Ertzaintza atxilotuen jatorriaren berri ematen hasi dela berretsi du Bingen Zupiriak

Segurtasun sailburuak aitortu du PPk eta Voxek «presio ikaragarria» egin dutela atxilotuen herritartasunaren berri eman dezaten. SOS Arrazakeriak erabakia kritikatu du: «Zer ekarpen egiten du jatorria jakiteak, aurreiritziak indartzea ez bada?».

SOS Arrazakeria plataformak egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
SOS Arrazakeria plataformak egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kristina Martin-Imanol Magro Eizmendi
2025eko urriaren 22a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak hedabideei zabaltzen dizkien prentsa oharretan aldaketa garrantzitsu bat egon zen hilaren 14an. Hogei bat urte dira polizien oharretan ustezko delitu egileen eta atxilotuen jatorria ez dela aipatzen. Adina eta generoa baino ez dira azaltzen. Gaur zortzi, baina, aldaketa bat egon zen: Ertzaintza delitu egileen nazionalitatea zehazten hasi zen plazaratzen dituen oharretan. Aldaketa hori egin dutela berretsi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak, gaur goizean Herri Irratian egin dioten elkarrizketan. 

Zupiriak esan duenez, Ertzaintzak aurrerantzean atxilotuen jatorriaren berri emango du. Zehaztu du ez dutela haien herritartasuna jakinaraziko, baina bai jatorri geografikoa: «Argituko dugun herritartasun bakarra espainiarra izango da. Ondoren, europarrei, magrebtarrei, Saharaz hegoaldeko afrikarrei eta abarri buruz hitz egingo dugu». Haren ustez, informazio horrek delinkuentziaren diagnostiko zehatzago bat egiten lagunduko du. 

SOS Arrazakeria plataforma «ustekabean» harrapatu du aldaketa horrek. «Ez dugu ulertzen zertara datorren aldaketa hori, egun batetik bestera», adierazi dio BERRIAri Mikel Mazkiaran abokatuak eta elkarte horretako kideak. Aspaldiko ohitura da jatorria ez aipatzearena, komunitate batzuen «kriminalizazioa eta diskriminazioa» elikatzen baitu horrek. Gainera, Mazkiaranek galdera egin du: «Zer ekarpen egiten du jatorria jakiteak, aurreiritziak indartzea ez bada?». Eta galdera nagusia, haren esanetan, zera da: «Zer interes daude aldaketa horren atzean?».

«Zer ekarpen egiten du jatorria jakiteak, aurreiritziak indartzea ez bada? Zer interes daude aldaketa horren atzean?»

MIKEL MAZKIARAN SOS Arrazakeriako kidea

Zupiriak zalantzak argitu ditu. Segurtasun sailburuak aitortu du PPk eta Voxek «presio ikaragarria» egin dutela Ertzaintzak atxilotuen herritartasunaren berri eman dezan. Erantsi du Jaurlaritzak aurka egin duela beti baina ez dutela argudiorik jatorriaren berri ez emateko: «Nik uste dut hobe dela gauzak diren bezala esatea, datuak gardentasunez ematea, inor estigmatizatu gabe, beti eskuin muturrarekin eztabaidan ibiltzea baino». Halaber, gaineratu du erabaki horren bidez mesede bat egiten dietela «gurera egokitu eta behar bezala errotzeko ahalegina» egin duten 150.000 etorkinei. 

Ez dago horrekin ados SOS Arrazakeria. Gogorarazi dutenez, EAEko Arartekoak —herritarren defendatzaileak—, baita giza eskubideak babesten dituzten elkarteek ere, kontrakoa esaten dute. Delituen egileen jatorria nabarmentzeak kolektibo oso baten diskriminazioari atea zabaltzen diola esan izan dute aspalditik. Mazkiaranen iritziz, «hain gai delikatua izanik, Eusko Legebiltzarrean eztabaida bat merezi du gutxienez». 

«Nik uste dut hobe dela gauzak diren bezala esatea, datuak gardentasunez ematea, inor estigmatizatu gabe, beti eskuin muturrarekin eztabaidan ibiltzea baino»

BINGEN ZUPIRIA Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

Arartekoaren eskaera, 2004an

Eztabaida hori ez da berria. Arartekoak 2004ko txostenean ere jaso zuen eskaera hori. Erakunde horretako buru zen Iñigo Lamarca, eta Ertzaintzari eta udaltzaingoei eskatu zien delitu egileen jatorria ez aipatzeko. Argudioa honakoa zen: jatorria aipatzeak «estereotipoak eta aurreiritziak» indartzen dituela. Arartekoak Ertzaintzaren oharrak aztertu zituen, eta ohartu zen atxilotuen jatorria aipatzen zutela soilik Espainiatik kanpo jaiotakoak zirenean.

Arartekoaren aburuz, jatorria, arraza, erlijioa edo kultura aipatzeak ez dio inolako ekarpen esanguratsurik egiten informazioari, eta immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura sustatzen du. Arartekoak berretsi zuen delitu bat egiten denean garrantzitsua dela egilearen eta delituaren ondorioen berri izatea. Omer Oke Eusko Jaurlaritzako orduko Immigrazio zuzendariak hori berretsi zuen: «Ustezko delitu egilearen izen-abizenak babesten dituzte, epaileak zigorra ebatzi arte. Baina jatorria aipatzen denean, herrialde horretako pertsonak ustezko izateari uzten diote, eta delitugile bihurtzen dira». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.