Donostiako Udaltzaingoak atxilotuen jatorriaren berri emango du

Donostiako Udalaren irudiko, «gardentasun» ariketa bat da. Bilboko eta Gasteizko udalek kontrakoa erabaki dute: ez dute jakinaraziko atxilotuak zer jatorritakoak diren.

Donostiako udaltzainak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Donostiako udaltzainak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko otsailaren 9a
09:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Udalak iragarri duenez, Udaltzaingoak atxilotuen eta ikertuen jatorriaren berri emango du bere komunikazio ofizialetan eta prentsa oharretan; horrenbestez, jaramon egingo dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ezarritako jarraibideari. Bilboko eta Gasteizko udalek, aldiz, kontrakoa erabaki dute: orain arte bezala, ez dute jakinaraziko zein den atxilotuen eta ikertuen jatorria. 

Donostiako Udalak —EAJk du alkatetza— esan du aspalditik jakinarazten dizkiotela Ertzaintzari eta epaitegiei atxilotuen datuak, tartean jatorria ere bai, eta, horrenbestez, «eboluzio naturala» dela herritarrei ere horren berri ematea.

Erabakia defendatu dute. Haien esanetan, «gardentasun ariketa bat» da; zehaztu dute komunikabideek edo herritarrek eskatutakoan emango dutela datua, edo «egoerak hala eskatzen duenean».

PSE-EEk «alkatearen erabakiaren» aurka egin du. Ane Oiarbide Donostiako Udaleko PSE-EEren bozeramaileak nabarmendu du ez dutela bat egiten: «Datu horiek modu isolatuan ematen direnean, testuingururik eta azterketarik gabe, aurreiritziak indartzen dira, konplexuak diren auziak sinplifikatzen dira, eta immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura okerrak elikatzen dira, eta lotura horiek beldurra eta segurtasunik ez dagoen irudipena areagotzen dituzte gizartean».

Are, Oiarbidek salatu du diskurtso horrek «eskuin muturreko alderdi batzuen diskurtsoen antz susmagarria» duela. Hortik haragoko neurriak galdegin ditu; besteak beste, Poliziari «baliabide gehiago» ematea: «Delinkuentzia ez da azaltzen pertsonen jatorriagatik, baizik eta faktore sozial, ekonomiko eta estruktural ugariengatik; horrek politika publiko serio eta iraunkorrak behar ditu».

Ildo bertsutik jo du Elkarrekin Ahal Dugu-k. Donostiako Udaleko bozeramaile Victor Lasa irmo mintzatu da: «Donostian bat egin du eskuin muturraren diskurtsoarekin». Adierazi du erabakiaren aurka daudela «erabat», eta Jon Insausti alkateari atzera egiteko eskatu dio.

Bilbon eta Gasteizen, ez

Bestelako bidea hartu dute Bilboko eta Gasteizko udalek: Segurtasun Sailaren jarraibideari muzin egin, eta orain arte bezala arituko dira. Amaia Agirre Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotziaren esanetan, atxilotuen jatorriak ez du zerikusirik delituekin, eta informazio hori zabaltzeak ez dio inori ekarpenik egiten: «Immigrazioa eta delinkuentzia lotzea oker larria da. Segurtasun faltaren irudipena handitu besterik ez du egiten». PPk egin zuen eskaera, mozio baten bidez, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k beste bat aurkeztu zuen, justu kontrakoa eskatzeko. Udal gobernuari eusten dioten taldeek, hau da, EAJk eta PSE-EEk, moldatu egin zuten Elkarrekin Ahal Dugu-ren mozioa, eta hori onartu zuten gero, EAJren, sozialisten eta EH Bilduren babesa lortuta. 

Gasteizen, berriz, EAJk eta PPk eskatu zuten xehetasun horiek jakinarazteko, baina Maider Etxebarria (PSE-EE) alkateak esan zuen «alkate eta udaltzaingoaren buru gisa» ez duela modurik emango horretarako.

Ertzaintzak urrian aldatu zuen irizpidea, eta harrezkero jakinarazten du atxilotuak jatorriz nongoak diren. Horren harira, EAEko Arartekoak jarduketa bat abiatu zuen ofizioz, ikertzeko Ertzaintza zergatik hasi den horrela jokatzen; orain hamalau urte, erakunde horrek berak gomendatu zuen atxilotuen jatorria ez plazaratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.