Nafarroako EH Bilduk iragarri du Kontsulta Legea proposatuko duela hurrengo legealdian. Hauek lirateke lau ereduak: izaera orokor edo sektorialeko herri kontsultak; Nafarroako lehendakariaren edo gobernuaren jarreraren ingurukoak; foru legeei buruzkoak; eta udal esparrukoak. Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainean onartu zuen Kontsulta Legea, euskal gatazkara mugatutakoa; “bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio prozesu bat irekitzea” zuen xedea (Bi Kontsulta Lege, bi bide). Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2008ko irailean debekatu egin zuen EAEko egitasmoa (Espainiako Konstituzioa parean), erraz ulertzen den argudio bat emanda: “Espainol Herria da nazio subiranotasunaren jabe bakarra”.

Azken beltzean, “izaera orokorraz” hemen benetan falta dena ez da lege edo arau bat, Espainiako Konstituzioko laugarren xedapena hor baden arren (behean, xehetasunak*). Edo Jule Goikoetxeak dioena: “Falta zaiguna ez da eskubidea, erabakia da”. ♦

ESPAINIAKO KONSTITUZIOA

Aldibaterako laugarren xedapena:

1) Nafarroaren kasuan, eta berori Eusko Kontseilu Nagusian edo horren ordezko izango den euskal autonomia-araubidean [Gernikako Estatutua] sar dadin, Konstituzioaren 143. artikuluak ezartzen duena bete beharrean, foru-organo eskudunak [Nafarroako Foru Parlamentua] izango du ekimena; organo horrek erabakia hartuko du, bera osatzen duten kideen gehiengoz. Ekimen hori baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa izango da, gainera, foru-erakunde eskudunaren erabakia referendumaren bidezberrestea; horretarako beren beregi deialdia egin beharko da, eta, baliozkotasunezemandako boto guztietatik, gehienek onespena eman beharko dute.

2) Ekimenak aurrera egiten ez badu, hori ezin izango da errepikatu foru-erakunde eskudunaren agintaldi berean, beste batean baizik, eta, edozein kasutan, 143. artikuluak ezartzen duen gutxieneko epea igaro arte [bost urte].

NAFARROAKO FORU HOBEKUNTZA

Bigarren xedapen gehigarria: Parlamentua izango da foru organo eskuduna zeregin hauetarako:

a) Konstituzioaren aldi baterako laugarren xedapenean jasotako ekimena gauzatzeko.

b) Nafarroak, autonomia erkidego batean sartzen bada, bertatik bereizteko ekimena gauzatzeko.

GERNIKAKO ESTATUTUA

2.2 artikulua: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde historikoek, gaur egungo probintzien muga berberetan, osatuko dute Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren lurraldea; baita Nafarroakoak ere, baldin eta Konstituzioaren aldi baterako laugarren xedapenean finkatutako jardunbideari jarraituz partaide izatea erabakitzen badu.

*Iturria: 2004-06-13,  Imanol Murua Uria, BERRIA