Euskararen erabilera, gaitasunaren gainetik

  • Albistea entzun

Iñaki Iurrebaso soziologoaren arabera, euskararen jakite maila nabarmen apalagoa da sarritan irudikatu izan dena baino; euskararen erabilera, berriz, handiagoa, dagoen gaitasuna eta soilik arrazoi instrumentalak kontuan hartuta legokiokeena baino.

Neurketa egiteko beste irizpide batzuk erabili ditu. Besteak beste, euskaldunak eta erdaldunak bereizten dituen ikuspegitik continuum delakora igaro da, jakite maila desberdina dutenen multzoak bereiziz.

Gaitasuna ala erabilera, euskarak zer dauka indartsuena? Sarritan erreparatu izan zaio bi aldagaien arteko harremanari azken urteotan, eta ohiko joera izan da berrestea gaitasunean indartsu dagoela euskara, eta erabileran, ordea, ahul. Ikuspegi horrekin bat egin dute, ñabardurak ñabardura, soziolinguistika alorreko ikertzaileek, euskalgintzako eragileek eta arduradun politiko gehienek, Iñaki Iurrebaso soziologo eta EHUko irakasleak dioenez. Bera, ordea, guztiz bestelako ondoriora iritsi da, egiten ari den doktore tesian: dagoen euskararen jakite mailarako, handia da erabilera, euskaraz aritzeko motibazio instrumentalak kontuan hartuta soilik legokiokeen baino nabarmen handiagoa.


Gaitasuna neurtzeko moduan dago aldea, hein handi batean. Orain arte, nagusiki, euskaraz dakitenen kopurua batez besteko erabilerarekin alderatu izan da, baina Iurrebasok dio konparazio hori ez dela baliagarria jakiteko bietatik zein dagoen indartsuago, gaitasuna ala erabilera: «Horrela neurtuta, erabilera sekula ez da izango gaitasuna baino handiagoa, zeren hizkuntza batean hitz egingo dute hizkuntza hori dakitenek soilik, eta hitz egingo dute baldin eta mintzakideek ere badakite. Hortaz, erabili litekeen gehiena erabilita ere, beti egongo da hizkuntza hori dakitenen kopuruaren azpitik». Gogorarazi du, halaber, hizkuntza denetan gertatzen dela hori.

 «Erabili litekeen gehiena erabilita ere, beti egongo da hizkuntza hori dakitenen kopuruaren azpitik».

Iñaki Iurrebaso (soziologoa)

Konstatazio horretatik tiraka, euskaldunak eta erdaldunak bereizten dituen ikuspegitik continuum delakora igaro da Iurrebaso, argazki «osatuago» bat lortze aldera. Gaitasunaren araberako kategoria desberdinak bereizita ageri dira horretan. Erdaldun eta euskaldun elebakarrak daude bi muturretan, eta, horien artean, jakite maila batekoak eta bestekoak: erdaldun hartzaileak, erdal elebidunak, nagusitasunik gabeko elebidunak, euskal elebidunak eta euskaldun hartzaileak. Bada, hiztunak modu horretan mailakatuta, ikusi du hiztunen %7,4ri bakarrik zaiela errazagoa euskaraz hitz egitea, eta erdaraz errazago moldatzen direnak %84,2 direla. Desoreka «ikaragarrizkoa» da, nabarmendu duenez.

Harreman sarea gako

Behin gaitasunaren «zorua» zehaztuta, hori erabilerarekin alderatu du. Horretarako erabili dituen aldagaietako bat harreman sarea da. Bi egoera hipotetikotan erabilera zenbatekoa litzatekeen aztertu du: batetik, euskaldun guztiak elkarrekin biziko balira, eta, bestetik, erabat sakabanatuta baleude. Lehenengo kasuan litzateke erabilera handiena, hiztunek euskaraz hitz egiteko aukera handiagoa izango luketelako. Ondorioztatu du errealitatea ez dela ez mutur batera ez bestera hurbiltzen, eta, erdibide horretan, harreman sarearen batez besteko euskalduntasuna %63 dela. «Euskaldunek ezin dute euskaraz hori baino gehiago egin, erdaldunekin euskaraz jartzen ez baditugu behintzat», azaldu du.

«Euskaldunek ezin dute euskaraz %63 baino gehiago egin, erdaldunekin euskaraz jartzen ez baditugu behintzat».

Iñaki Iurrebaso (soziologoa)

Erabileraren egoera zehazteko, halaber, erabilera aitortua eta erabilera erosoa bereizi ditu. Azken Inkesta Soziolinguistikoan euskaldunen euskararen batez besteko erabilera zenbat zen jasotzen du lehenengo adierazleak, hiztunek eurek esandakoetan oinarrituta; erabilera erosoaren bidez, berriz, hizkuntzari balio instrumentala emanda soilik euskaraz zenbat egingo litzatekeen erakutsi du, modu orokorrean.

Hiztunek erosoen zaien hizkuntzan egingo lukete une oro, hizkuntza bata edo bestea hautatzeko inolako afektuzko arrazoirik edo politikorik ez balego bezala. Egoera horretan, Iurrebasok ondorioztatu du euskaldunen euskararen batez besteko erabilera %28,9 litzatekeela. Datu hori, ordea, ez da inondik ere ezkontzen erabilera aitortuak ematen duenarekin, zeinaren arabera %52,5 baita euskaraz egiten dutenen ehunekoa. Horrek erakusten du, Iurrebasoren arabera, hiztun asko dagoela «erosoena ez duen hizkuntzan» aritzen dena. Gainera, ñabartu du ezen, euskaraz erosoago eginda ere erdararako joera dutenak badiren arren, «kuantitatiboki» handiagoa dela kontrakoa egiten dutenen multzoa.

Iurrebasoren arabera, hiztun asko dago «erosoena ez duen hizkuntzan» aritzen dena.
Atxikimendua giltzarri

Iurrebasok ateratako ondorioek aukera ematen dute alderdi baikorra zein ezkorra nabarmentzeko. Batetik, euskararen gaitasunaren egoera orain arteko ikuspuntuak irudi lezakeen baino okerragoa dela erakusten du. Gordin azaldu du soziologoak: «Euskararen eta erdaren arteko lehia hori futbol terminoetan planteatuko bagenu, ez ginateke ariko 3-1 galtzen, 9-1 edo 10-1 baizik. Egoera ikaragarri ahula da».

«Euskararen eta erdaren arteko lehia hori futbol terminoetan planteatuko bagenu, ez ginateke ariko 3-1 galtzen, 9-1 edo 10-1 baizik».

Iñaki Iurrebaso (soziologoa)

Hein handi batean euskararekiko atxikimenduak azaltzen du euskararen erabilera gaitasunaren gainetik egotea, Iurrebasok dioenez, eta hori da «aurrera egiteko aukera bakarra». 

Euskaraz egiteko borondatea ez da nahikoa, ordea; are, gogo horri mugak jartzen zaizkionean. «Erdaraz errazago egiten dutenetako askok nahiko lukete euskaraz gehiago bizi». Harreman sareak ez ezik ingurune digitalak ere duen garrantzia nabarmendu du.

Izan ere, erabilerak gaitasuna elikatzen du, soziologoaren esanetan, eta bata bestetik ezin dela bereizi baieztatzeko ere balio izan dio. Denean eragin behar dela uste du, eta ez erabileran bakarrik, ezagutzak eman beharrekoak emanda balitu bezala.

Jatorrizko artikuluak