Bilboko Udalak ez du bat egin Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpidearekin, eta ez du Udaltzaingoak atxilotzen dituenen jatorriaren berri emango. Gaur egin dute urtarrileko osoko bilkura: PPk mozio bat aurkeztu du, atxilotuen jatorriaren berri eman dezaten eskatzeko, eta Elkarrekin Podemosek beste bat, justu kontrakoa eskatzeko. Udal gobernuari eusten dioten EAJk eta PSE-EEk moldatu egin dute Elkarrekin Podemosen mozioa, eta hori onartu dute jeltzaleen, sozialisten eta EH Bilduren babesarekin. Elkarrekin Podemos abstenitu egin da, eta PPk aurka bozkatu du.Â
Amaia Agirre Segurtasun zinegotziaren esanetan, atxilotuen jatorriak ez du zerikusirik delituekin, eta informazio hori zabaltzeak ez dio inori ekarpenik egiten. «Immigrazioa eta delinkuentzia lotzea akats larria da. Segurtasun faltaren irudipena handitu besterik ez du egiten», ohartarazi du. Onartu duten mozioaren bidez, Bilboko Udalari eskatu diote segurtasun politikak indartu ditzala eta bizikidetza sendotu dezala. Beste erakunde batzuekin eta beste polizia batzuekin elkarlanean jarduteko ere eskatzen diote, pertsona berek behin eta berriz delituak egin ez ditzaten.Â
PPko bozeramaile Esther Martinezen ustez, Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri ematen badu, «zentzuzkoena» da Udaltzaingoak ere gauza bera egitea. «Segurtasun aditu guztiek esaten dute datu horiek jakitea ona dela Poliziaren operatiboak prestatzeko». Herritarrek informazio horren berri izateko eskubidea dutela nabarmendu du.Â
Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Ana Viñalsek erantzun dio informazio hori zabaltzeak «herriak eta pertsonak estigmatizatzeko» baino ez duela balio. Esan dio «bere lan instituzionala serio hartzen duen edonork» badakiela polizia indar guztiek atxilotuen jatorriaren berri ematen diotela elkarri, «Espainiako Estatukoek, eta baita kanpokoek ere». Udal gobernuari «gai korapilatsuetan sartu gura ez» izatea leporatu dio Viñalsek, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioa moldatu dutelako.Â
EH Bilduko Maria del Riok gogora ekarri duenez, 2011n EAEko Arartekoak atxilotuen jatorriaren berri ez ematea aholkatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia salatu dute SOS Arrazakeria elkarteak eta Demokraziarako Epaileak elkartearen EAEko adarrak. «Segurtasun Sailaren irizpide aldaketak jende asko utzi du zur eta lur». PPko Martinezi gogorarazi dio atxilotuez ari direla eta errugabetasun presuntzioa dutela, eta, ondorioz, atxilotuak eta delituak lotzea okerra dela.Â
Epaileekin eta fiskalekin elkarlanean
Segurtasun zinegotziak zenbait datu eman ditu. Iaz 2.114 atxiloketa egin zituen Bilboko Udaltzaingoak, baina, funtsean, 1.525 pertsona atxilotu zituzten. «Behin baino gehiagotan delitu egiten duten pertsonak arazo dira gure hirian», nabarmendu du. Pertsona bat 70 bider edo gehiagotan atxilotu dute; beste hiru, 30 aldiz baino gehiagotan; lau pertsona, hogei bider edo gehiagotan; eta beste hamar, hamabost aldiz baino gehiagotan. «Horrek herritarrei eta delitugileei eurei pentsarazten die Bilbon inpunitatea dagoela. Horregatik ari gara lanean epaileekin eta fiskalekin, epaiketa azkarrak eta behin-behineko espetxeratzeak ugaritzeko, legediak baimentzen duen kasuetan», esan du Agirrek.