Ehun egun gerran

  • Albistea entzun

Errusiak Ukraina inbaditu zuen egunean, ematen zuen Kievera eta Ukraina osora arazorik gabe eta denbora gutxian iritsiko zirela Errusiako tropak, baina ez da hala izan. Ehun egun joan dira otsailaren 24az geroztik, gerra luzatu egin da, eta ez du azkar bukatzeko itxurarik. Negoziazio bideak itota daude, gainera.

Kiev hartzea ezinezkotzat jota, Errusiak hegoaldean eta ekialdean lur gehiago okupatu nahian jarraitzen du, baina zailtasunak ditu. Lortu du hego-ekialdeko eremu zabalak okupatzea, halere, eta Krimeako penintsula lurrez lotu du Errusiarekin: Luhansk eta Kherson probintzia ia osoak eta Zaporizhiako zati bat hartu ditu —Errusiaren inbasioa, egunez egun—.


Ukrainako indarrek, berriz, Kieveko erasoa geldiarazi zuten, eta Kharkiven eta Khersonen lur zati batzuk berreskuratu dituzte azken asteetan. Baina beste fronteetan ez dute garaipen argirik izan, eta ez dute behar besteko indar militarrik agertu errusiarrak lur okupatuetatik botatzeko.

Kieveko porrota

Errusiako tropek aurrerabide azkar batzuk egin zituzten gerraren lehen astean, otsailaren 24tik martxoaren 2ra: Kieveko aldirietara iritsi ziren, 25 bat kilometrora, eta azpiegiturak bonbardatzeari ekin zioten. Indar ukrainarrek, baina, erresistentzia gogorra egin zieten.


Errusiako armadak egunero bonbardatu zuen hiriburua, baina ez zituen hegazkinak erabili, eta ez zuen erabateko erasoa jo Kieven. Analista militar batzuen ustez, iduri du espero zutela oposizio handirik gabe sartzea hiriburuan. Nolanahi ere, han lokaztu zen Moskuren aurrerabidea.

Ekialdean, berriz, Kharkiv gogor bonbardatzen hasi ziren lehen egunetik —Ukrainako hiri handienetan bigarrena da: 1,4 milioi biztanle gerra aurretik—. Eta hegoaldean, Melitopol eta Berdiansk okupatu zituzten, Krimeako base militarretatik abiatuta. Handik, Mariupolerako bidean jarri ziren, Azoveko itsasoko portuak kontrolatu nahian. Ukrainako portu handienetako bat eta altzairugintza zentro inportanteenetako bat zen Mariupol gerraren aurretik. 

Hegoaldean, Melitopol eta Berdiansk okupatu zituzten errusiarrek, Krimeako base militarretatik abiatuta. 

Krimeatik Khersonera ere abiatu ziren errusiarrak otsailaren 24an. Gerraren lehen astean hartu zuten hiria —280.000 biztanle gerra aurretik—. Itsaso Beltzeko portu nagusietako bat da Kherson, eta Odesara bidean jarraitzeko atea irekitzen zien errusiarrei. Handik, Mikolaivi eraso egiteko prestatu ziren —izen bereko probintziako hiriburua—; baina ukrainarren erantzunarekin topo egin zuten han ere.

Iparraldeko beste hiriak ere —Kharkiv, Sumi, Txernihiv...— ezin izan zituzten hartu errusiarrek, gogor bonbardatu arren. Horregatik, hiri handiak saihestu, eta errepidez Kievera aurreratzen saiatu ziren, baina ukrainarrek trabatu egin zieten bide hori.

Errepidez Kievera aurreratzen saiatu ziren, baina ukrainarrek trabatu egin zieten bide hori.

Aldiz, hegoaldean aurrerapen batzuk egin zituzten errusiarrek: Kherson probintzia osoa kontrolpean hartu zuten hirugarren asterako, eta Zaporizhiako probintzian sartu ziren, Kherson eta Donetsk lotu nahian. Martxoaren 4an Zaporizhiako planta nuklearra okupatu zuten, Europako handienetako bat —han ekoizten dute Ukrainako argindar guztiaren %20 inguru—. Luhansk probintzian ere bereganatu zituzten lur eremu zabalak, eta Itsaso Beltza blokeatu zuten, Ukrainara itsasoz hornigairik sar ez zedin.

Hegoaldean, kontrolpean hartuak zituen Kherson probintzia osoa, Luhanskeko zati handi bat, eta Zaporizhia eta Donetsekeko eremu zabalak, Krimearainoko lurrezko lotura bat segurtatuta. Eremu horretan, Mariupol zen errusiarren eskuetan erori ez zen hiri handi bakarra.