Enekoitz Esnaola

Hilabetea: apirila 2015 (Page 1 of 3)

Josu Urrutikoetxearen gutun hura

Gaur Eusko Legebiltzarrean Ibarretxe planari buruz-eta ari dira, EH Bilduren ekimenez. Legebiltzarrak 2004ko abenduaren 30ean onartu zuen EAEko Estatutu Politiko berria. Arnaldo Otegi SAko parlamentariak Josu Urrutikoetxea taldekide eta iheslariaren gutun bat leitu zuen. Hemen pasarte batzuk eta gutuna bera.

– “Egun garrantzitsu honetan nire ahotsa eta ekarpena SA taldeko beste kideen lanari gehitu nahi nion”.

– “Alderdi guztiak kontziente dira egungo markoaren agorpena geroz eta nabariagoa dela. Eta testuinguru horretan, ezker abertzalearen urte luzetako borrokaren lorpenak agerian geratzen ari dira. Larrutik ordainduta bada ere. Ezker abertzaleak autodeterminazio eskubidea lortzeko prozesu baten alde egin du betidanik. Hori izan da gure borroka eta proposamen politikoaren muina”.

– “Herri galdeketaren alde egiten ari gara, akordiorako aukeraren alde. Gatazkari guztion artean konponbidea ematearen alde, alegia. Ez litzateke zentzuzkoa aukera horri interes partidisten arabera ateak ixtea”.

– “Gaurtik aurrera, denon artean egin beharreko bide bat zabaltzea proposatzen dugu. Eseri gaitezen, eta adostu dezagun guztion artean hori egiteko prozesua Aurrebaldintzarik gabe, ikuspegi hertsirik gabe, baina mugarik gabe ere bai”.

(Gutuna osorik, behean. Klikatuta handitu daiteke irudia)

urrutikoetxea

Gernikan EA-EAJ…

Gernika-Lumoko udal hauteskundeetan, siglei kanpotik begiratuta bederen, koalizio nahasgarri bat doa: EA-EAJ. Ez da EAk EAJrekin bat egin duela, EH Bildun baitoa, baizik eta Jose Mari Gorroño EAko kidearen taldeak Euzko Abertzaleak izena duela; laburdura, EA… Gauzak zer diren: EAJk Eusko Legebiltzarrean, eta Espainiako Senatuan eta Kongresuan dituen taldeek Euzko Abertzaleak dute izena. Hego Euskal Herrian oraingo bozetan ez da beste Euzko Abertzaleak talderik aurkeztuko.

EA Eusko Alkartasuna bere baitan duen Bildu koalizioko alkatea da Gorroño, udal webak erakusten duenez. Oraingoetarako EH Bilduk alkategai ez zuenean hautatu, hark bere taldea ateratzea erabaki zuen. 2007tik da Gernikako alkatea: orduan EA bere kabuz aurkeztu zen, eta ANVren babesarekin lortu zuen Gorroñok alkatetza. 2011n, Bilduko zerrendaburua izan zen, eta gehiengo osoa lortu zuten. Orain EAJrekin koalizioan doa. EAk berak ere egin ditu sozio aldaketak azken urteetan: EAJrekin joan izan da hauteskunde batzuetan —sekula ez, ordea, Gernikako udal bozetan—, (EH) Bildukoekin gero. Bai Gorroñok, bai EAk eskubidea daukate nahi duten bidea hautatzeko, baina Gorroñok orain EA siglak jartzea bere udal taldeari…♦

Rafa Diez, ingelesari emanda

Kartzelan presoak denbora ugari izaten du, eta Rafa Diez, esate baterako, ingelesa ikasteko ari da baliatzen. Duela hilabete batzuk lagun bati gutun luze bat ingelesez idatzita bidali zion. Lagun haren arabera, maila ona du Diezen ingelesak, eta “ausartzen da gai korapilatsuak ere hala idaztera”.♦

Rafa Diez eta ‘kontsulta eskubidea – erabakitzeko eskubidea’

Rafa Diezek gaur BERRIAko elkarrizketan: “EAJk 1979koaren moduko bide bat zabaldu nahi du PSOEren gobernu aldaketa baten peskizan. Horrek aukera emango lioke beste estatus bat negoziatzeko. (…) akaso, [PSOEk EAJri] kontsulta lege bat eskainiz erabakitzeko eskubidearen ordezko batekin”. Rafa Diezek ‘kontsulta eskubidea – erabakitzeko eskubidea’ bereizketa hori 2008an Herri Irratiko kolaborazio batean ere egin zuen, esanez PSE “estatutu erreforma eskaintzak” eginez ikusten zuela, “ustezko kontsulta eskubide batekin adornatuta, erabakitzeko eskubidearen suzedaneo gisa”. 2006an Gara-ko iritzi artikulu batean zehatzago azaldu zuen aldea. Idatzi zuen bi kontzeptuak nahasteko saio bat zegoela, eta arrazoitu zuen: “El derecho a decidir lleva implícito el reconocimiento de un sujeto político y el carácter vinculante del pronunciamiento aunque colisione con el ordenamiento constitucional de los estados. Al contrario, el derecho a consulta sería la capacidad administrativa de los actuales ámbitos institucionales de requerir la opinión de su ciudadanía, sin efectos legales vinculantes y, por supuesto, sin afectar a las soberanías y al mantenimiento del sujeto único español a través del modelo autonómico vigente”. 1979an EAEn utzi zuten egiten erreferendum ez-haustaile bat.♦

8719600510 pinagatik

Gaurko BERRIAn Arnaldo Otegi presoari buruzko kontuak dakartzagula-eta, Jesus Egigurenek Lizarrustiko juntadizoko tarte batean kontatua da: “2012ko maiatzean Parisen izan nintzen, Hollandek presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen egunean PSren kuartel nagusian bozak jarraitzen. Gonbidatu egin ninduten, eta ikurrina eta guzti joan nintzen. Bueltan Parisko aireportuan segurtasun gunetik pasatzean, makina pi-pi-pi hasten zen. Pasatu, eta zarata. Ez nekien zergatik zen. Kendu metalezko trastoak, eta zarata, halako batean ohartu nintzen arte: galtzetako poltsikoan behera, Otegiren preso zenbakidun pina neukan [8719600510]. Poliziei ez nien azaldu zer zen; bestela, oraindik han egongo nintzen…”.♦

“…erruen banaketa baino”

Euskal gatazkako biktima mota desberdinek eta bestek bat egin dute Azpeitian ere. Atzo izan zen bizikidetza taldearen aurkezpena, Sanagustin kulturgunean. Bi orrialdeko mezu baten berri eman zuten. Azken pasartearekin geratzen naiz, joan den igandeko analisia osatu nahian bezala:

“Gure aldetik Azpeitiko herritarroi helarazi nahiko genizuekeen mezua honako hau da. Gu, onenak izan gabe, egin duguna egiteko gai izan bagara, Azpeitia osoa ere gai dela, Euskal Herria ere gai dela. Gure herriak pairatu eta pairatzen duen biolentziazko historiari irtenbide bat emateko, inportanteagoa dela erantzukizuna errua baino, inportanteagoa dela sufrimendua ideologia baino, inportanteagoa dela etorkizun konpartitu hobea egiteko ahalegina iraganeko erruen banaketa baino. Guzti hau, norbanakoarengan eta bestearengan sinestea ezinbesteko dela jabetuz egin daitekeela, elkartzen gaituen gizatasuna azalaraziz. Aurrera begiratu behar dugu, gertatutakoa ahaztu beharrik gabe eta gorrotorik gabe. Belaunaldi berriek gertatutakoa ezagutu behar dute, berriro errepika ez dadin”.♦

Bateraguneko aurrenak, urriaren 11n kalera

Gaurko BERRIAn 18/98 auziko Orain SA ataleko presoen irteera datak eman ditugu, eta hemen Bateragune auziko bost zigortuetatik kartzela utziko duten aurrenen irteera datak: datorren urriaren 11n aterako dira espetxetik Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto, Mirenen aita Patxik esan digunez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigor epaiko kartzela urteak pixka bat jaitsiz, Gorenak hirurei sei urtekoa ezarri zien 2012ko maiatzean. 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten haiek ere. Aurtengo urriaren 12an beteko lirateke kondenako sei urteak baina, sei urteotan bat bisiestoa izan denez (2012koa), egun bat lehenago aterako dira kartzelatik: urriaren 11n. Eskerrak bisiestoari, beraz…

Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi sei urte eta erdiko kartzela jarri zien Gorenak. Otegi, normalez, datorren urteko apirilean utziko dute aske. Diez ez, “egoera pertsonal-familiarrengatik” orain arte besteek baino ia hamazazpi hilabete gutxiago egin dituelako preso. 2017ko abuztu-irailera arte egongo da kartzelan.

Dena dela, bost lagunentzat zigorra ez da bukatuko kartzela uztean: Zabaletak, Rodriguezek eta Jacintok zortzi urteko inhabilitazioa dute; Otegik eta Diezek, hamarrekoa.♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑