposatu nion. Lau zankadatan igo ginen goiko solairuraino. Hiru gaztez osaturiko jazz banda bat jotzen ari zen Ben Websterren balada bat. Pieza berea zela iruditu zitzaidan.
“That´s pretty cool, man”, Marlowek banda seinalatuz.

Eseri aurretik garagardo bana eskatu genuen tabernan. Txiza baino epelagoa. Hamar euroko billetea utzi nuen mostradorean. Marlowek hartu eta nire berokiaren poltsikoan sartu zuen. Krokodilo larruzko karteratik hamarreko beste billete bat atera zuen barran utziz.
Zerbitzari gaztea bosteko batekin itzuli zen. Marlowek keinu bat egin zion eskuaz. “Keep it for a rainy day”, esanez.
Bartenderra zer egin ez zekiela geratu zen bost euroko billetea airean zuela.

Orduntxe isildu zen jazz banda. Baina ez isiltasuna. Esatari batek ekin zion erasoari. Une batean sentitu nintzen zezen-plaza batean egon eta espikerrak boxeolarien aurkezpena egiten hasia balitz bezala. Trumoia zirudien esatariaren ahotsak.
“Munduko zestazko pilotari onenak!!!!… Floridatik etorri berrriak!!!… Hemen, Gernikan!!!…”
Bizkaian geunden eta bizkaieraz egin zuen pilotarien aurkezpena. Txalo festak ez zuen etenik izango partida amaitu arte, esatariak hala premiatuta.

Gernika Jai-Alaiko antolatzaileek neurria hartua diote eta sekulako festa antolatzeko gai dira, pilota eta musika uztartuz. Herri osoa mobilizatuz.

Eserleku libre batzuk antzeman nituen zazpigarren koadroaren parean. Hastear zen partida. Neguko txapelketaren barruan.
Marlowren begiek ezker-eskuin begiratzen zuten.

Pilotarien izenak eta nondik norakoak esplikatzen ari nintzaiola, bolumen handiko agure bat eseri zen nire ondoan, ezkerraldean. Blusa beltz bat zeraman jantzita belauneraino. Beste gizon bat zetorren berarekin, gazteagoa.

Berehala ezagutu nuen agurea. Ezin nuen sinetsi bera zela.
“Arratsalde on! Joxe Manuel”, agurtu nuen. A zer-nolako sorpresa zu hemen ikustea”.
“Igualmente, gazte. Bai motel, iloba txatxu honek honaiño ekarrita. Puntako partiduak ikusi behar genitula-ta, hementxe gaude. Bueltan Zestuan geatzekoak gaituk. Kantu-lana antolatu dik Uztapidek hango gaztetxian. Ondorenian izango al da afaria. Baietz esan zidak Uztapidek, tripaki kaxuelka batzuk prest dauzkala. Basarri eta Pello-Errotare jutekuak dittuk”.

Altzatik (Gipuzkoa), Martillun tabernatik ezagutzen nuen Txirrita. Ni eguneko menua jatera joanda, han aurkitzen nuen bertsolari ospetsua.

“I want to introduce you a famous basque poet”, esan nion Marloweri.
“Joxe Manuel hau duk Marlowe detektibe famatua. Ameriketatik etorria”.
Elkarri bostekoa eman ziren.

“Marlon, esan dek? Detektibia? Horrek ne moun lan gutxi indakua dek, begiraiek eskuei”.
“ Ikusiko bazenu nola astintzen dituen ukabilak eta pistolaren maneiua! harrituta geratuko zinateke”.
“Istiluzalia al da? Toki onea etorri dek, ba. Hemen ez dik kabidarik!”. Kantxako ezker-paretan jartzen duen: Bakearen Hiria, bastoiarekin seinalatuz.

Hango iskanbilarekin ez zen erraza elkar ulertzea. Partida hasi zen. Herriko semeez osaturiko bikoteak lehian: Barandika eta Lekerika, alde batetik; Diego (Beaskoetxea) eta Aldazabal bestetik.
Borroka estua iragarrita zegoen. Publikoa, gazte kuadrillak gehienak, erdibituta. Batzuek Barandikaren alde; Diegoren aldekoek oihuka eta txaloka tanto bakoitzaren amaieran. Ez nekien San Mamesen edo NBAko saskibaloi partida baten aurrean ote nengoen.
Bozgorailuetatik trumoi hotsa.

“Motel, motel. Gu ola hasiko bagina kantuan gobernadoriak espetxeratuko gintun. Hola segita laster gerra zibila deu!” Txirritak.

Donostiako Urumea pilotalekua inauguratu zenean, 1926an, bertan egon omen zen Txirrita. “Erdoza menor huen pelotari onena. Hua kapaza zan lagun txar batekin hirun kontra jokatzeko. Harek zekan garrotia! “, bastoia airean astinduz.

Marlowek ez zion bistarik kentzen Txirritari.

“You know what?”, esan zidan. “Your friend, the poet, looks a lot like Hitchcok”.

Hollywoodera joan beharko lukeela esan zidan detektibeak. Fotogenikoa zela. Edward G. Robinsonekin eta Bogartekin berebiziko hirukotea osatuko luketela. Harremanak bazituela Warnerko produktoreekin. Lagunduko ziola bertsolariari Hollywoodeko star-system munduan murgiltzen.

“When I go back to L.A. I talk to Hitchcok too. If he doesn´t mind I´ll take a picture of him”.

Txirritak baietz. Argazkia lasai asko ateratzeko. Marlowek atera zuen argazki kamera txiki bat txaketako poltsiko batetik.
“Smile, please”.
Txirrita, bitartean, bertso bat kantatzen hasi zitzaion Marloni. Hango trumoi hotsa eta esku-zartadaz, ordea, ez nion tutik ulertu. Lastima.  

30 urte pasatu dira

30 urte pasatu dira geroztik; nekez ahaztuko dut, ordea, gau hura. Aste Nagusian murgilduta zeuden Bilbon. Deportivo pilotalekuan zesta-punta jaialdia antolatuta zegoen, eliteko puntistekin. Harmailak lepo bete ziren, EITBk zuzenean eskaini zuen emanaldia.

Finalerdia zen, eta gaizki jokatu nuen. Nire mailatik behera; dezente, gainera. Partidaren ostean, lur jota, buru-makur nengoen aldageletan.
EITBko langile bat hurbildu zitzaidan. Elkarrizketa egingo zidatela, ohikoa zen eta den bezala. Doi-doi jaso nuen burua.
Ezetz, esan nion, hitzik esan gabe. Langileak alde egin zuen.

30 urte pasatu dira, eta zenbat aldiz gogoratu naizen partida hartaz. Ez neurketa galdu nuelako eta barregarri samar jokatu nuelako. Baizik eta, ezetz, uko egin niolako elkarrizketari.

Zutitu eta kantxarantz abiatu izan banintz, aurpegia emanez, ez nintzen partidaz gogoratuko. Beste porrot bat, askoren artean. Estatistika hutsa, azken finean..
Baina, ez, iltzatuta geratu zitzaidan partida malapartatu hura, arantza azalaren barruan. Denborarekin gaiztotuz joaten den zauri klasea.
Begirune eskasaz jokatu nuen, EITBko langileen aurrean, ikusleen aurrean zer esanik ez.

Garrantzi izugarria ematen zaie emaitzei: irabazi ala galtzeari. Denbora joan ahala, konturatzen zara umekeriak besterik ez direla, eta beldurra, jendeak zer iritzi ote duen norberari buruz. Ondorioz, lotsa eta koldarkeria, batzuetan.

Biharamunean, edo handik bizpahiru egunera, erraza neukan:
“Aizak, Euzkitze, lehengoan ez nintzen batere fin portatu”…
Berak: “egon hadi lasai, gizona, edozeini gertatzen zaio gau txar bat izatea”…
Nik moztuko nion: “Ez, ez, Euzkitze, ez naiz partidaz ari, baizik eta ondorengo erreakzioaz, elkarrizketari uko egin izanaz”.

Hantxe bukatuko zen afera, arantza barrutik ateraz, bakea betiko.
30 urte pasatu dira, ordea, eta Deportivoko gau hura gogoan iltzatuta dago oraindik. Ez pattal aritu nintzelako, baizik eta uko egin niolako elkarrizketari.

Altuna III.a haserre da

Altuna III.a pilotari manistaren adierazpenak entzuten ditut Euskadi Irratian. Esku pilotaren figura handiak, beraiek, manistak ere, pertsonak direla aldarrikatuz amaitzen du elkarrizketa. Altuna III.ak 4 t ‘erdiko finala jokatuko du azaroaren 14an. Ondoren, binakako txapelketa hasiko da eta horrela urte osoan zehar, hainbat diziplinatan lehiatuz, oporrik gabe, diziplina bakoitza eliteko kirolari gisa prestatu ezinik.

Bestalde, zesta-puntako pilotariak daude, modalitate honetako figurek bi hilabetez jokatzen dute, uztailean eta abuztuan, eta urteko gainerako hilabeteetan, ia txapelketa gehiagotan parte hartu gabe. Harrigarria, beraz, batzuen eta besteen arteko aldea.

Egoera bideratu al daiteke? Bai manistek eta bai puntistek beren gabeziak hobetuta ikustea?
Baliteke.
Nire ikuspuntua azaletik azaltzen saiatuko naiz, katedra jartzeko asmorik gabe eta lerro hauek irakurtzera hurbiltzen den balizko irakurlea aspertzeko asmorik gabe. Jakinda ere, eguzkitan topa egiteko idazten dudala.

Zergatik jokatzen dute manista profesionalek urte osoan? Zeintzuk dira etenik gabe egiteko arriskuak?
Ez dago munduan (ez zait bururatzen) urtarokoa ez den kirol profesionalik. Hau da, kirol profesionalak denboraldiz denboraldi jokatzen dira. Ez, ordea, esku-pilota. Futbolariak, txirrindulariak, beisbolariak, tenislariak eta baita Amerikako jai-alai denboraldiak ere, hirurogeita hamarreko hamarkadara arte, denboraldiz denboraldi jokatzen ziren. Altuna III.a bezalako manistak dira (ausartzen naiz esaten) gelditzen ez diren bakarrak, horrek dakarren higadura psikologiko eta fisikoarekin. Ez da harritzekoa Altuna III.a kexatzea.

Etenik gabeko praktika hori joan den mendean ezarri zen ustiapen-eredu batetik dator, pilotaleku industrialen funtzionamendurako egokia den gizarte- eta lan-testuinguru bateko eskaerari erantzuteko. Ez zegoen apusturik egiteko leku askorik, kasino debekatuak, bingo berdina… Beste kirol batzuen lehiak, ikuskizunari eta entretenimenduari dagokienez, ez zuen a posteriori izango zuten pisua. Hirurogeiko hamarkadako desarrollismo ekonomikoa gehitzen badiogu, laborantza-salda egokia dugu apustularia frontoietara hurbiltzeko.

Durangoko Ezkurdi pilotalekuan eta Gernikan, zesta-puntaz edo Hernaniko Galarretan eskaintzen ziren asteroko emanaldiei zeharka begiratuz gero. Aldi bereko jaialdiak, edozein asteburutan. Euskal Herrian zehar manistek jokatzen zituzten partiden kopurua… datuak izugarriak dira. Gaur egungo ikuspegitik ulertzen zaila.
Sistema osoa erori da ezagutu ezineraino.
Hala ere, manistek urte osoan jokatzen jarraitu dute.
Zergatik, beraz?

Gainontzeko modalitateek jasandako beherakada, EITBk, esku-pilotaren kasuan, sekuritate sare bat jarrio dio esku-pilotari amildegirantz ez abiatzeko. Uztarri berean, komenentziako ezkontza osatuz, sostengua ematenn diote urte osoko egutegiari.

Galdera da, ba al dago eskari errealik EITBk (euskal telebista publikoak) prime time-an zuzenean eskaintzen dituen 150 jaialdietan?

Nik ezetz uste dut. Are gehiago, epe luzera kaltegarria izan daiteke. Esklusiboak ez ditu bermatzen etorkizuneko audientzia-mailak. Berritzen ez den kirola —Irujo, Olaizola II.a edo Altuna III.a bezalako jokalariak ateratzen diren heinean zoriaren araberakoa dena eta txapelketetako partidak eskaintzera mugatzen dena— ez da etorkizunerako eszenatoki desiragarria.

Lehiarik gabeko jarduera ekonomikoa zaharkituta geratzen da. Lehiakideren bat iritsiko da. Kanpoko kasu honetan: Ibai Llanosen eta Pîqueren aretoko puxiken txapelketak edo e-sportak edo dena delakoak, eta belaunaldi berriek bizkarra emango diote esku pilotari. Eta antzinakoek, adin jakin bateko pilotazaleek, ez dute gehiago kontatuko.

Posible al da egoera iraultzea?

Geldiarazi, bai. Epe laburreko ikusmenarekin amaitzea, bai. Nola? Erantzukizun instituzionala. Konfort-gunetik irteten. Mahaian ukabilkada bat emanez.

Ezinbestekoa da Estatuak (gure tresna politikoak) esku hartzea bere tresna baten bidez, kasu honetan, euskal telebista publikoa. EITBk meloia ireki eta pilota modalitateak denboraldiz denboraldi eskainiz, Floridako pari-mutuel industriarekin gertatzen zen bezala (kanodromoak, hipodromoak eta jai-alai). Urtaro bat bakoitzarentzat.

Denboraldi indartsua eskuarentzat, bere diziplinei lekua eginez, zaletuaren jakin-mina indartuz, pilotariari atseden emanez.

Garai bat zesta-puntarako, Iparraldeko bi hilabeteei erantsita, orain kanpoko merkatua iragana baita eta pilotari bikainen soberakina ikaragarria baita. Denbora horri esker, modalitatea duintasunez mantendu ahal izango litzateke, belaunaldien arteko erreleboa bermatuz. Teknologia berrien laguntzarekin, modalitatearen ikusgarritasuna nabarmentzeko eta ikusleari irudi liluragarriak eskaini ahal izateko.

Kontraesana dirudien arren, eskuko enpresentzat ere aukera interesgarria litzateke arlo ekonomikotik. Zer esanik ez tresna-modalitateetarako izango litzatekeen salbamendua.
Azken batean, egoera horretan alde guztiak aterako lirateke onuradun.

Zestazko pilotariak

Pelotariak, zestozko pelotariak, Ameriketan urte asko eginda etortzen ziranean, musika joten jaken illuntzean etxeaurrean, eta jendeak baltseoan egin. Au musikeruak dirua atarateko asmatakoa izango zan.
(José María Etxaburu, “Ondarroako kontuak”).

Gillermo Amutxastegik (Ondarroa, Bizkaia, 1910) aipatzen zuen, bere biografian, etxera itzultzen zenean herriko musika bandak ongietorria egiten ziola. Gillermok ardoa edatera konbidatzen zituen herritarrak.
Daniel Guridi (Arrasate, Gipuzkoa, 1906) ere, ibili zen munduan zehar xisteraz jokatzen. Italian, Egipton, Txinan, Filipinetan eta Mexikon. Arrasatearrak kontatzen zuen herriko musika banda esperoan izaten zuela herrira itzultzen zenean. Villabonan (Gipuzkoa) gauza bera. Pilotari ospetsua izatea ezer gutxi ikusteko zeukan ongietorria jasotzerakoan. Nahikoa zen herriko semea izatea, halako festa antolatzeko.
Noiz eten ote zen usadioa, ezin erantzun. Agian, Euskal Herrira etorkinak etortzen hasi zirenean. Gizartea apurka-apurka nahastu ahala, identitate peto-petoa gutxitzen hasi zenean.
Zestazko pilotariaren itzulera, hainbat urte atzerrian eman eta gero, herri txiki batean, derrigorrez akontezimentua izan behar zuen. Zer ote zuten kontatzeko. Jendea prest, munduaren azalpenak entzuteko: ohiturak, bizimodua, politika, ekonomia, istorioak. Atzerrian geratutako lankideen berri senideei emateko baliagarria izango zen. Ekarritako enkarguak, eskutitzak, opariak, dirua…
Isidoro Fagoaga tenorra Berara (Nafarroa) itzultzen zenean, Europan zehar denboraldiak pasatau eta gero, Pio Baroja idazleak galderaz josten omen zuen. Barojak lehen eskuko testigantza jaso nahi izatea ez da harritzekoa. Are gehiago, Fagoaga bezalako intelektual batengandik.
Informazioaren gizartean bizi gara: McLuhanen herriska globalean; duela 80 bat urte ez bezala. Gaur egun, zestazko pilotariak Ameriketatik itzultzen dira. Oharkabean. Shanghaitik bueltan datorren Fagorreko langileak bezala, senitartekoak soilik itxaroten Loiun edo etxean; gainera, aspaldian desagertu ziren herriko musika banda gehienak.
Eskuzko pilotariak, txapela bat irabazten dutenean (pandemia aurretik bederen) zain izaten dituzte herritarrak, lagunak, sagardotegira joateko. Izango dute musika, sortuko da festa. Pilotariak xanpaina edatera konbidatuko ditu herritarrak. Inork ez dio galdetuko, ordea, nondik datorren, zer ikusi duen. Noiz arte itzuli den.

Gizonezkoen mundua

Gizonezko mundu batean zer egiten du emakume batek? Duela urte gutxi batzuk, galderak izango zuen bere arrazoia. Gizartean ia-ia den-dena gizonezkoen eskuetan baitzegoen. Zorionez, egoera aldatzen ari da. Emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa da arlo guztietan. Baita gizonezkoen mundua zen pilotan ere.

Itziar Lete mutrikuarra (Gipuzkoa) hautatu dute lehendakari Gipuzkoako Pilota Federazioan. Berez, kargu aldaketak oharkabean pasatzen dira. Oraingoan, aldiz, albiste bilakatu da Letek. Lehendabiziko emakumea karguan, ez gaude ohituta. Are gutxiago pilota bezalako mundu kontserbadore batean. Ematen zuen emakumeek ez zeukatela kabidarik, ez kantxan, ez bulegoetan. Oker geunden, zorionez. Gizartea aldatzen ari da pilotaren abiadura baino azkarrago. Ikusten ari gara, natural-natural, emakumeak epaile, esatari, kantxan eta bulegoetan. 

Itziar Lete ez da edozein pilota munduan. Bere senarrak, Goixerrik (Jon Iñaki Mendizabal), urteak eman zituen Amerikako pilotalekuetan. Itziarrek berak ere sei urte pasatu zituen han. Dituzten bi semeak, Ekaitz eta Aratz, zesta-puntako profesionalak dira, Estatu Batuetako Danian eta Miamiko pilotalekuetan. 

Hori guztia gutxi balitz bezala, Itziar Letek zortzi urte darama Gipuzkoako Federazioaren zuzendaritzan. Esker txarreko karguak izaten dira federazioetakoak. Errekonozimendu gutxi eta kritikak ugari. Txarrena, ezintasunak. Nahi bai, eta oztopoak bata bestearen atzetik. 

Andalapuntaka guztia bidali ordez, pausoa eman eta lehendakaritza eskuratu du Letek. “Haize freskoa” ekartzen duela dio. Nik sinesten diot. Izan ere, emakumeak arlo guztietan gizasemeak baino fundamentu handiagoa daukatelako. Lanerako nekaezintasun izugarria dute; egoa, gizasemeena baino apalagoa. Motibatuta daude, gainera: “Ondo egin nahi dut nire lana”, esan berri du Letek. 

Giza balioa ezinbestekoa da lana ondo egiteko. Badaude, ordea, faktore batzuk horma bilakatzen direnak, emakumea ala gizasemea izan. Zailtasun ekonomikoaz ari naiz. Babesleen diruak gero eta murritzagoak dira. Erakundeen laguntza, eskasa. Letek aitortu du (8 urte barrutik ezagututa) pilota mundua konplikatua dela, eta, aldi berean, beheranzko joera daukala. 

Mila lizentzia ditu Gipuzkoako Pilota Federazioak; 95, emakumeak dira. Litekeena emakumeen joerak gora egitea. Albiste ona da jada nesken presentzia kantxetan, epaile eta esatari lanetan. Lehendakaritza ere emakume baten esku geratu da.
‘Il futuro e donna’, jarri zion izenburua Marco Ferrerik film bati, duela 36 bat urte. Etorkizun horren atarian gaude. Hanka puntetan iritsi baitira neskak pilotara, gizonezkoena zen mundu batera.  
Hurrengo pausoa, emakumeen presentzia albiste ez izatea. Partida hasi besterik ez da egin. Sakea, Itziar Leteren esku geratu da.

Handem herrian

   Duela 31 urte Amerikako Estatu Batuetan bizi nintzen, Connecticuten, Bridgeport izeneko herrian. Neguak hotzak baziren, otsaila oso gogorrago egin zitzaigun grebako piketetan urtebete generaman  600 bat pilotarioi. Animoak, hala ere, sinetsi nahi badidazue, goian genituen. Euskaldunok, izan ere, gatazka giroan, egoskorrak bilakatzen baikara, nekez emango dugu amore. Jarrera kolektiboaren jatorria, auskalo nondik datorren. 

   Handem herrian, nire etxetik 30 bat kilometrotara, United Auto Workers (UAW) sindikatuaren 148. egoitzan, ekitaldi bat burutzekoa zen. Greban zeuden sindikatu ezberdinetako partaideak biltzekoak ziren, solidaritate jaialdi baten barruan. Pilotariok, jai-alai player-ok tartean ginela, joan behar genuela esan zigun piketean Gabino Ezpeletak, IJAPAko (International Jai-Alai Player Association) gure sindikatuko ordezkariak. Ricky Lasak, elkarteko  lehendakari ahalguztidunak, Ezpeletari azpimarratu zion Handemen egoteko garrantziaz, komunikabide askotariko bidali bereziak agertuko zirelakoan.     

    Handemera, autoz inguratu ginen 80 bat lankide, emazte eta adiskide. Uniformatuta azaldu ginen pilotariok. Ez praka zuriekin eta kolore ezberdinetako elastikoekin, iraganean kantxaratzen ginen bezala, baizik eta  jaka gorriarekin, bizkarrean “Ijapa Player”  jartzen zuenarekin. Aurreko aldean, berriz, ikurrez josita: IJAPA, UAW, God Bless America, USA… Buruan kapela gorria, pin-ez beteta..        

   Aparkalekura hurbildu ginenean ohartu ginen dagoeneko sekulako jendetza gerturatu zela, lekurik ez autoak aparkatzeko. Egurrezko egoitza zaharrean sartu ginenean bero bafada bat sentitu nuen. Berehala erantzi genituen neguko berokiak eta bufandak, gure sindikatuko uniformea agerian sartu ginen areto nagusian. Ehun bat lagunentzako lekuan, halako hiru zeuden dagoeneko. Gure kolore gorriak berehala nahastu ziren beste sindikatuetako ordezkarien uniformeekin, nolabaiteko erromako zubia osatuz. 

   New Hampshireko paper fabriketako langileak ziren batzuk; Maine aldeko zerrategietakoak, besteak; Connecticuteko makina-erremintakoak ere baziren han. Kolore batekoak ala bestelakoak, grebalariak denok.

   Maiatzaren  Leheneko “Langileen eguna” ospatzeko asanblada egiten ari ginela zirudien. Une batetik bestera, kaleak hartzeko manifestaldian. 

   Kanpoan haize leia egiten bazuen, barruan, sekulako anaiarteko giroa; beroa eta emozioz beteta. Hura zalaparta! Hango iskanbila! Denok batera berbetan, builaka mintzo behar aldamenean zenuenarekin. Oholtzan igota, dozena erdi bat lagun, hizlari bakarra. Basomutil baten itxura hartu nion hizlari bizargorriari. Koadroaz osatutako franelazko alkandora, ukondoraino bilduta, zerrategietako langilearen planta zuen, Errezilgo (Gipuzkoa) baserritarra zela esan zitekeen

     Hizketan ari zela, esaldia bukatzear, hango txistu eta esku-zarta! Langileria baturik, jatorri ezberdinetako partaideak eta, tartean gu, euskaldunok. Grebalari guztien artean, New Hampshireko paper lantegietakoak izan ezik, geu ginen beteranoenak. Egun hartan, Handem herrian, historia egiten ari ginela sentitu nuen nire barrenean.

 Antolakuntzatik esan zioten Ezpeletari komenigarria izango litzatekeela guretako batek, gaztelaniaz hitz batzuk esatea oholtza gainetik. Izan ere, aretoan hainbat latino jatorrizko langile zelako. Estimatuko luketela euren hizkuntzan hitz batzuk  entzutea.

   Halakoetan —lehen ere gertatu zen— Ricky Lasaren (IJAPAko lehendakaria) parte hartzea ezinbestekoa izaten zen. Hain justu, ikaragarri gustukoa zuen jende aurrean nabarmentzea. Plazagizona eta planta ederrekoa izateaz gain, hazi egiten zen jende aurrean. Lasa, ordea, Washington-era joana zen, Espainiako enbaxadako diplomatiko batekin biltzera. 

    Ezpeleta niregana hurbildu zen. Aretoko izkina batera eraman ninduen. Belarrira —seminarioan ikasitako estiloan— zuri-zuri, gozo-gozo, barre txikian. Ni nintzela egokiena oholtza gainera igotzeko, latinoek eskertuko luketela. “Atera kontuak, Iñaxio, zenbat komunikabide dauden. Prime time-en aterako gaituk”, erregutu zidan.

    Charles Chaplinen filma bat etorri zitzaidan gogora, “Tempi Moderni”, Milanen (Italia) jokatzen nengoenean ikusitakoa. Eszena batean, oker ez banago, oso ondo ez banaiz gogoratzen, estolda batetik ateratzen da Charlot. Lurretik jasotzen du bandera gorri bat, manifestari batek galdutakoa. Haien atzetik doala, bandera gorria eskuan, beste multzo bat hurbiltzen zaio gibeletik. Poliziak atxilotu egiten du Charlot.

     Ni ere, jaka gorriz jantzita, kapelu gorria buruan, konturatu orduko oholtza gainean ikusi nuen nire burua. Urduri jartzeko betarik gabe. Ehunka lagun, behean, denak niri begira. Nik zer esango.

     Konortea galdu edo amets gaizto bat bizitzen. Protagonista, protagonismoa bilatu gabe. Zerrategiko ordezkaria sumatu nuen nire aurkezpena egiten. Urrutitik helduko bailiren hitz solteak… jai-alai players, strike, Basque heroes… Bai, gutaz ari zen. Kameren argiek eta argazkilarien flashek itsutu ninduten. Isildu zen hizlaria eta, nonbait, nire txanda izan behar zuen. Baina ni, mutu, izoztuta, ehunka lagun, behean, niregan begiak josita. Ez dakit bertsolariak oholtzaren gainean zer sentitzen duen gaia eman eta gero, isilune horietan, burumakur, denek zain, zerekin ekingo dion… Ez zen nire plaza, baina, ezin bertatik ihes egin.

     Halako batean, hasi nintzen zerbait esaten. Gaur da eguna, ordea, ez dakidala zehatz-mehatz zertaz aritu nintzen. Beste baten gorputzean sartuta banengo bezala sentitu bainintzen. Ez ni, beste bat, arituko balitz bezala hizketan nire ordez. Entzuten nituen gauzak ezagunak egiten zitzaizkidan. Nazioarteko Brigadak, Victor Jara, Allenderen Txile… Zarauzko Zinema pilotalekuko mitinetan Ortziri eta Esnaolari entzundakoak. Baita esloganak: “Herri elkartua ez da inoiz zanpatua izango”…  “Duintasunak ez du mugarik ezagutzen”… ¡”Gora langileria elkartuta!”… Sacco eta Vanzetti ere, sartu nituela zaku berean, uste dut. Txistu eta txalo artean sumatzen nuen beste ni hura. Ezin gelditurik, trenak abiada hartzen duenean bezala, balaztari sakatu gabe, aurrera eta aurrera…

    Ezpeletak atera  ninduen trantze hartatik, oholtzan bertan. Besarkada bat eman eta esanez:  “Hori duk, Iñaxio!… Lortu diagu!”.

    Zorabiatuta jaitsi nintzen oholtzatik, non nengoela jakin gabe. Lankideek besarkatzen nindutela, kazetariak mikroekin eta kameren flashekin, osatutako laino batean.