Ukrainako gerra: nola heldu da honaino?

  • Albistea entzun

Garaian garaiko testuinguruak baldintzatu du Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka: Industria Iraultzak, Holodomorrak, Bigarren Mundu Gerrak, SESBren desagerpenak..., eta, orain, AEBek, Putinek, gasaren inguruko interesek eta abarrek. Errusiak otsailaren 24an hasi zuen Ukrainaren kontrako azken erasoa. 

Azken hilabeteetako kronologia, gertakaririk berrienetatik atzera

2022ko otsailaren 28a: Ukrainaren eta Errusiaren arteko lehen negoziazioak hasi ziren, Bielorrusian.

2022ko otsailaren 25a: Errusiako indarrak Kievera iritsi ziren. Zelenskik negoziatzeko eskaintza egin zion Putini.

2022ko otsailaren 24a: Errusiak operazio militar bat abiatu zuen Donbassen. Ukrainak gerra legea ezarri zuen.


2022ko otsailaren 22a: Errusiako behe ganberak aho batez berretsi zuen Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia.

2022ko otsailaren 21a: Putinek Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortu zuen. Mendebaldeko potentzien babesik gabe hartu zuen erabakia Putinek.

2022ko otsailaren 19a: Nazioarteko begiraleek egiaztatu zuten Donbassen nabarmen areagotu zela indarkeria. Donetskeko eta Luhanskeko liderrek mobilizazio militarrera deitu zuten.

2022ko otsailaren 18a: Donetskek eta Luhanskek iragarri zuten hasi zirela herritarrak modu masiboan Errusiara eramaten.

2022ko otsailaren 15a: Errusiak jakinarazi zuen Ukrainako mugan zituen tropa batzuk erretiratzen hasi zela. Errusiako diputatuek Putini eskatu zioten Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzeko.

2022ko otsailaren 12a: Bideokonferentzia bidez bildu ziren Biden eta Putin. Kremlinek Errusiaren aurkako «desinformazio kanpaina bat egitea» egotzi zion Etxe Zuriari. Bidenek, berriz, diplomaziaz aparteko bideak prest zituela ohartarazi zion Putini.

2022ko otsailaren 11: AEBek esan zuten Errusiaren erasoaldia egun gutxitan has zitekeela, eta Poloniara beste 3.000 soldadu bidali zituzten. Hainbat herrialdek Ukrainatik irteteko eskatu zieten beren herritarrei.

2022ko otsailaren 7a: Moskun bildu ziren Putin eta Macron. Gerra saihesteko Europa guztiarentzako «baliagarria» izango den erantzun bat taxutzen hasteko eskatu zion Frantziako presidenteak Errusiakoari.

Vladimir Putin Errusiko presidentea eta Emmanuel Macron Frantziakoa, Ukrainako krisiari buruz mintzatzen. KREMLIN POOL / SPUTNIK / POOL

2022ko otsailaren 4a: Txinak eta Errusiak AEBei adierazi zieten bat eginda zeudela.

2022ko urtarrilaren 27a: AEBek segurtasun eskaeren erantzunak helarazi zizkioten Errusiari.

2022ko urtarrilaren 24a: NATOk borrokarako hegazkin eta itsasontzi gehiago bidali zituen Europa ekialdera. Herrialde batzuk enbaxadetan zituzten langileak itzularazten hasi ziren.

2022ko urtarrilaren 21a: Errusiak AEBei eskatu zien NATO 1997ko mugetara erretiratzeko.

2021eko abenduaren 7a: Joe Biden AEBetako presidenteak abisua eman zion Errusiari: Ukraina inbaditzen bazuen, Mendebaldeak zigor ekonomiko gogorrak ezarriko zizkion.

2021eko azaroa: Satelite bidezko irudiek erakutsi zuten Errusiako tropak mugitzen hasi zirela Ukrainako mugan. Kievek salatu zuen Errusiak 100.000 soldadu zituela han.

2021eko apirila: Ukrainak eta Errusiak Donbassen tropak hedatzea egotzi zioten elkarri. Zelenskik NATOri eskatu zion gatazkan esku hartzeko.

Jatorrizko artikuluak