Gerra hemen hasten da

  • 628 hitz
  • Albistea entzun

Europako entrenamendugune militarrik handiena Nafarroan dago: Bardeako tiro eremua. 1951tik, NATOko kideek han probatzen dute gatazka armatuetan erabiliko duten munizioa.

Euskal Herriko ehun enpresa inguruk dute harremana armagintzarekin. Aeronautika sektorea da industria militarraren eta zibilaren arteko zilbor hesterik oparoena.

Bonba bat Sirian, lurretik airerako misil bat Ukrainan, urrunetik hiltzeko gai den drone bat Afganistanen, F-18 hegazkinak, Chinook HT-17 gerra helikopteroak... Mundu osoko gerretan erabili ohi diren armek eta munizio astunak Euskal Herrian eragiten dituzte lehen eztandak. Espainiako, AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta NATOko beste edozein herrialdetako armadek Nafarroako erriberan dute entrenamendugune nagusietako bat: Bardeako tiro eremua [2.244 hektarea]. 2018an, kontratua azkenekoz berritu zenean, 14 milioi euro eskaini zituen Espainiak. Egungo kontratua 2028ra arte egonen da indarrean.

1951. urtean lehen kontratua sinatu eta berehala hasi zen Espainiako aire armada gerra hegazkinekin ariketa militarrak egiten eta inguruan bonbak jaurtitzen, eta handik gutxira gertatu ziren lehen istripuak ere: lurra jo eta lehertutako hegazkinak, inguruko herrietara zerutik eroritako metal eta lehergailu zatiak, eta behar ez zenean eztanda eginiko bonbak. 1952an, lehenbizikoz, lagun bat hil zuten Bardeako ariketa militarrek: Miguel Murillo artzaina. Arguedas herritik gertu eroritako bonba batek hil zuen. Horren ostean heldu ziren beste hainbat; Nafarroako eta Aragoiko lurretan eroritako gerra hegazkinen pilotuak, gehienak.

1952an, lehenbizikoz, lagun bat hil zuten Bardeako ariketa militarrek: Miguel Murillo artzaina. Arguedas herritik gertu eroritako bonba batek hil zuen.

Tiro eremuaren lehen urteetan, Espainiako armadak soilik erabili zuen azpiegitura; handik gutxira, baina, Espainiako Gobernuak aldebiko akordioak sinatu zituen AEBetako Gobernuarekin, eta, horien bitartez, armada horrek ere ariketa ugari egin zituen Nafarroako lurretan. Are: 1970eko eta 1990eko hamarkaden artean, AEBetako armadak gehiagotan erabili zuen tiro eremua, Espainiakoak baino; eta, gerra garaian edo Washingtonek gatazkaren batean militarki esku hartzen zuen aldiro, bonben erabilera areagotu egiten zen Erriberan.

Gerra nuklearra prestatzeko eremu

Urteek aurrera egin ahala, Bardeako tiro eremua «funtsezko azpiegitura» bihurtu zen AEBentzat, William Arkin inteligentzia militarreko eta armagintzako adituak 1985ean argitaratutako txosten baten arabera. Zehazki, «gerra nuklearrean trebatzeko entrenamenduak» egiten zituzten han.

Txostenean irakur daitekeenez, gainera, Francoren gobernuak azpiegitura militar guztiak eskaini zizkion Washingtoni «horien erabileraren gainean inongo kontrolik ezarri gabe». Nafarroan, zehazki, «bonbardaketa nuklearrak egiteko entrenamendua» jasotzen zuten soldaduek. Ofizialki, karga nuklearrik gabeko jaurtigaiak erabili zituzten ariketa horietan, eta, 2005eko ikerketa baten arabera, ez dago gai erradioaktiboen trazarik inguruan. 

Ofizialki, karga nuklearrik gabeko jaurtigaiak erabili zituzten ariketa horietan, eta 2005eko ikerketa baten arabera, ez dago gai erradioaktiboen trazarik inguruan. 

Armagintza: lantegi kamuflajedunak

Euskal Herrian armagintzaren arrastoari jarraitzea ez da erraza. SPRI elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailak, esaterako, ez dute egin haren inguruko txosten berezirik. Izan ere, soldadu trebeen antzera, bere burua ondo ezkutatzen daki, eta kamuflaje horrek badu izena: «dibertsifikazioa». Alvaro Anta Gasteizkoak talde antimilitaristako kideak (Gasteiz, 1970) kendu dio mozorroa. Gasteizkoak-en ustez, egun «ehun inguru» dira armagintzarekin harremana duten euskal enpresak.

Sapa enpresa nabarmendu behar da, ekoizpena ia esklusiboki armagintzarako baliatzen duten gutxietako bat baita. 

Enpresei izen-abizenak jartzen hasiz gero, Sapa nabarmendu behar da, ekoizpena ia esklusiboki armagintzarako baliatzen duten gutxietako bat baita. Andoainen (Gipuzkoa) du lantegi nagusia, eta Jokin Aperribai Realeko presidentea da haren burua. Aireko erasoen aurkako sistemak eta gerra ibilgailuen propultsio sistemak ekoizten ditu, batez ere. Esaterako, esku hartze handia izaten ari da VCR 8x8 Dragon tankearen ekoizpenean. Egun Espainiako armadak hori erabiltzen du, eta Europan ere zabaldu nahi dute. Ibilgailu militarren arloan diharduten beste euskal enpresa batzuk dira, besteak beste, CAF, Danobat eta JPG.

Antak nabarmendu du egun aeronautika dela euskal industriak armagintzarekin duen loturarik oparoena, eta hori dela dibertsifikazioaren kamuflajearen eredu nagusia. Hegazkingintza zibilerako egitasmo eta ikerketak militarrean ere erabiltzen dira. Gasteizkoak-en arabera, 51 enpresa daude zaku horretan.

Handienak ITP Aero, Aernnova eta Dassault dira, eta hirurek hartzen dute parte FCAS proiektuan: Eurofightera eta Rafaleak ordezkatuko dituen Europako guda hegazkin berria. ITP Aerok turbinak egiten ditu; Aernnovak, hegalak, eta Dassaultek zenbait parte lantzen ditu. Dassaultek Miarritzen (Lapurdi) du faktorietako bat, eta, batez ere hegazkingintza zibilean diharduen arren, enpresaren webgunearen arabera, egitasmo militarretarako osagaiak ere ekoizten ditu. Beste 48 euskal enpresak haiek hornitzen dituzte.

Dassaultek Miarritzen (Lapurdi) du faktorietako bat, eta, batez ere hegazkingintza zibilean diharduen arren, enpresaren webgunearen arabera, egitasmo militarretarako osagaiak ere ekoizten ditu.

Armagintza aldatu egin da Euskal Herrian. Pistola, lehergailu eta antzekoak ekoizten dituzten enpresak urritzen ari dira; ingeniaritza, elektronika eta optika zerbitzuak eskaintzen dituztenak, berriz, ugaritzen. Horren eredu da MTorres ingeniaritza bulegoa (Dorre, Nafarroa). Gerra hegazkin ugari egiteko makineria diseinatu du: A400M, Eurofighter, KC390, F-18a, F-35... Itsaspeko bat ere diseinatua du. Sener (Getxo, Bizkaia) ere ingeniaritza aholkularitza da. Armagintzarekin duen loturarik ezagunena, dena den, misilak gidatzeko SMS sistemak dira. 

Bilakaera horri «teknologizazioa» deitzen dio Antak. Eredurik argienetako bat Tecnobit euskal jatorriko enpresa da: radarrak eta optika elementuak diseinatzen ditu. Satlantisek, esaterako, optika elementuak muntatzen ditu satelite eta antzekoetan, eta akordio bat sinatu du AEBetako defentsa departamentuarekin. Are gehiago,Tecnalia institutuak defentsarako alor bat du, eta aurretik aipaturiko hainbat arlotan egin ditu ikerketak.

Jatorrizko artikuluak