Enekoitz Esnaola

Hilabetea: maiatza 2015 (Page 1 of 4)

Emendatzeko alternatibak

BERRIAko analisiaren (2015-05-30) laburpena: Igandeko foru hauteskundeak kontuan hartuz gero, EH Bildu koalizioa Euskal Herritarrok-en (EH) 1999ko zenbakietara itzuli dela esan da, eta galdetu ez ote den koalizio izatearen balioa galtzen ari. Boto kopurua antzekoa da (orain +14.000 boto). EH Bilduk EHrekiko jauzia, batik bat, kualitatiboki eman du. Izan ere, Bizkaian salbu, posizio hobean da bere proiektua garatzen joateko. Dena dela, aldaketa politiko eta sozialerako zifra eta posizio onak alferrik lirateke ez bada lehentasunik, ez bada kultura politiko zabalik eta apustuari ez bazaio luzaroan eusten. Iparraldean ezkerreko abertzaleek-eta orain dela hamahiru urte sortu zuten Batera plataforma, lehentasun jakinekin (Laborantza Ganbera, lurralde kolektibitatea…) eta lan partekatuaren aldeko izaerarekin sortu ere.♦

Euskal esparru komunikatiboa

2003ko udal hauteskundeetan Lizartzan EAJren alkategai zen Joseba Egibar, eta azalpenak ematera joan zen lizartzarren aurrera. Hango batek DVko zerbait irakurri zion, eta Egibarren erantzuna: “Harritzen nauena da jendeak hainbeste irakurtzea DV, baina lehenengo eta behin esan behar dudana da nik ez erosi eta ez irakurri egiten dudala, eta nik DVri azkeneko lau urte eta erdiotan ez diot inolako adierazpenik egin, ez elkarrizketarik, ez zeharkako adierazpenik, hala erabakita dudalako. Gero [DVren artikuluetan] fuentes aipatzen da, eta herri honetan dagoen gizonik garrantzitsuena señor Fuentes da; Fuentes-ek esaten ditu eta egiten ditu gauza guztiak”.

Uztarriaren liburu batetik jasotako pasadizoa da, Gipuzkoako 2011-2015 legealdia eta abarrak gogoan. EAJk sufritu izan zuen lehen, Egibarren erantzunaren arabera. Bilduk sufritu berri du. Eta Nafarroan, gobernu berriak sufrituko du DNrekin. Herritarrek erabakitzen dute zer egunkari etxeratu. Euskal esparru komunikatiboa indartsuagoa izan dadin baldintzak ereitea, haiek bakarrik ez.♦

Hauteskunde zikloak

BERRIAko analisiaren (2015-05-23) laburpena: Esaten da herri honetan beti gaudela hauteskundeetan eta, beraz, alderdiek euren interesak herri interesen gainetik jartzen dituztela maiz. Interesena erlatiboa izan daiteke haien balorazioa egitean, baina hauteskundeena ez da egia. Hauteskunde lehiarik gabeko aldi luzea izan da. Baina gatazkaren ondorioez ez da elkarrizketarik hasi gobernuekin, eta euskal presoen egoera lehen bezain larria da. Bada esan bat: politikari batek hurrengo hauteskundeetan pentsatzen du; estatista batek, hurrengo belaunaldian. EAJk eta Sortuk oraingo boz hauen ondoren ekingo diote berriro elkarrizketari. Diotenez, blindatuta daukate harremana. Dena dela, ikusi beharko da hauteskundeon ostean Gipuzkoako edota udal batzuetako gobernu itunek zenbateraino okertzen duten giroa. Edo Nafarroakoak zenbat argitzen.♦

Kultura, modu naturalean

‘Donostia 2016’ izan zen, astelehenean, Gipuzkoako foru hautagaien eztabaida saioko blokeetako bat. Xabier Olano (EH Bildu), Markel Olano (EAJ), Denis Itxaso (PSE) eta Juan Carlos Cano (PP), ñabardurak ñabadura, alderdiak eta instituzioak kultur eragileak bailiren aritu ziren. Iosu del Moral Ahal Dugu-ko hautagaiak ekarri zuen freskotasuna diskurtsoan: bera kultur arloan dabilen bat dela, kulturari “modu naturalean garatzen” utzi behar zaiola, eta erakunde publikoek egin behar duten bakarra dela hura babestea eta baliabideak jartzea. Besteak ez daude horretan; kultura kontrolatu egin nahi dute politikoki —dela Donostia 2016, dela Tabakalera…—, gero teknikariengan uzteko lanaren pisua.♦

2011ko foru bozak, erabakitzeko eskubidea

Hego Euskal Herrian 2011ko foru hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten indarrak:

2011b

Euskal herritarren erabakitzeko eskubidea: 

Alde:        791.004 boto   (115 eserleku, %56,65)
Kontra:    521.552 boto    (88 eserleku, %43,35)

Baliteke igandeko hauteskundeetan alde hori handitzea. Gehitu horri, adibidez: 1. Nafarroan aldaketa historikoa eman daiteke. 2. ETAren jarduera armaturik ez da. 3. Europan estaturik gabeko nazioen aldeko giroa dago berriro.♦

Berdintasunaren partidaren hasiera

BERRIAko analisiaren (2015-05-19) laburpena: Arraro egiten dena da EAJk, PSEk eta PPk Bilduren foru gobernuari leporatzea legealdi honetan “kontsentsu denak hautsi» izana. Ezker abertzale ofiziala legez kanpo eta Batzar Nagusietatik at zegoen garaiko kontsentsuez ari dira, jakina. Kontsentsu haiez hitz egitean, badirudi batzuk ilegalizazio aroan instituzionalki eroso zeudela. Orain lau urte, herritarrek demokratikoki hala erabakita, aldaketa handi baten hasiera gertatu zen; batik bat, Gipuzkoan. Orain, ETArik eta legez kanporatzearen mamurik gabeko egoera egonkorrago honetan, 2011ko aldaketa sakonduz ziklo bat has daitekeen edo parentesi hori itxiko den herritarrek eta bozen ondorengo itunek erabakiko dute. Baina hemen, berdintasun aldetik, partida duela lau urte hasi zen.♦

Cayo Lara Donostian

Hauteskunde kanpaina batean politikarien artean oso ohikoa ez den prentsaurrekoa izan da Cayo Lara Espainiako IUko koordinatzaile nagusiak gaur Donostian egindakoa, segidan ia ordu erdi batez aritu delako gai bati buruz hizketan (egoera ekonomikoaz); sakon aztertu du. Bukaeran aipatu du “hemen” [Espainiako Estatuan] behar dena “erreforma enpresariala” dela, eta IUren proposamena aletu du: iruzurra borrokatu; irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak egiten badira horiek delitutzat hartu; ustelkeriarekin lotutako enpresarien aurkako neurriak hartu; euren langile denei alta eman enpresariek; irabaziak ekonomia “produktiboan” inbertitu, eta ez “espekulatiboan”; sozietateen gaineko bestelako zerga mota bat… Lara ez da prentsaurrekora joan propagandarako mezu hutsalak botatzera.

Ustelkeriari buruzko pasadizo bat ere kontatu du, berari gertatutakoa: “1979an zinegotzi hautatu ninduten nire herrian [Argamasilla de Alba, Ciudad Real, Espainia], eta festetan auto elektrikoetan ibiltzeko fitxak oparitu zizkidan gizonezko batek. Ezetz esan nion, langile bat nintzela eta nire ahalmenaren arabera ibiliko zirela edo ez gure umeak auto elektrikoetan, eta Kultura zinegotzi izateagatik ez nituela fitxa haiek opari behar. Gizon hark erosi egin nahi ninduen, festetan urtero jar zitzan auto elektrikoak. Garrantzi txikiko ustelkeria kasu bat zen, baina gutxirekin hasten da eta askorekin bukatzen”.♦

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑