Enekoitz Esnaola

Egilea: Enekoitz Esnaola (Page 5 of 47)

Osagarritasuna

Gure Esku herri dinamikak duela urtebete bukatu zuen Euskal Herriko estatus politikoari buruzko herri galdeketen zikloa. Sekulako lana eginda, hark sustatuta 207 kontsulta egin ziren; aurretik —2014an—, beste bi. 209 galdeketetan 218.248 lagunek hartu zuten parte, eta horietatik %90-95ek eman zioten baiezkoa Euskal Herriaren independentziari, euskal errepublikari edota euskal estatuari —tankerako galdera mota ugari egon zen—; hots, 200.000 lagun inguruk baietz. Gure Esku orain erreferendum baten eskaera euskal instituzioetara bideratzeko egitasmoarekin dabil, bere arloan lanean. 200.000 herritar haien borondateak, salbuespen batzuk kenduta, ez zuen jarraipenik izan tokian-tokian. Ehun mugimenduak jo du orain enbidoa: hala nahi duten udalerrietan, euskal errepublikaren aldeko eguna antolatzea datorren otsailaren 15ean. Oraingoz, 21 tokitan dituzte lotuak ekitaldiak: Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan. Zerrenda luzatu nahi dute. Bada proposamen bat hor; xumea, baina zehatza. Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakari berriak gogoeta interesgarria egin du BERRIAn: “Naziogintza garatu behar da, estrategia konfederalaz gain”. Hau da, euskal estatua lortze aldera egokia ikusten duela estrategia konfederala, baina Euskal Herria josten eta egiten segitzeko naziogintza ere behar dela —estrategia konfederalari ikusten dio Asurmendik “arrisku” bat: “Lurraldeen arteko arrakala handitzea”—. Osagarritasunaren beste formula bat: zoru demokratikoa lantzen segitze aldera autodeterminazio/erabakitzeko eskubidea lantzen segitu bai, baina, hala nahi duenak, Euskal Herriaren independentzia, euskal errepublika edota euskal estatua lortze aldera dinamika sozial berriak ere bai. Kasurako, Ehun. Ez da egun batetik bestera sortu den mugimendua, eta, momentuz, otsaileko ekinbidera begira eratu da. Orduan baloratuko du aurrera begira beste forma bat hartu ala ez, eta, hartzekotan, nolakoa.♦

Lehentasuna

BERRIAko analisia (2019-11-5): Espainiako Erresumako lurralde politikaz —erran nahi baita, lurralde auziaz— PSOEk lehen ere ez zeukan sinesgarritasunik —badirudi Loiolakoa ameskeria izan zitekeela—, baina aurreko astean gertatu zena esperpentikoa izan zen: boz kanpaina hasi bezperan, PSOEren gobernu programan ez zetorren ezer berak 2017an onartutako estatuaren nazio aniztasunaz, eta ez zetorren deus berak 2013an konstituzioaren erreforma federalaren proposamenaz ebatzitakoaz; PSC kexatu egin zitzaion, eta Pedro Sanchezek azkenean sartu ditu bi asmo horiek, esanez kanpaina bezperako dokumentua zirriborro bat zela. Ikusten da PSOEk zer garrantzia ematen dien nazio aniztasunari eta federalismoari: estatua krisi betean dela, supituki erabaki du halako auzi garrantzitsu bat gobernu programan sartu ala ez, eta, kanpaina hastear zela, PSOEren hautagaitzan PSC bezalako egitura batek ez zekien ea nagusiak programan sartuko zituen bi asmoak.  Sanchezek Moncloan jarraitu ahal izateko euskal eta katalan diputatu subiranisten abstentzio baldintzatua edo babesa beharko balitu ere, ez dirudi PSOErekin inolako zereginik dagoenik nazio aitortzari eta eskubideei begira. “Autodeterminazioa” da Llotja de Marreko adierazpeneko aurreneko puntua; hor datza subiranisten ipar edo hodeiertz nazional eta politiko askea, baina, gaur-gaurkoz, katalanek eginkizun dute, 2017ko urriaren 1ean oinarrituta, proces-a berreraikitzea, eta euskaldunek, prozesu baten hasiera hezurmamitzea. Bitartean, Llotja de Marreko adierazpenean lehentasuna hirugarren puntuak luke: “Preso politikoen askatasuna eta eta erbesteratuen itzulera”. Autonomia zulatu bat kudeatzeaz gain, Madrilen jokalekua, egotekotan, kartzela frontean dago. Katalanek beste bateratasun bat daukate hor ere.♦

Frantziako koadro juridikoa

Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiko aretoak ez du baldintzapean aske utzi Frederic Haranburu euskal presoa (65 urte ditu; ia 30 daramatza kartzelan), hura libre uztea ordena publikoa “azkarki trabatzea” litzatekeelakoan, eta uste du “arriskua” litzatekeela ETAk jardun armatua berriro hartuko balu. Hala dio, 2019aren hondarrean. Auzitegi horrek ez ditu kontuan hartu Maritxu Paulus Basurco defentsa abokatuaren argudioak, eta, sistema judiziala estatu aparatu bat izan arren, ez du kontuan hartu ETAren armagabetze egunean (2017-4-8) Bernard Cazeneuve Frantziako orduko lehen ministroak ateratako prentsa agiri esanguratsua (behean); eta ez du kontuan hartu iazko urriaren 1ean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin batera Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak ETAren bukaera ofizializatzeko egindako agerraldia (behean). Haranbururen kasuan ere, partida ez da bukatu. Hor dago, esaterako, zigorrak kommutatzeko aukera —bizi guztiko kondena 30 urtera ekartzea—; Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hartu beharko luke erabakia, eta haren Justizia aholkulari berria Helene Davo da, ETAren bukaera ofizial egiteko ekitaldi hartan estatu kondekorazioa jaso zuen bera. Euskal ordezkaritzak fase berri batera pasatzeko nahia agertu du, “non koadro juridikoa bake prozesurantz eramanen dugun”.♦

Continue reading

Ibon Etxezarretaren gogoeta

Joan den astean estreinatu zuten Zubiak dokumentala, Donostiako Zinemaldian, Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasaren eta Langraiz bideko euskal preso Ibon Etxezarretaren aurrez aurreko elkarrizketa filma —dena hori ez den arren—. Etxezarretak esaten du sentitzen duela Jauregiren-eta hilketetan parte hartzea, indarkeriaren erabilera kritikatzen du, ETAren biktimekin abiatutako prozesua estimatzen du, eta euskal presoen urruntzeaz eta Euskal Herriratzeaz egiten du gogoeta bat; hauxe (euskarara itzulia): “Huelvako kartzelan zaude, edo Badajozen —han egon nintzen ni—, eta kezka hauek dituzu eta pentsatzen duzu gustatuko litzaizukeela parte hartzea, baina nola egiten duzu? Hemen bazegoen diferentzi bat, niretzat oso garrantzitsua zena: Langraizera etorri ginenean, jartzen zenuen irratia, eta Euskadi Irratia genuen —Euskaditik kanpo ezin zen entzun—; jarri telebista, eta ETB genuen; egunkari gehiago genituen, irrati kate gehiago, eta hemengo gaiez hitz egiten zen. Zu mila aldiz entzun izan zaitut; Badajozen egon izan banintz, sekula ez zintudan adituko. Esaten dudanean sakabanaketak ez duela inolako zentzu positiborik presoen eboluzioan, horretaz ari naiz. Guk hemen bagenekien Euskadin zer gertatzen ari zen”.♦


(irudian, Ibon Etxezarreta eta Maixabel Lasa, Zubiak filman, Legorretako elkarte gastronomiko batean)

Euskal presoak, auzi politikoa

BERRIAko analisiaren (2019-9-25) laburpena: Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman. Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola? Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, “Herrialdearen hiru erronka nagusien” artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —”demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa” planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela. Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.♦

Eskubia hor dago, orain ernai dago

Gaur gauerdian bukatuko da Espainiako Estatuko legealdia, bihar desegingo dituzte Gorteak, eta bihar bertan deituko, haien agerkari ofizialean, datorren azaroaren 10eko Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Eta estatuko eskubia hor dago, orain ernai dago, bozetan jarria dauka konpainia… Badu masa elektorala, 10,5 milioi boto-emaileko oinarria —behean, azken bi hamarkadetako lau erreferentzia—; eta badu —eta hau inportantea da— berriz ere Moncloara iristeko itxaropena. Egingo dituzte aurrez eta ondoren —balizko aukera baliatzeko— batzeko saioak.

Olaso Dorreko mahaia

Arnaldo Otegi ere izan da gaur, Bergaran, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren aurkezpen ekitaldian, Olaso Dorrean, eta eraikinaren bisita gidatuan bere inguruan zituen batzuei aipatu die halako mahaitan aurkeztu zuela ezker abertzaleak 2003an Bergarako proposamena (mahaia behean, gaur ateratako irudian). “Espainiako hauteskundeetan Euskal Herriarentzat autodeterminazio eskubidearen alde kandidatura bakarra” osatzeko proposamena izan zen. Abenduaren 16an aurkeztu zuten, eta mahaiaren atzean ziren, lehen lerroan, Jon Idigoras, Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro, Arantxa Arruti; haien gibelean, Koldo Ormaetxea, Pernando Barrena, Emilie Laplazette eta Xabi Larralde. Handik hiru hilabetera tokatzen ziren Gorteetarako bozak. Ezker abertzalea ordurako hasia zen Jesus Egigurenekin-eta euskal gatazkaren konponbiderako bide berri bat urratzen, baina egoera zail batean ere bazen, legez kanporatzeagatik. Autodeterminazioa Madrilekin negoziatuko lukeen ordezkaritzaren aldeko proposamenak ez zuen irten aurrera. EAJk ez zuen ikusten. Olaso Dorreko 2003ko hitzordu hartan Otegirekin-eta hedabideak zeuden. Gaur, Andoni Ortuzar ere bazegoen han. Tankerako hautagaitza bat proposatzeko baldintzarik ez, ordea, gaur-gaurkoz.♦

 

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑