Euskal Herrian dira elkartasun karabanak ekarritako 26 ukrainarrak

  • Albistea entzun

Euskal Herrian dira 26 ukrainar iheslari —hemeretzi heldu eta zazpi haur—. Getxoko Ereaga hondartzan (Bizkaia) elkartu dira hartuko dituzten familiekin, edo Euskal Herrian lehendik dituzten senideekin. Euskal Herritik hara joandako lau furgonetetan egin dute bidaia, bi egunetan.

Gerratik ihesi 2.500 kilometroko bidaia egin ostean, Euskal Herrian dira Ukrainatik lau furgonetatan ekarritako 26 pertsona. Ikurrinak eta Ukrainako banderak eskuetan, halaxe hartu dituzte Getxoko Ereaga hondartzako (Bizkaia) hotel batean zain zituzten senideek eta hemen dauden bitartean etxean hartuko dituzten familietako kideek.

«Guk egun batzuk eman ditugu, besterik ez, baina eurei bizitza oso bat eskaintzen ahal diegu horrela». Trebeki enpresako langilea da Gonzalo Collazos, baina, egunotan, furgoneta gidari aritu da. Beste zenbait boluntariorekin batera, arropa, botikak eta elikagaiak eraman ditu Ukraina eta Eslovakia arteko mugara, eta, handik, gerratik ihes egin duten zenbait ukrainar ekarri dituzte Euskal Herrira. «Hori da garrantzitsuena», azaldu du Collazosek: «Ez haraino eraman duguna, baizik eta bueltan ekarriko duguna». 26 pertsona. Hemeretzi heldu eta zazpi haur. Baita hiru zakur eta katu bat ere. 

Nergroup enpresa taldearen eta ACEV Euskal-Eslaviar Kultur Elkartearen ekimenez, martxoaren 5ean atera ziren Euskal Herritik lau furgonetak, eta martxoaren 7an hartu zituzten iheslariak.


Joan-etorriko odisea

Laguntzeko borondatea agertu duten beste boluntarioetako bat da Iryna Dotsenko, Astigarragan (Gipuzkoa) bizi den ukrainarra. Harena, gainera, joan-etorriko odisea izan da: otsailaren 26an itzuli zen Ukrainara, oporretan. Gerraren eztandak harrapatu zuen han. Hori dela eta, Euskal Herrira berehala itzultzea erabaki zuen, amarekin batera. Zenbait egun eman zituzten auto ilara batean geldirik, Ukrainatik atera ahal izateko. «Jendeak ihes egin nahi zuen. Ama asko ikusi genituen, haur txikiekin. Oso gogorra izan zen», gogoratu du. Bigarrenez itzuli da orain Ukraina eta Eslovakia arteko mugara, espedizioan interprete lanak egiteko. 

«Jendeak ihes egin nahi zuen. Ama asko ikusi genituen, haur txikiekin. Oso gogorra izan zen».

Iryna Dotsenko (Astigarragan bizi den ukrainarra)

Behin Euskal Herrian, hutsik dauden eta hainbat boluntariok egitasmoaren antolatzaileen eskuetan jarri dituzten etxe eta logeletan egokituko dira 26 iheslari ukrainarrak. Antolatzaileen esanetan, «dei pila bat» jaso dute ukrainarrei logelak zein etxeak eskaintzeko. «Lanean ari gara, behin-behineko aterpe edo etxebizitza bat eskain dezaketen boluntarioen bila, baina, bitartean, hartu-emanetan ari gara gobernuarekin, irtenbide egonkorrago bat lortze aldera: paperak prestatu, etxebizitza ofizialetarako eskabideak... Orain lotzen ari garen etxebizitzak epe jakin baterako dira, iheslarien egoera erregularizatu arte».

Jatorrizko artikuluak