Amona bat adoptatu

JOSE MARI PASTOR |
  • 220 hitz
  • Albistea entzun

Zaharren eta gazteen arteko harremanaren balioaz ari da artikulu honetan Jose Mari Pastor kazetari eta EHUko irakaslea. Gogoeta egin du nola hobetu daitezkeen pandemiaren ondorioz agerian geratu diren egoerak; besteak beste, bakardadea. 

Berrogeialdiari lotuta munduan zehar ikusi diren argazki bitxienetako bat da, asteartekoa: AEBetako emakume bat etxean bakarrik konfinatuta, aurpegia leihoko kristalari itsatsita, irribarretsu. Garagardo lata bat du esku batean, eta kartel bat bestean: I need more beer. 93 urte ditu Olive Veronesi-k, ondo beteak. Eta garagardoa gustukoa du, antza. Seminole hirian bizi da, Pennsylvanian. Argazkia biral bihurtu da. Azkenean, helburua lortu du andreak: garagardo enpresa batek 150 lata bidali dizkio.

Adinekoen bakardadea agerian utzi du gertaerak. Izan ere, koronabirusak eraginiko konfinamendua biziki pairatzen ari dira bakarrik bizi diren edadetu asko. Kezka hori azaldu dute agintariek eta zenbait gizarte talde eta eragilek. Nola lagundu pertsona horiei?

«Koronabirusak eraginiko konfinamendua biziki pairatzen ari dira bakarrik bizi diren edadetu asko»

Horri buelta emateko proposamena bultzatu du Londres aldeko zahar etxe multzo batek. Hainbat gizon eta emakume bakarrik daude bertan. Hori dela eta, Adopt a Grandparent —Adoptatu aitona (edo amona) bat— deritzon programa hasi dute, CHD Living elkarteak babestuta. Giro alaia sortzeko zenbait modu dituzte: telefono edo bideo deiak, irudiak, testuak eta poemak postaz edo emailez bidaltzea, gutunak, postalak idaztea... Azken batean, CHD horrek Creating Happiness Daily esan nahi du. Zoriontasuna sortzen egunero, alegia.

Ideia lehenago abiarazi zuten, egoiliar askok bisitarik ez dutelako, baina koronabirusak bultzada ederra eman dio: azken asteotan mundu osoko milaka lagunek egin dute bat zahar etxeekin: pertsona bat aukeratu, haren zaletasunen arabera, eta harekin hizketan hasi. Amona eta aitona ugarik ez dituzte teknologia berriak menperatzen eta bertako langileen laguntzaz moldatzen dira bideo deiak-eta egiteko. Bost urteko ume bat da solaskide gazteena. Mutikoak bere maskotak erakusten dizkio 74 urteko amona berriari.

Konfinamendua noiz eta nola bukatu eztabaidatzen ari dira politikariak eta adituak. Zaharrak bakartzea «etikoki onartezina» dela adierazi du Merkelek. Gehitu du horretaz ez duela eztabaidatu ere egingo. Ea gure agintariek zer dioten. Erresuma Batukoa bezalako esperientzia baliagarria izango litzateke aitona-amonei laguntzeko. Orain eta gero, pandemia amaitzen denean. Zaharrekin kontu atseginak aukeratu eta haiei buruz mintzatu. Baina ez zaitez asaldatu egun batean gidoitik irten eta beste gai batzuei lotzen bazaizkie: osasun arazoak, kezkak, beldurrak. Adinak eta bakardadeak beren alde ilunak dituzte. Kasu honetan, komunikazioa, enpatia da inportanteena. Beste alde batetik, Londresko kanpainan parte hartzeko ezinbestekoa da ingelesa. Hemen bidelagun izan liteke hizkuntza. Euskaralditik Zahar-etxealdira. Ea, bada, zer dioen gaur Arrasateko Mariak. Eta Iurretako Migelek?

Belaunaldien arteko komunikazioa inoiz ez da samurra izan. Hamaika ikusiak daude gure zaharrak. Urteen kolpeek ez diete beti laguntzen bizipozari eusten. Eta beste muturrean? Zenbat gazte egongo lirateke prest edadetu ezezagunekin hitz egiteko? Esfortzua behar da. Gogo handitasuna, norberaren unibertso eta begietatik harantzago. Izan ere, mundua beraiek jaio ziren egunean sortu zela uste dute gizaki batzuek. Eta ez soilik gazteek.

«Zenbat gazte egongo lirateke prest edadetu ezezagunekin hitz egiteko?»

Solaskide eta mintzagai egokiak bilatzea da gakoa. Aukeren artean esperientzien berri ematea izan daiteke aberasgarriena. Elkarrengandik ikasi. Gazteak aitona-amonen eskarmentuaz jabetzea. Zaharrek gazteenen bizitasunaren pitin bat hartzea. Batzen gaituzten gaiak bilatu, hurbiltasuna eta konplizitatea sortzeko, normalean ezezagunekin hizketan hasteko ematen diren aholkuei segituz: printzipioz, ez hitz egin politika edo erlijioari buruz, badaezpada. Kirolaren arloan ere kontuz: ez hautatu zeure taldearen aurkariaren zale bat Kopako finalaz jarduteko. «Bost kaño sartuko dizkizuegu!». Ez da modua. Kontu gozoak aukeratu aitaita edo amamagaz berba egiteko, txotxo. Hasieran, behintzat. Ez dizkiozu zeure sexu eta droga esperientzia basatiak azaldu behar. Suavesito, Sid, suavesito.

Jatorrizko artikuluak