Elizabeth II.a hil da, eta aro bat amaitu da harekin

  • 199 hitz
  • Albistea entzun

Balmoral gazteluan hil da estatuburua, Eskozian, 96 urterekin. Harena izan da Erresuma Batuko agintaldirik luzeena, eta bost kontinenteak kolonizatu zituen inperioko irudi nagusia izan da 70 urtean baino gehiagoan. Haren seme Charles III.a da orain errege etxeko buru.

Agintean urte gehien egin duen Erresuma Batuko erregina izan da Elizabeth: 70 urte. Honako hau da haren kargu ofiziala: Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuko eta beste erresuma eta lurraldeetako Elizabeth II.a erregina, Commonwealtheko burua eta fedearen babeslea.

1952ko otsailaren 6an bihurtu zen erregina; monarkek, gobernatu baino gehiago, jada rolclosePaper, betekizun. sinbolikoagoak zituzten aro hartan. Baina bost kontinenteak kolonizatu zituen inperioko irudi nagusia izan da 70 urtean baino gehiagoan, eta hala gogoratuko da Erresuma Batuko historia garaikidea osatu duten gertakari anitzetan: inperioa desegin zuen deskolonizazio prozesuan —1950eko eta 1960ko hamarkadak—, Gerra Hotzean —1991 arte—, Ipar Irlandako gatazka armatuan (1969-1998), Europako Batasuneko sarreran (1973), Malvinetako gerran (1982), Galesko, Eskoziako eta Ipar Irlandako parlamentuen berrezarpenean (1997-1999), Irakeko inbasioan (2003), Eskoziaren independentzia erreferendumean (2014), Erresuma Batua EBtik atera duen brexit prozesuan (2020)...

Elizabeth Alexandra Mary Windsorrek 25 urterekin hartu zuen Erresuma Batuko tronua. Bigarren Mundu Gerraren ondorena zen.

Jurgi VI.a erregea hil zenean, bi alabetan zaharrenak hartu zuen tronua, Elizabeth Alexandra Mary Windsorrek, 25 urterekin. Bigarren Mundu Gerraren ondorena zen. Gerra Hotzeko blokeak eratu berriak ziren, eta Potsdamgo Konferentzian (1945) elkartu ziren hiru liderrak agintean zeuden oraindik: Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro, Harry S. Truman AEBetako presidente eta Iosiv Stalin Sobietar Batasuneko buruzagi. 

Elizabeth II.a erregina Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro zenari eskua ematen.  

Britainia Handiaren 300 urteko batasuna hausteko aukera haren erreinaldian sortu da, baina, hala ere, Eskoziako independentistek erabakia zuten monarkiari eustea. Irlandako errepublikanoak izan dira monarkiaren irudiari egiazki aurre egin dioten bakarrak, eta erreginari hurbilera ailegatu zitzaizkion gatazkaren ondorioak, IRAk lehengusua hil baitzion 1979an: Lord Mountbatten buruzagi militar ohia. Irlandako errepublikanoentzat, Erresuma Batuaren dominazioaren eta loialisten gehiegikerien irudia da Elizabeth II.a. Bereziki mingarria egin zitzaien Bloody Sunday sarraskia (1972) egin zuten militarrak saritu izana. Horregatik, mundu osoaren arreta bereganatu zuen 2014an Belfasten ateratako argazkiak: erregina eskua ematen Martin McGuinness Sinn Feineko buruari.

Martin McGuinnes Ipar Irlandako lehen ministrordeak eta Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak bostekoa eman zioten elkarri. PAUL FAITH / EFE

Atzerrian baino gehiago etxean izan ditu arazoak Elizabeth II.ak. Haren ospeak duela mende laurden hartu zuen kolperik gogorrena, Diana Spencer Galesko printzesa auto istripuz hil zenean, Parisen.

Commonwealtheko buru

Erregina izateaz gain, Commonwealtheko burua ere izan da Elizabeth II.a. 53 estatu burujabez osatutako nazioarteko erakundea da Commonwealth, eta Britainiar Inperioari lotuko herrialdeak dira Mozambike ez beste guztiak. Herrialde horietatik hamabostetako erregina izan da Elizabeth II.a; Kanadakoa eta Australiakoa, besteak beste. Beste 36 errepublikak dira, eta bostek beste errege etxe batzuk dituzte.

53 estatu burujabez osatutako nazioarteko erakundea da Commonwealth, eta Britainiar Inperioari lotuko herrialdeak dira ia denak.

Londresko Itunaren arabera, erakundeko burua hiltzen denean, haren oinordekoak ez du automatikoki haren tokia hartzen. Baina, 2018an egindako biltzarrean, Elizabeth II.ak gaia atera zuen , eta estatu kideak bat etorri ziren hura hiltzean Charles printzeak hartuko zuela haren tokia. Kargua bera sinbolikoa den arren, esanguratsua da, inperioa izandakoaren batasuna irudikatzen duelako gaur oraindik.

Jatorrizko artikuluak