
Ukrainaren eta Errusiaren arteko loturak sakonak dira, baina alde handiak daude eskualde batetik bestera, hizkuntzan eta joera politikoan, adibidez. Azken gertakariek ataka gaiztoan jarri dute Ukrainaren lurraldea, zeina Errusiak inguratua duen; horixe baliatu du herrialde hari eraso egiteko.
Estatu moderno guztietan gertatu bezala, nazionalismoaren bultzada dago Ukrainako estatuaren sorreraren jatorrian. Lehen Mundu Gerraren ostean, Ukrainan indar handiz piztu zen nazio sentimendua. Lurraldea Austria-Hungariako Inperioaren eta Errusiako Inperioaren artean banatua zegoen, eta Errusian 1917ko iraultzak sortutako botere hutsuneak eman zion bide Ukrainako Estatuari; iraultza osteko Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren parte izan zen lehenengo, eta, lau urteko gatazken ondoren, eta hainbat erakundek lurraldearen gaineko agintea aldarrikatu ostean, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin batu zen, 1922. urtean.
Ukrainaren orduko eremua egungoarena baino txikiagoa zen. Gaurko estatuaren erdigunea hartzen zuen. Baina bazituen egungo mugetatik kanpo gelditzen diren zenbait lur ekialdean, orain Errusiarenak direnak, eta mendebaldean, gaurko Moldaviarenak. Eremu zabalak bereganatu zituen, ordea, eratu ondorengo urteetan: Poloniarenak ziren lurrak, SESBek hura okupatu zuenean, 1939an; Errumaniaren eta Txekoslovakiaren esku zeuden zenbait lur, 1940ko hamarkadan, eta Krimeako penintsula 1954an, SESBek asmo oneko keinu gisa emana.Â
Hizkuntzak
Ukrainak bere historian izan dituen lurralde gorabeherak eta egun dituen mehatxuak ez dira haren naziotasuna ukatzeko nahikoa arrazoi. Edo, bestela esanda, badira haren nazio izaera baieztatzeko argudio sendoak. Horietan garrantzitsuena, hizkuntza. Ukraineraz hitz egiten dute herrialdearen parterik handienean. Lurralde ia osoan da nagusi, Errusiarekin harreman historikorik estuena izan duten eskualdeetan izan ezik. Hau da, Transnistrian, Krimean eta Donbassen.