Atxilotuen jatorria zabaltzea, kriminalizazioa areagotu dezakeen neurria

  • 305 hitz
00:00 /

Jaurlaritzak iazko urrian erabaki zuen atxilotuen jatorria jakinaraztea, PPk eta Voxek eskatzen dutenari men eginda. Donostiako Udalak gauza bera egingo duela adierazi du berriki. Bilbok eta Gasteizek, berriz, ez dute neurri hori gauzatuko. Migratzaileak kriminalizatzea eta estigma handitzea ekar dezake erabaki horrek.

Urte askoko irizpidearencloseJarrera, ikuspegia. aurka, iazko urrian erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atxilotuen jatorriaren berri ematea. Hiriburuetako udaltzaingoetatik, Donostiakoak bakarrik jarraituko dio irizpide horri, Bilbok eta Gasteizek aurkakoa erabaki baitute. Arrazakeriaren aurkako taldeek ohartarazi dute neurri horrek migratzaileen «kriminalizazioa eta estigmatizazioa» areagotu ditzakeela. Eskuin muturrak zehazki bultzatu du eskari hori, hau da, Poliziak zabal dezala atxilotuen jatorriaren datua, azken finean migrazioak herritarren segurtasuna kolokan jartzen duela defendatzen baitu. Gai hau aztertu dute Berria Berriketan podcast honetan Iker Tubia aurkezleak eta Isabel Jaurena BERRIAko Gizartea saileko koordinatzaileak.

Jaurenak gogoratu du Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburua zertan oinarritu zen irizpide aldaketa hori justifikatzeko. Zehazki, esan zuen datu hori emateak lagunduko duela delinkuentziaren inguruko diagnostikocloseAnalisi, azterketa. zehatzagoa egiten. Neurri horren berri eman zuenean, aitortu zuen orain arteko irizpidea aldatzea zekarrela, eta PPk eta Voxek presio handia egin dutela horretan. Alabaina, Zupiriak gehitu zuen orain arte ez bezala egun ez duela argudiorik topatu neurri hori ez aplikatzeko.

Argudio nagusiari dagokionez, Jaurenak gogoratu du Poliziak lehen ere atxilotuen jatorriaren datu hori eduki bazuela, eta orain aldatuko den bakarra dela argitara aterako dutela. Zalantzan jarri du, baina, sailburuaren tesia, zeren pertsona bat atxilotua izateak ez baitu esan nahi delitu bat egin izanaren erruduna denik. Gainera, Jaurenak arriskua ikusten du atxiloketa batzuei oihartzun handiagoa eman dakien, zehazki jatorri atzerritarreko herritarrek egiten dituztenei.

Nafarroako Parlamentuan berriki aurkeztu dute antzeko eskaera bat PPk eta Voxek, eta ez du aurrera egin, PSNk, UPNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dutelako.

Gai hau ez da gaur egungoa. 2004an Iñigo Lamarca EAEko arartekoak txosten bat egin zuen, eta zehazki eskatu zuen datu hori ez jakinarazteko, horrek kolektibo baten kriminalizazioa eta estigma sortuko zuelakoan. Orduko Jaurlaritza eta ondorengoak ere bat etorri ziren. Arrazakeriaren aurkako taldeek harriduraz hartu zuten iaz Jaurlaritzak hartutako erabakia, eta salatu zuten erabaki horrek aurreiritziak indartu besterik ez duela egingo.

Jatorrizko artikuluak