Kriptodiruak: birtualak ez diren galerak

  • 377 hitz
  • Albistea entzun

Bitcoinen eta beste diru digitalen balioa amildu egin da, eta 'luna' izenekoa, berriz, desagertu. Inbertitzaileak arrisku handiko aktiboetatik alde egiten ari dira. El Salvador arriskuan jarri du erorialdiak, bitcoinen aldeko apustua egin baitu.

Zer gertatzen ari da?

Kriptodiruek goia jo zuten azaroan, ia hiru bilioi euroren balioarekin: maiatzaren 16an, 1,15 bilioi euro ziren. Kriptodiruen artean ezagunena, bitcoin, 58.000 dolarretik gora kotizatzen zen azaroan, eta 28.000 dolarrean orain. Are okerrago doakie beste askori, tartean luna: maiatzaren 6an, 82 dolar balio zuen, eta hamar egun geroago, 0,0002124. Hau da, ez du ezer balio.

Gauza bera gertatu zaio lunari lotutako terraUSDri: stablecoin edo diru birtual egonkor bat da, eta, teorian, dolarraren balioari lotuta dago, algoritmo baten bidez, baina bat-batean hautsi da lotura hori.

Beste stablecoin askoz handiago batek ere, tether-ek, dolarrarekiko parekotasuna galdu zuen, baina terra baino hobeto eusten ari zaio, haren balioa dolarrekin eta AEBetako zorrarekin babesten duelako. Tetherri begira daude orain analistak.

Zergatik ari dira jaisten?

Hasieran, kriptodiruen jarraitzaileek eta herritar arruntek inbertitzen zuten aktibo digitaletan; estatuei eta multinazional handiei lotu gabeko finantza mundu berri batek erakarrita lehenek, eta diru asko irabazteko aukerak erakarrita bigarrenek. Baina errentagarritasun horrek bankuen, funtsen eta beste inbertitzaile instituzionalen interesa erakarri zuen, eta dagoeneko haien esku dago diru birtualaren erdia. Interes tasa oso apalen garaian, aktibo klasiko eta ziurragoetancloseSegurugoetan. lortzerik ez zuten irabazia bilatu dute inbertitzaile instituzionalek. 

Baina, pandemiaren osteko suspertzeak ekarritako hornidura arazoek, energia garestiak eta Ukrainako gerrak inflazioa esnatu duten honetan, interes tasa ofizialak handitzen hasi dira —edo handitzeko atarian daude, eurogunean bezalaxe—, eta horrek eraman ditu inbertitzaileak aktibo espekulatiboetatik urrundu eta apustu seguruetara itzultzera. Bitcoinak eta antzekoak saltzeko irrikakcloseNahiak, premiak. haien prezioa jaitsi du, erosle interesatu gutxiago daudelako.

Zenbat jaits daitezke?

Hori ez dago jakiterik. Diru digitalek ez dute berez ezer balio, ez dago haien balioa bermatuko duen ezer —ez banku zentral baten dibisarik edo urre erreserbarik, ez enpresa baten ondasunik edo produkturik—, eta soilik balio dute haien truke norbait ordaintzeko prest dagoena. Urrearen pare jartzen dute haren aldekoek, inflazioaren aurkako gordailu bat garai txarretarako, baina aurkako batzuek Ponzi piramideekin konparatzen dituzte: etekina emateko aukera bakarra da erosle gehiago agertzea.

Diru digitalek soilik balio dute haien truke norbait ordaintzeko prest dagoena.

Diru digitalen izaera hori erakusten du bitcoinen kotizazioak: 2010ean sortu zenetik 2017 arte mila eurotik behera balio izan zuen, eta konfinamenduen atarian 4.500 euro balio zuen. Haren balioa neurririk gabe igo zuen pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko diru merkearen aroa luzatzeak, eta energiaren garestitzeak eta hornidura arazoek ere bultzada handia eman zioten.

Larria al da?

Azken hilabeteetan kriptodiruetan inbertitu eta milaka euro galdu dituztenentzat, bai. Besteentzat, ikusteko dago. Diru digitalen aldekoek nabarmendu dute ohikoak direla gorabeherak, eta inbertitzaile asko ari direla orain saltzen azken urtean izandako irabazi handiak patrikaratzeko, eta luze gabe berriro gora egingo duela. EszeptikocloseSinesgaitz, ezkor.ak, berriz, kriptodiruen Lehman Brothers unea-z hizketan ari dira. Denborak esango du nor dabilen zuzen.

Handia al da merkatua?

Bai, baina neurri bateraino. Oraintxe, kriptodiruek duten 1,45 bilioi euroren balioa Espainiako barne produktu gordinaren neurrikoa da, eta Euskal Herrikoa halako hamabost; baina txiki geratzen da finantza merkatuetan mugitzen denarekin alderatuz gero. AEBetako enpresetako akzioek, esaterako, ia 47 bilioi euro balio dute.

Kriptodiruek duten 1,45 bilioi euroren balioa Espainiako barne produktu gordinaren neurrikoa da, eta Euskal Herrikoa halako hamabost.
Zer gertatzen da El Salvadorren?

Kriptodiruen eta zehazki bitcoinen aldeko apustua egin du El Salvadorko Gobernuak. Kriptozalea da Nayib Bukele presidentea, eta 2021eko irailean erabaki zuen bitcoina legezko dirua izango zela bere herrialdean. Urrian, erreserban zituen 25 milioi dolar gastatu zituen bitcoinak erosteko. Maiatzean beste 500 bitcoin erosi zituen, bakoitza 30.744 dolarrean, eta jada 2.301 ditu. 70 milioi dolar inguru balio dute, Bukeleren gobernuak ordaindutako ehun milioiak baino gutxiago.

Baina hortik harago doa Bukeleren apustua. Nazioarteko erakundeen finantzaketaren menpe ez egoteko, 1.000 milioi dolar jaso nahi ditu, eta berme gisa bitcoinak jarri ditu. Arazoa da eskaintzak ez duela inoren interesa erakarri oraingoz, eta horrek zalantzak sortu ditu El Salvadorrek bere zorra pagatzeko duen gaitasunari buruz. 

NDFk behin eta berriro eskatu dio Bukeleri kriptodiruak alde batera uzteko, finantza egonkortasunarentzat txarra delako, eta prest azaldu da dirua mailegatzeko. Eta ez dirudi herritarrek asko erabiltzen dutenik. Kriptodiruekin salerosketak egiteko deskargatu behar den Interneteko aplikazioa %20k soilik erabiltzen dute.

El Salvadorko presidenteak Bitcoin City hiria eraiki nahi du; han kokatu nahi ditu kriptodiruekin eta blockchain teknologiarekin lotutako industria.

Ordea, El Salvadorko presidenteak ziurtatu du ez duela arazorik izango kanpo zorra ordaintzeko. Are gehiago, Bitcoin City izeneko proiektua aurkeztu zuen. Conchagua aintziraren ondoan eraiki nahi duen hiri bat da, eta han kokatu nahi du kriptodiruekin eta blockchain teknologiarekin lotutako industria. Noizbait egiten bada, Bitcoin City paradisu fiskal bat izango da: errenta zergarik ez da izango, ez jabetzaren eta ez lanaren gaineko zergarik; soilik BEZa.

Jatorrizko artikuluak