Kontraerranak, udarak emanak

  • Albistea entzun
00:00 /

Estitxu Arozena Albizuk kontraerranei kantatu die bertso idatziotan. Mutrikun (Gipuzkoa) jaio zen, 1975ean, eta hiru hilabeterekin joan zen Lesakara (Nafarroa). Han hazi zen bertsolari gisa, eta 16 urterekin hasi zen plazetan. Bitan irabazi du Nafarroako Bertso Txapelketa: 1995ean eta 1998an. Bertsolaritza irakasle da ikastetxeetan eta bertso eskoletan.

BERTSOAK

Doinua: Egunaren izena ez dakit nola zan


Bertsoak maiz izan du
salaketa usai,
aldarrikapen edo
erantzuteko gai,
baina gaur norberari
begiratu lasai
udara iritsita
kontraerranez blai,
denak ez dira nire,
baina gureak bai.

Baztango turismoaz
hausnarketa nahi zen.
Hasiko banintz nire
bidaiak epaitzen
uztail(e)an, abuztuan,
ahalik ta maizen,
galdera(re)n erantzunak
ni ez nau lasaitzen;
zenbat aroztegitan
egon ote naizen.

Itxura baldin balitz
bizitzeko gasoil,
ilea litzateke
azalaren herdoil,
igerileku, laku
hondartza zein arroil,
emeen irudia
aldatu dugu txoil:
buruan luze-luze,
gorputz guztia soil.

Lesaka, Bera, Leitza,
Goizu(e)ta, Hernani,
gaupasa laburretan
txosnetako lami,
auzoan tokatuta
agerraldi, mani,
zaborra, bolumena
protesten legami.
Orain zuek parrandan
eta ohean ni.

Gure elikadura
da gure botika,
sinestea erraza,
lortzea epika,
xuri pare bat hartuz
girotu karrika,
bapo bazkaldu, postre,
noski gintonika,
lekutan gelditu da
makrobiotika.

Nahiz zaila izango den
egotea ados,
onartu behar dira
Tanatos ta Eros,
koherentzia inon
ez daiteke eros,
gure kontraerranak
onartuta behingoz,
hurrengo ekainean
gainditzeko gogoz.

Jatorrizko artikuluak