Lehman Brothers erori zela hamar urte

Wall Street hil zenekoa

Lehman Brothers bankuaren erorketa izan zen krisiaren sutea nazioartera hedatu zuen txinparta. Aste dramatiko batean hartutako erabakien azken ondorioa zen.
Dick Fuld Lehman Brothers bankuko burua, 2008ko urrian AEBetako Kongresuan egindako agerraldian.
Dick Fuld Lehman Brothers bankuko burua, 2008ko urrian AEBetako Kongresuan egindako agerraldian. SHAWN THEW / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 16
Laburbilduz, Lehman Brothers ondo doa. Zuen kezkak estimatzen ditugu, baina kontrolpean dugu egoera». Dick Fuld inbertsio bankuko buruak badaki azken karta jokatzen ari dela konfiantza saltzeko. Ohiz kanpoko ikusmina sortu du emaitzak aurkezteko premiazko agerraldiak, eta jendez gainezka dago erakundearen batzar aretoa, New Yorkeko Times Square ezaguneko etxe orratz dotorean. Bost egun geroago, Lehman Brothersek porrot egingo du, eta nazioarteko finantza sistema osoa astinduko duen lurrikara sortuko du.

Richard Dick Severin Fuld Jr. setiatuta dago. Aurkezpenaren bezperan, akzioak %44 txundigarri bat erori dira. Merkatuan gutxi fidatzen dira Lehman Brothersen osasunarekin. Zabor hipotekei lotutako aktiboen kutsadurak izua zabaldu du. Martxoan, beste inbertsio banku handi bat, Bear Sterns, hondamenditik libratu du JP Morganek, erosketa egiteko AEBetako gobernuak laguntza eskuratuta. Katebegi ahulena salbatuta, denbora irabazi du sistemak, baina ez luzerako.

Irailaren hasieran, finantza krisiak beste dimentsio bat hartu du. Fannie Mae eta Freddie Mac hipoteka emaileak nazionalizatu ditu AEBetako Gobernuak, porrot egiteko zorian zeudela. George Bush errepublikanoa dago Etxe Zurian, haren agintaldiko azken hilabeteetan, eta finantza erakunde pribatuak diru publikoarekin erreskatatzeko erabakiak harri eta zur utzi ditu ideologia ezberdinetako politikari eta herritarrak. Alderdi errepublikanoan kritikoek «sozialismoarekin» identifikatu dute nazionalizazioa. Demokraten aburuz, aldiz, gehiegikeriak egin dituzten bankarien mesederako jarri da dirua, baina ez hipotekak itzuli ezinik etxea galtzen ari diren milioika herritarrei laguntzeko.

Lehman Brothersek denak ditu begira. Bear Sterns ekuaziotik kenduta, AEBetako bost inbertsio banku handietatik txikiena da. Bankagintzan elitearen elitea dira inbertsio bankuak. Wall Streeten aristokrazia. Banku komertzial arruntei ezarritako kontrol neurrien hersturarik gabe, tratuak egiten eta desegiten dituzten erakundeak dira. Erregeak jarri eta erregeak kendu. Ekonomia errealari sostengua ematen zioten garaiak aspaldi joan dira. Dirua irabazteko makinak dira, finantza mundua produktu exotikoekin gainezkatu dituzten kasinoak.

Halabeharrez, arnasa bilatzeko azken ahalegina egin du Lehman Brotherseko zuzendaritzak. Hirugarren hiruhilekoan 3.400 milioi euro galdu dituela aitortu du. Negozioa berregituratzeko plan bat ere iragarri du, higiezinekin duen arriskua murrizteko. Inbertitzaileek arnasa ukatu diote, ordea. Irailaren 11n beste %41 galdu du bankuak burtsan. Belauniko dago. Okerrena, zalantzan jartzen hasia da beste bankuen sendotasuna. Merrill Lynch da zerrendako hurrengoa, baina Morgan Stanley edo Goldman Sachs ahalguztidunak ez daude susmo txarretatik libre. Zabuka dabil sistema osoa.

Bilera sekretua New Yorken

Paradoxikoki, gobernuaren izenean atakari irtenbide bat bilatu behar dion pertsona bankari ohi bat da. Eta ez nolanahikoa. Henry Hank Paulson Goldman Sachseko mandatari nagusia izandakoa da 1999. eta 2006. urteen artean. Alegia, amesgaiztoa piztu duten finantza produktu konplexuak kozinatzen ari ziren garaian. Orain, AEBetako Altxorreko idazkari modura, hari dagokio krisiari erantzun politikoa ematea. Inork ez dio ukatu auzia hurbiletik ezagutzen duela. Kritikoentzat, gertuegi, bankagintzan dituen harreman estuak direla medio.

Lehmanen erorketa geldiezina da. Irailaren 12an, ostirala, Paulsonek erabaki du zirt edo zart egiteko unea dela. Ben Bernanke Fed Erreserba Federaleko presidentearekin, Timothy Geithner New Yorkeko Erreserba Federaleko buruarekin eta Christopher Cox SEC burtsa ikuskaritzako arduradunarekin etengabeko kontaktuak ditu. Merkatuak astebururako ixten direnean, arratsaldez, inbertsio banku handietako buruak eta zuzendariak bilera sekretu batera deituko ditu.

Lehmanen patua erabakiko du batzar horrek. Bankuari irtenbide bat eman beharko zaio astelehenean merkatuek berriro ireki baino lehen. Agendan, beste erabaki bat gorriz markatua dute sektore publikoaren ordezkariek: gobernuak ez du oraingo honetan faktura pagatuko. Ez da diru publikorik jarriko Lehman salbatzeko.

Gerora asko eztabaidatu da estrategia horri buruz. Protagonistek bertsio ezberdinak eman dituzte denbora igaro ahala. Porrota gertatu zenean, gaizki aritu zen edozein enpresa ez zutela sarituko argi uzteko saio gisa aurkeztu zuten. Ondoren, sortu zen anabasa ikusita, ez zutela Lehman zuzenean laguntzeko legezko modurik argudiatu zuten. Zergatik Bear Sterns bai eta Lehman ez? Bada, lehenaren kasuan erosle bat zegoelako. Kontua da Lehmanek ere izan zituela ezkontideak azken unera arte, baina diru publikoaren txorrota irekitzeko imintziorik ez zuten egin Altxorrak eta Erreserba Federalak.

Larrialdi egoera dela jakin badaki Dick Fuldek. Hura ere saiatu da lehiakideak zundatzen, tratu baten bidez bankua onbideratzeko. Fulden agintaritza estilo gordinak ez ditu zale asko sektorean. Zuloan egonda ere, ezinezko baldintzekin tematzea leporatu izan diote. Aktibo kutsatuen benetako tamaina ez aitortzea ere bai. Paulsonen deia iritsi denerako, bi kanal ditu zabalik, Bank of Americarekin eta Erresuma Batuko Barclaysekin. Altxorraren gonbitak baldintza bat dauka: Fuld ezingo da agertu. Haren azkena da bankari handien olinpoan.

New Yorkeko Erreserba Federaleko Bankua aukeratu dute biltzeko. Pizkunde estiloko eraikina botere ekonomikoaren gotorleku bat da, literalki: azpiko kutxa gotorrean AEBetako urre erreserbaren %5 inguru gordeta dago. Egun horretan finantza boterea ordezkatzen duten familia nagusiei ireki dizkie ateak. Urduri daude. Ez zaie azaldu bileraren helburu zehatza. Bakoitzak bere aulkia bilatu duenean, Paulsonek ez du denborarik galdu. Lehmanen odolustea ixtea ezinbestekoa da, eta zuzenean bota die: «Ez dago adostasunik gobernuak egin dezan. Merkatu pribatuko irtenbide bat bilatu beharko duzue». Milaka milioi kostatu behar zaie.

Salbamendu pribatua

Lehiakide eta aurkari zuzen bati laguntzea eskatzen ari zaie AEBetako Gobernua. Bankari askorentzat, desatsegina ez ezik, negozio espirituaren aurkakoa da, baina, errealitatean, aurretik gutxienez pare bat aldiz gertatu da. 1907. urtean John Pierpont Morganek diru bilketa bultzatu zuen banku izuari aurre egiteko. 1998an, berriz, banku nagusiek LTCM mailegu emailearen salbamendua koordinatu zuten.

Erlojuaren aurka eta gobernuak estututa, azkenean formula posible baten zirriborroa prestatu dute bankariek. Bitan banatuko dute Lehman, parte osasuntsua eta kutsatua bereizteko. Aktibo toxikoen ardura euren gain hartzeko zenbat diru jarri beharko duten eztabaidatzen ari direla iritsi zaie albistea: ez dago eroslerik.

Dramari falta zaion elementua da. Merrill Lynch, urkamendian hurrena izango den ziurtasunak gidatuta, Bank of Americara jo du akordio baten bila. Bank Of Americak argi utzi du: Merrill osorik azpiratuko du. Aukera falta eta prezioa ikusita, Merrilleko jabeek amore eman dute. Pieza bat desagertu da jokalekutik.

Barclays geratzen da, baina, Bob Diamond presidentea aurrera egiteko prest egonda ere, hezi gaindiezina atera zaio: Erresuma Batuko Gobernuak ez du tratua babestuko. Paulsoni deitu dio Allistair Darling Ogasun ministroak. Ez du AEBetatik «zaborra inportatu» nahi. Barclaysek, gainera, batzar orokorraren baimena behar du tratua ixteko, eta ez dago denbora fisikorik.

Igandea, irailak 14, amaitzen ari da, eta Asiako burtsak ordurako ateak irekita dituzte. Gobernuko ordezkarien erabakia irmoa da: Lehman Brothersek berehala aurkeztu beharko du porrot eskaera. Garbi ez badago, Cox SEC burtsa ikuskatzaileko buruak zuzenean deitu du bankura. Ukitu surrealista hartu du egoerak. Gobernua ari zaio esaten enpresa pribatu bati noiz errenditu behar duen. Azkenean, gauerdia igarota, administrazio kontseiluak bozketa egin du. Pare bat ordu geroago, New Yorken 01:45 direla, auzitegian aurkeztu du dokumentazioa. Ofiziala da: Lehman hil da, 158 urterekin.

Paulsonek badu itxaropen bat. Lehmanen patua argituta merkatuak lasaituko direla. Astelehenean, erabakia defendatu du. «Ez dut arrisku morala arinkeriaz hartzen», desenkusatu da, kazetarien aurrean. Mundu osoko burtsak erortzen ari dira ordurako. Nor da fidagarria eta nor ez? Nor izango da erortzen hurrengoa? Inbertitzaileek bankuetatik dirua ateratzeari ekin diote, finantza erakundeek elkarri dirua mailegatzeari utzi diote, mesfidantzaz. Trumoien kutxa itxi beharrean, parez pare ireki da.

Hurrengo egunetan, Lehman Brothersen hiletan, ez da hitz gozorik entzun. Ez dago denborarik. Bankuari ukatu zaion dirua jarri du gobernuak AIG aseguru konpainia salbatzeko —«baina hainbeste gauza egiten du aseguru enpresa batek?», galdetu omen du Bush presidenteak, beste erreskate publiko baten beharra ulertu ezinik—, eta, zurrunbiloaren erdian, inbertsio banku izateari utzi eta banku jabe tradizional bihurtzea erabaki dute Morgan Stanleyk eta Goldman Sachsek. Erreserba Federalaren zaintzapean geratuko dira, ordura arteko ibilbide askea galduta.

Martxotik irailera, bost inbertsio banku handiak desagertu, beste batzuekin elkartu edo negozio eredua aldatu behar izan dute. Lehman Brothers erori da, eta ordura arte Wall Street izan zena hil da harekin.

Gerta daiteke berriro?

Tsunamia bazetorrela ohartu ezinik

«Ez zen arazo bat merkatu batean; kataklismoa orokorra zen»

Mundua astindu zuen krisiaren kronologia

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna