enekoitz esnaola
Eusko Jaurlaritza berria. ANALISIA

Edo Toshack-ena

2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
EAJ-PSE bikotea legebiltzarrean gutxiengoan dela-eta (75 ordezkarietatik, 37), Mendiak nabarmendu du Jaurlaritza batzuk lehen ere egon izan direla horrela. «Esan dute itun hau ez dela nahikoa, baturak ez duelako gehiengo osorik. Nik uste badela nahikoa. Euskadiren historiak erakusten du hori», zioen Mendiak asteazkenean, inbestidura saioan. Datuetan ez zebilen oker PSEko idazkari nagusia, baina, etor daitekeenagatik, gerta daiteke Jaurlaritza hau orain artekoen aldean egoera desberdin batean izatea.

Frankismo osteko «Euskadiren historiari» begiratu bat ematen hasita, lehen bi legealdietako Jaurlaritza (EAJ) gutxiengoan egon zen: 1980-1984an 60 legebiltzarkideetatik 25 eta 1984-1986an 75etik 32. Baina bazuen bermerik egonkortasunerako: babes instituzional, politiko eta sozial esanguratsuarekin hasi zen Gernikako Estatutua gauzatzen eta garatzen.

1987-1998 bitartean Lakuan EAJ eta PSE egon zirenean, Ardanzaren Jaurlaritzak 1991tik aurrera, bazkide EE edo EA ere bazituela, gehiengo osoa eduki zuen (1987-1991n, berriz, 36 aulki). Funtsean, aurreko gobernuen antzeko izaerakoak ziren haiek; han ez zegoen aurrerabide politikorako proposamen kualitatiborik.

«Ibarretxek hamar urtean gidatu zituen hiru gobernuak ere gutxiengoan egon ziren, hiru alderdiko koalizioa izan arren», zioen Mendiak. Zehaztuz, 1999-2001ean, Ibarretxeren lehen legealdian, EAJk eta EAk osatu zuten Jaurlaritza (27 aulki, EHren kanpo babesarekin), eta 2001-2009an, EAJk, EAk eta EBk (36 eta 32). Eduki zuen batasunik estatutu politiko berria (2004) eta Kontsulta Legea (2008) egiteko eta legebiltzarrean aurrera ateratzeko. Madrilgo horma topatu zuen gero.

Mendiak oroitu zuen 2009-2012ko Jaurlaritzak (PSE-EE) ere ez zuela gehiengo osorik ukan (25), «nahiz eta politika jakin batzuetarako kanpoko babesa izan zuen». PPrena zen babes hori; konstituzionalismoaren bermea. Izan ere, Espainiako Estatua dena emanda zebilen ezker abertzalearen aurka (legez kanporatzea...), eta, azken batean, abertzaletasunaren kontra, EAJ aurreneko aldiz Jaurlaritzatik bidaltzeraino.

Azkeneko Jaurlaritza (EAJ) ere gutxiengoan egon zen (27), baina, gobernabidera bideratu zituenez indarrak, duela hiru urte PSErekin akordioa egin, eta arazo handirik gabe gobernatu zuen.

Oraingoan ere gutxiengoan dago gobernua (EAJ-PSE). Dena dela, nahikoa egonkortasunarekin hasi du legealdia, eta ematen du datozen hilabeteetan hala jarraituko duela: 2017ko aurrekontuak;enplegua eta ekonomia plana...

Ordea, agintaldian Jaurlaritza baldintzatu dezaketen bi osagai jar daitezke mahai gainean. Lehena, murrizketa sozialak. Bruselak Espainiako Gobernua milaka milioi euroren murrizketak egitera behartu dezake, Moncloak erkidegoei pasatuko lieke faktura,Lakuak hiru diputazioei, eta diputazioek udalei; kaltetuak, herritarrak. Alderdi sozialista Jaurlaritzan, arlo identitarioari galga jartzeko ez ezik, alor soziala bermatzeko eta bultzatzeko sartu bada, ikusi beharko litzateke EAJ bazkidearekin zer jarrera hartuko lukeen murrizketa berrien aurrean. Jaurlaritza eta, oro har, euskal politika baldintzatzeko beste faktorea EAEko estatus politiko berria izan ahal da. EAJk aurtengo batzar nagusiko Batasuna eta Indarra txostena gauzatu nahi badu—«ezinbestekoa da Euskal Herria subjektu politikoan eta erabakitzeko duen eskubidean sinisten duten indar politikoek estrategia bat partekatzea zoru etiko-demokratiko batean, gutxieneko helburu batzuetan oinarrituta»—, krisia legoke Jaurlaritza honetan.

Hor denean, norberaren koherentzia politikoa gailendu beharko litzateke. Baina beti egongo da Toshack-ena egiterik. Hark bere artean esaten zuen partida txarren ondoren: «Astelehenetan beti pentsatzen dut hamar jokalari aldatu behar ditudala; astearteetan, zazpi edo zortzi; ostegunetan, lau; ostiraletan, bi; eta ja larunbatean pentsatzen dut betiko aluek jokatu behar dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.