Enekoitz Esnaola

Egilea: Enekoitz Esnaola (Page 6 of 47)

Difamazioa

BERRIAn gaur argitaratu dugu Josu Urrutikoetxearen abokatuek Le Figaro Frantziako egunkariaren kontrako salaketa bat aurkeztuko dutela, difamazio delitua egotzita. Poliziak pasa den maiatzean Urrutikoetxea atxilotu ondorengo artikulu batean (2019-6-19) behintzat, Le Figaro-k idatzi zuen 1987an Zaragozako kuartelaren aurkako “erasoan parte hartu” zuela hark —11 lagun hil zituen ETAk—.

Xabier Arzalluz zenak 2001ean, artean EAJren EBBko buru zela, Prentsaren Auzitegia sortzeko eskatu zuen, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko”. Artikulu bat idatzi zuen Deia-n: “Guido Brunner enbaxadore alemaniarrak auzitegietan erabateko indefentsioa eta presio eta jazarpen mediatikoa jaso zuen, batez ere Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik, gobernu sozialistarekin eta Felipe Gonzalezekin zeukan harreman bikaina zela eta. Aldiz, Stern Alemaniako astekari indartsuak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanburgeko Prentsa Delituen aretoan. Hilabetera atera zuen epaia aretoak, eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita kalte-ordaina ere. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri orain dela urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’ nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”. Zenbat halako, eta denak ez hedabideen aldetik: gaur Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Espainiako Kongresuan bota du Arnaldo Otegik “atentatu terroristetan 54 katalanen sarraski batean [matanza, erabili du] parte hartu” zuela.♦

Hauteskundeak noiz jarri

Gaur Gara-k dakar Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak baztertu egiten duela Eusko Legebiltzarrerako bozak datorren azaroaren 10erako jartzea, Espainiako Gorteetarako balizko hauteskundeekin batera. Bi hitzorduak sekula ez dira izan egun berean, EAJri ez zaiolako komeni. Ildo horretan, Patxi Zabaletak Nafarroako azkeneko foru hauteskundeen ondoren iradokizun bat egin zuen Hamaika Telebistako elkarrizketa batean (7.22-8.55): “pentsatu eta mahai gainean jarri” behar dela Nafarroako foru bozak noiz egitea komeni den. Esan zuen duela zortzi urtera arte herrialdean, Foru Hobekuntzak agintzen zuenez, parlamenturako bozak udaletakoekin batera egin behar zirela, baina harrezkero ez, araudia aldatu egin zutelako, eta, ondorioz, pasa den legealdian Uxue Barkos gobernuburuak bazuela foru hauteskundeak udaletakoak baino lehenago deitzeko eskumena —batera izan ziren: maiatzaren 25ean—. EAEko adibidea jarri zuen Zabaletak: “EAJri ez zaio burutik pasatu ere egiten munizipalekin batera jartzea hauteskunde autonomikoak; [hauek] egiten ditu beti beste data batean. Hori komeni zaie, zalantzarik gabe, alderdi abertzaleei”. Izan ere, udal bozak Espainiako Estatu osoan egiten dira, eta horrek asko markatzen du agenda, eta fokua, Madrilen jartzen. Hurrengo baterako ideia, hurrengorik bada.♦

Familiak Josu Urrutikoetxeari lehen bisita, uztailaren 31n

Joan den maiatzaren 16an atxilotu zutenetik, Josu Urrutikoetxea euskal presoak hil honen 31n jasoko du bere familiaren lehen bisita, La Sante kartzelan. Frantziako Alpeetan atzeman zuen Poliziak, eta utuneroztik sendiak auzitegian baizik ez du ikusi. Ekainaren 19ko auzi saioan, Parisko Dei Auzitegiko epaileek baldintzapeko askatasun eskaera ebatzi zutenean, Egoitz eta Irati seme-alabekin ordu erdi batez egoteko aukera izan zuen. Epaileek aske uzteko ebazpena eman zuten orduan, baina Espainiaren atxiloketa eskaera bat gertatu zen eta preso segitu zuen. Duela bi hilabete pasa Sallanchesen atzematean, hango erietxe batera ebakuntza egitera zihoan Urrutikoetxea. Gaixotasun larri bategatik, egunak zeramatzan pixa ezin eginda eta ezin janda. Atxiloketaren ostean, urologoak esan zuen hilabete baten buruan egin beharko zitzaiola operazioa. Ez diote egin oraindik. Parisen zunda bat jarri zioten, hilabete bateko iraungitzearekin. Berriro jarri zioten zunda, eta, familiako iturrien arabera, uztailaren 15erako programatu zioten ebakuntzaren data, baina ez zioten egin, ez presoaren erabakiagatik, eta hirugarrenez ipintzekoak dira zunda, jada ipini ez badiote. Gainera, gutunik jasotzeke segitzen du. Horretaz guztiaz gain, ETAko militante historiko ohiarentzat juridikoki eta politikoki bi hilabete intentsu izan dira. Une honetan, hainbat auzi ditu zabalik: Espainiaren bi estradizio eskaera eta beste bi euroagindu; Frantziak bi epaiketa egingo dizkio ETAren egitura politikoarekin lotuta; seguruenez, abuztuan izango da baldintzapeko askatasunaz dagoen beste eskaera bati buruzko saioa —bihar izatekoa zen—; ekainaren 19an epaileek hartutako erabakiaz fiskalaren helegite bat Kasazio Auzitegian da… Notiziak egongo dira.♦

Udalerririk handienak

Duela lau urte, Hegoaldeko 10.000 biztanletik gorako 56 udalerrietatik 45etan zeuden talde abertzaleak alkatetzan. Orain, bost gutxiagotan. Ikusi konparazioa BERRIAko bi mapetan. Aipatzeko bi aldaketa daude. Aurrena, nagusia:  lehen, UPNk ez zuen alkatetzarik udalerririk handienetan; orain, haren koalizio Navarra Sumak sei ditu —Iruñekoa, Tuterakoa, Barañaingoa, Lizarrakoa, Burlatakoa eita Eguesibarkoa—. Beste aldaketa: EAJk EAEn sei alkatetza galdu ditu, eta seietan EH Bildu jarri da; dena dela, EAJk 24 alkatetza ditu erkidegoan, eta EH Bilduk, 11. 56 udalerri horietan bizi dira Hegoaldeko herritarren %66.

2015

2019

Zaharra berri Hegoaldean

BERRIAko analisiaren (2019-6-16) laburpena: Garden geratu da Hego Euskal Herriko norabide instituzionala, klarki ulertzen da: Nafarroan erregimena, EAEn EAJ-PSE. Alkateen inbestidura saioetan ikusi da bestelako kolorerik —batik bat, EH Bildurena, alkatetza ugari baitu; batzuk, udalerri handi samarretan—, baina norabideak zaharra du berri. Iruñean, Lizarran, Burlatan edota Barañainen, gobernu progresistarik ez; Sartagudako kasua, ankerra. Erregimenaren garaira itzuli nahi izan du PSNk, erreparorik gabe. (…) EBBk ez du jite horretako [EAJ-EH Bildu EAEn] gobernurik nahi, eta ez du gura, aldez edo moldez, herritarrek EH Bildu gobernu talde modura ikusterik. EAEko zirkulua ixtera doa EAJ hurrengo hauteskundeekin. Hegoaldeko politikan, azken urteetan nagusi izan dira instituzioetako jarduera —Nafarroan bazukeen esplikaziorik— eta demokratizazioa. Protagonismo handiegia bereganatu dute talde politikoek —eta, aldika, itxurakoa Gure Esku-k—, eta nahikoa alboan utzi dira nazio eraikuntza eta kohesioa. Beti dago premia hor, eta kontzientzia nazionala apalduz doa —zientoka adibideetako bat, atzo; EITBk: “251 euskal udal eratuko dira”—.♦

Nafarroa eta beste

BERRIAko analisiaren (2019-5-29) laburpena: Nafarroan dago foku nazionala. Talde abertzaleek indar instituzional txikiagoa izango dute agintaldi honetan. Baina politikan garrantzitsua da belaunaldika ere aztertzea gauzak, eta, abertzaleak baino ez dira igo azkeneko hogei urteetan: 11 puntu, 46.000 boto. Bilakaera hori ikusita, larritu egin zen UPN, eta horregatik eratu du Navarra Suma koalizioa. Itunen eta akordioen garaia dator Nafarroan orain. Ikusita PSN alderdi gisa, lider aldetik eta elektoralki (1999an —Moncloan PP zegoen— %20 zeukan, eta orain ere —Sanchez efektu eta guzti—, %20) ez dagoela etxafuegoak botatzeko moduan, eta UPNri beste lau urteko aroa gogorra egin ahal zaiola —gainera, Ciudadanosen eta bien arteko ikuspegi forala ez da bera, eta denborarekin kontraesanak sor daitezke—, abertzaleek badute joko taktikorako eta estrategikorako aukerarik: ez eman eskuinari gobernurik; sustatu Navarra Sumaren krisia; instituzioetan PSNren bidelagun izanik —Geroa Bai soilik?— eta zenbait kasutan bestelako harreman bat bilatuz, alkatetza batzuei eutsi, politika eta balio batzuk bermatu, ahalbidetu zenbait aurrerapauso… Uneotan erritmoa ez da arazoa, norabidea egokia bada, eta azken urteetako norabidea ez iraultzeko aukera badago. Betiere Nafarroakoa ez bada Madrilen erabakitzen.♦

Bideak

BERRIAko analisiaren (2019-5-25) laburpena: PSEk nahiko luke itun instituzionala gehiago zabaltzea, Denis Itxasoren hitzei erreparatuz gero: “Iruditzen bazaigu agenda sozialdemokrata Gipuzkoan ahalik eta toki gehienetan bete behar dela, hori modu koherentean eraman behar dugu EAJk eta guk, zenbakiek emanez gero, eta hor ere bi norabideetan gauzatu”. Ulertu ahal da: EH Bilduk gehiengo osoa ez duen kasuetan, haiek alkatetza hartu, ahal badute. Abertzaletasuneko bi familien artean tentsio handiko garaiaz barruntatzen dira; ohi bezala. (…) Hauteskunde lokalak eta foralak dira biharkoak; halakoetan (ere) pisu handia dute gai sozialek eta azpiegiturek, baina, hala ere, indar abertzaleek ez dute kasik azpimarratu herri euskaldun bat lortzen joateko ildorik, eta ez dute indar bat egin euskal nazioko udalerrien joskurarako planteamenduetan. Baina ez gaude Murtzian. Telesforo Monzonek 1976an, Zeruko Argia-n: “Ni ez nabil teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila nabil ni”.♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑