Layla Martinez: «Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

  • 1030 hitz

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopia ez datza gatazkarik ezean, Layla Martinez (Madril, 1987) politologoaren ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

Nola definitu utopia?

Utopiaz ari naizenean, gizarte hobeez ari naiz; ez utopiaz gizarte zerutiar gisa, gatazkarik gabea, non perfekzio moduko bat lortu den, non ez den ezer gertatzen, politikarik, historiarik eta gatazkarik gabe bizi delako. Politika gatazkaren kudeaketa da, besteak beste. Ez badago gatazkarik ez dago politikarik, ezta historiarik ere. Utopia edenikoek substratu erlijiosoa daukate; gizarte perfektuak dira, denak harmonian bizi dira. Hori izan zen utopiekiko ikuskera nagusia mende askotan, Tomas Morotik utopia kolonialetara eta lehen sozialismoetara.

Ni ez naiz horretaz ari, gizarte hobe bati buruz baizik. Horietan, gatazkak bere hartan dirau oraindik, baina gatazka hori kudeatzen da guztientzako modu justuago batean, eta ez elite ekonomiko batzuen behar eta nahien arabera. Ari naiz gizarte erradikalki hobe bati buruz, guztiontzat, baina ez arazorik eta ikuspegi aniztasunik gabeko bati buruz. Bigarren hori teologiaren erreinua da. Interesgarria eta inportantea da, baina ez da politikaren esparrua. 

«Politika gatazkaren kudeaketa da, besteak beste. Ez badago gatazkarik ez dago politikarik, ezta historiarik ere».

Layla Martinez (politologoa)

Zergatik dira beharrezkoak?

Utopiarik gabe oso zaila delako mobilizazio politikoa egotea; bereziki, gauzak aldatu nahi dituen mobilizazio bat egotea. Lehenik, mobilizatu behar duzu aldaketa horiek gauzatu daitezkeelako sinesmena eta nahia; aldaketa sakonak eta gizarte hobeak posible direla. Hori gabe, gehienera ere, gaur egun dagoena kudea daiteke, gauza batzuk aldatuz: kasurik onenean, sozialdemokrazia moduko bat; okerrenean, paralisira edo aukera okerragoetara zaramatza.

Utopiak mobilizatzen du. Beraz, distopiak desmobilizatzen du?

Bai, uste dut distopiak paralizatzen duela. Pentsatzen baduzu etorkizuna halabeharrez okerragoa izango dela, zauden tokian geratu nahi duzu. Uste baduzu ezin dela ezer egin hori saihesteko, ziurrenik kontserbadorea bilakatuko zara, daukazunari eutsi nahi diozulako, datorrena okerragoa delako.

«Uste baduzu ezin dela ezer egin, ziurrenik kontserbadorea bilakatuko zara, daukazunari eutsi nahi diozulako».

Layla Martinez (politologoa)

Klima aipatzen duzu adibide gisa; eustea ez dela nahikoa.

Klimaren krisiak erakusten digu egungoari eustea ez dela desiragarria, ezta posible ere. Asko eta azkar aldatzen ez badugu, gure bizitza propioak konprometitzen ari gara planetan; gizakiona, baina baita jada sufritzen ari diren beste espezie askorena ere. Beraz, oso erraza da etorkizunarekiko pentsamendu distopikoak paralisia sortzea. Defentsiban kokatzen zaitu; klimaren krisiaren testuinguruan, behar dugunaren justu kontrakoan.

Utopiak: helburu edo ortzi muga?

Niri asko gustatzen zait Eduardo Galeanok egin zuen sintesia: utopia beti da beharrezkoa ortzi muga gisa. Beti da ortzi muga bat: inoiz ez zara iristen, inoiz ez gaude han, baina hara joateko egiten dugu aurrera. Hain zuzen, aurrera egite horixe behar dugu. Eta aldaketa sakonak lortzen dituzunean ere, beti egongo dira egitekoak. Dena dago mugimenduan; hori erakusten digu naturak. Egin dezagun mugimendua izan dadin onerantz; planetarekiko harremanean, gainerako izaki bizidunekiko harremanean... Niretzat, hori da utopien funtzioa: energien aktibazioa.

«Utopia beti da beharrezkoa ortzi muga gisa. Beti da ortzi muga bat: inoiz ez zara iristen, inoiz ez gaude han, baina hara joateko egiten dugu aurrera».

Layla Martinez (politologoa)

Liburuan erreferentzia ugari egiten dizkiozu zinemari eta literaturari.

Hori oso ondo ikusten da Mad Max. Fury road pelikulan. Distopikoa da; apokalipsi osteko mundu batean gertatzen da, jada hondamendian dagoen mundu batean. Utopia batek mugitzen du protagonista; espero du ura dagoen eta dena berdea den leku batera iristea, baina hara iristean konturatzen da hori ez dela existitzen; daukan aukera dela itzulerako bidea egitea, eta bere hiriaren ordena aldatzea.


Mezua?

Filmaren azpitestu politikoa liluragarria da, hain zuzen erakusten duelako utopiaren egitekoa: aldaketa nahi duena mobilizatzea, martxan jartzea. Filmak dio ezin dela helburu edo helmuga batera iritsi; ez dagoela. Aldaketak ez daudela beste leku zerutiar batean. Utopia dela itzultzea eta zerorren lekutik gauzak aldatzen saiatzea. Hor lortzen dira aldaketak.

Liburuan, mundua irudikatzeko modua eta kontsumitzen diren kultur produktuak lotzen dituzu. Eta, hor, proposamen distopikoak dira nagusi. Zergatik dago hainbesteko eskaintza distopikoa, eta hain gutxi utopikoa?

Ekoizpen kulturala eta errealitatea modu konplexuan daude harremanetan. Kontua ez da gizarte jakin batek objektu kultural jakin batzuk sortzen dituela; hori horrela da, baina ez soilik norabide horretan: alegia, ekoizten diren produktu kulturalek aldatu egiten dute gizartea. Bi norabideko bidaia da. Aldatzen dira kontzientziak, gauzak ikusteko modua.

 Bada, neoliberalismoak eta distopiak elkar indartzen dute, biak nahasteraino. Badugu sentipena distopietan bizi garela —abortuaren debekua eta The Handmaid's tale—.

«Neoliberalismoak eta distopiak elkar indartzen dute, biak nahasteraino. Badugu sentipena distopietan bizi garela».

Layla Martinez (politologoa)

Utopia lortu ezinezko amets batekin lotzea oztopo dela diozu. Zertarako borrokatu inoiz iritsiko ez den zerbaiten alde?

Kritiko batzuek horixe diote: utopiak ere paralizatzaileak izan daitezkeela, lortzeko ezinezkotzat jotzen direlako. Arrisku hori saihesteko modua zera da, aldaketa sakonetan sinesten dutenek bi mailatan jardutea: bihotza ortzi muga utopikoan jarrita eta, aldi berean, momentu honetan hartu beharreko neurrien pragmatismoarekin. Biak behar dira, bakarrak ez duelako funtzionatzen.

Nola uztartu biak?

Bakarrik pragmatismoan bazaude, ez duzu aldaketa handirik lortuko. Eta begirada soilik ortzi mugan baduzu, arriskua duzu iluminatu bat izateko eta egiazko aldaketarik ez egiteko, horiek prozesu bati jarraitzen diotelako. Biak behar dira; tentsio hori oso zaila da uztartzen. Ez da hainbeste iraultza-erreforma tentsioa, baizik eta sintesi bat: zer erreforma behar ditugun iraultzarako. Uste dut erabat utopikoak izan behar dugula, eta, aldi berean, sakonki pragmatikoak. Amestu behar dugu patriarkatuaren amaiera, baina, bitartean, gauzak egin behar ditugu norabide horretan.

«Uste dut erabat utopikoak izan behar dugula, eta, aldi berean, sakonki pragmatikoak».

Layla Martinez (politologoa)

 Erreferenteak behar dira? 

Iraganera begiratu behar dugu ikuspegi kritikoarekin; ez nostalgiaz, hori ere paralizatzailea izan daitekeelako, tresnak hartzeko baizik. Baina orainaldiari ere erreparatu behar diogu Mendebaldeko testuinguruaz harago; idealizatu edo erromantizatu gabe, baina bai erreminta kutxa gisa; erreminta gehiago behar ditugu kutxa horretan, eta erreferente asko daude. 

Ez da egia [kapitalismoak] pitzadurarik ez duenik, betiko iraungo duenik; kapitalismoa anekdota bat da gizateriaren historian, eta bukatuko da. Agian bukatzen ari da jada. Aukera bakarraren ideia hori apurtzeko, beharrezkoak dira erreferenteak. Asko daude, klima krisiarekin gauza asko egiten ari dira. Erreferenteak bilatzeak berak ahaldundu egiten zaitu.

«Kapitalismoa anekdota bat da gizateriaren historian, eta bukatuko da. Agian bukatzen ari da jada».

Layla Martinez (politologoa)

Zuretzat, giltzarri da etorkizunaren eta aurrerapenaren arteko loturaren haustura. Noiz gertatu zen hori? Eta nola lotu berriro?

Frederic Jamesonek dio hori gertatzen hasi zela 1970eko hamarkadaren amaieran. Orduan hasi zela apurtzen ilustraziotik zetorren uste bat: etorkizuna hobea izango dela. Postmodernitatearen teorikoek diote hori gakoa dela ulertzeko modernitatearen amaiera; aurrerapenaren ideiaren higadura.

Uste dut aurrerapenaren ideia modernitatekoa dela, jada ez duela funtzionatuko, ez lukeela berriro funtzionatu beharko, baina postmodernitatean sor dezakegula beste konfiantza bat etorkizunarekiko, ez aurrerapenaren ideiari lotua.

Jatorrizko artikuluak