Auzi bat, ikuspegi desberdinak

Josu Urrutikoetxeak gehienbat ETAren hilketei buruzko galderak erantzun behar izan ditu 'No me llame Ternera' dokumentalean; maiz aipatu du «sentitzen» duela. Gainetik jorratu dute «gatazka».

Josu Urrutikoetxea —bizkarra emanda— eta Jordi Evole, No me llame Ternera dokumentaleaan. BERRIA.
enekoitz esnaola
Donostia
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun

Sailkapen bat egiten hasita, hiru etapa nagusi dauzka Josu Urrutikoetxearen ibilbideak: 1968tik 1989rakoa da aurrena, ETAko kide gisa aritu zenekoa —ia beti sasian—; 1989tik 2000rakoa bigarrena, preso egon zenekoa; eta, hirugarrena, berriz, 2002tik 2018rakoa, ETAko kide eta geroago haren ordezkari gisa bake eta konponbide politikoaren alde aritu zenekoa eta ETAren desegite garaikoa. Jordi Evole kazetariak No me llame Ternera (Ez nazazu dei Ternera) dokumentalean —Marius Sanchez da beste zuzendaria— hiru etapak aipatu ditu Urrutikoetxearekin (Ugao, Bizkaia, 1950) egindako elkarrizketa luzean, baina, batik bat, ETAren hilketei buruz galdetu dio. Batzuetan nahikoa estu hartu du. Urrutikoetxeak zenbait aldiz erantzun du «sentitzen» duela ETAk jendea hil izana, eta, horrez gain, erakundearen jarduera politikoki kokatzen eta konponbidearen aldeko lana azpimarratzen saiatu da. Auzi bat, film bat, ikuspegi desberdinak. Hain zuzen, atzo estreinatu zuten lana, Donostiako Zinemaldian, Kursaalean, prentsarentzat —aretoan ez zeuden kazetariak soilik—.

Espainiako klima politikoa zakar dagoela ikusita, eta filmaren hartzaile nagusia hango ikusleria izango dela jakinda, ez zen erraza izango Evolerentzat No me llame Ternera dokumentala apailatzea. Eta Urrutikoetxearentzat ere ez hartan parte hartzea, galdetegi zorrotza erantzun behar izan baitu, eta ez du aukera handirik izan Euskal Herrian «gatazka politikoa» dagoela azaltzeko. Dena dela, «Espainiako gizarteari» zenbait azalpen emateko baliatu du. Biek hartu dituzte arriskuak, eta biek izan dute ausardia.

«Beti besteek hitz egin dute niri buruz», esan du Urrutikoetxeak, dokumentaleko parte hartzeari buruz erantzuna ematean. Uste du «garaikur» gisa hartzen dutela, «irudi» bat eraikita. ETAren ibilbidearen ikurtzat jo izan dute, «buru historikotzat», «jeneraltzat», edota ankertzat. Kontakizun horri buelta ematen saiatu da. Kasu baterako, ukatu egin du ETAren zuzendaritzako kidea izan zela; esan du haren nazioarteko taldeko kidea izan zela, baina atal hori ez zegoela zuzendaritza barruan. Evolek ez du estu hartu hor.

Bestalde, Urrutikoetxeak argitu nahi izan du ez zuela sekula inor hil, eta ez zela poztu ETAk jendea hil zuenean. Dena dela, onartu du zerikusia izan zuela ETAk 1976an Galdakaoko (Bizkaia) alkate Victor Legorburu hil zueneko erasoarekin. Bi udaltzain zauritu zituzten.

ETAk eragindako mina

ETAk eragindako kalteaz eta minaz zer pentsatzen duen ere galdetu dio Evolek. Batetik, ihardetsi du etakide izan zenez, berak egindakoen erantzukizuna hartzen duela, ez diola izkin egiten. Bestetik, gaitzespena hitza aipatzeke, gertutasuna bilatu du ETAren indarkeria pairatu dutenekin, kaltea «benetan sentitzen» duela behin baino gehiagotan esanda. Aitortu du indarkeriaren «espiral horretan sentsibilitaterik eza» egon dela bi aldeetan, eta ez dela «enpatiarik» egon.

Ikusi gehiago:Josu Urrutikoetxea: «Gure gatazka politikoan tresna izan beharko luke komunikazioak»

Hain zuzen, Galdakaoko 1976ko atentatuan zauritu zuten udaltzainetako bat da dokumentaleko —ordubete eta 41 minutu irauten du— beste elkarrizketatua: Francisco Ruiz. Erasoaren ondoren etxekoek herrian «bazterketa» sufritu zutela dio, eta Euskal Herritik joan behar izan zutela. Eskertu egin du Urrutikoetxeak atentatuaren jakingarriak ematea, baina ez du uste hark «damurik» duenik eta azalpenak ematera joango zaionik. ETAren beste «330 hilketa argitzeko» eskatu du Ruizek, bide batez.

1987an Hipercorren (Bartzelona) eta Zaragozan (Espainia) eta 1991n Vicen (Herrialde Katalanak) bonba autoz egindako atentatuen kasuak aterata, Evolek, orduko irudiak erabiliz, Urrutikoetxeari galdetu dio ea ez al zen ETArena «terrorismoa», eta etakide ohiak erantzun dio ETAren indarkeria ez zela horrelakoa izan, «ez zelako indiskriminatuki aritu, jihadistak Londresko, Parisko eta M-11ko kasuetan bezala». Gaineratu du Hipercor merkataritza gunean ETAk abisua eman zuela — «baina kalkulu okerra egin zuen», Poliziak ez zuelako hustu eraikina—, eta beste bi kasuez, eraikinak Guardia Zibilaren kuartelak zirela eta ETAk jendaurrean ohartarazia zuela handik ateratzeko bikotekide eta haurrak. Besteak beste, ETAk umeak hil zituen eraso haietan. «Ez zuen gertatu behar». Gaia ateratzean, esan du Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko hautetsiaren hilketa (1997) ez zuela «ulertu».

«Erantzuna, errepresioa»

ETAren jarduera armatuaren zioa azaltzen ahalegindu da Urrutikoetxea, esanda Espainiako Estatuaren «erantzun bakarra errepresioa» zela, eta «gatazka politikoa» dagoela oinarrian; hots, Madrilek euskal herritarrei hitza ez ematea. Hala, «konponbidearen» alde aritu zen, adierazi duenez. ETAk 2011n eman zuen bukatutzat jarduera armatua; Urrutikoetxeak dio lehenago behar zuela horrek, eta 2005ean gertu ikusten zuela.

Euskal Herrian bestelako indarkeriarik ere izan da —GAL eta beste—, eta dokumentalean gainetik jorratu dute. Zehazki, hizpide dituzten ekintza horietako bat Urrutikoetxearen beraren eta haren familiaren kontrako atentatu bat da —«Espainiako Estatuarena»—, haren hitzetan, 1975ean pairatua, Miarritzen (Lapurdi).

Gaur No me llame Ternera-ren bi emanaldi izango dira, Donostian: Kursaalean (18:30) eta Principe aretoan (23:00). Bihar, beste bi, Principen (18:45 eta 21:00). Ondoren, Netflixen ikusi ahal izango da, abenduaren 15etik aurrera.

Josu Urrutikoetxearen egoera judiziala

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.