Euskal Herriko pentsamenduaren historia liburu bakarrean bildu du Joxe Azurmendik

  • 171 hitz
  • Albistea entzun

Erdi Aroan abiatu eta XX. mendearen atarira heltzen den denbora tartea hartzen du lanak. Tarte horretan zer gogoetatu den Euskal Herrian; zeinek, nondik. Joxe Azurmendi filosofoaren obraren zutabeetako bat ardatz hartuta: Euskal Herriaren eta euskal kulturaren historia euskaldunen ikuspegitik eraikitzea.

Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Eskolaren eta gogoetaren lana gizaldiz gizaldi izena du liburuak. 

ERDI AROKO TUTERA
Judu, musulman eta kristau

«Ezjakintasuna erabatekoa da gizarte zibilean hala eliztarrean». Hala deskribatzen du Azurmendik V. mendeko giroa, harik eta VIII. mendean «berreskurapen bat» izan zen arte, hau da, monasterioetan eskolak sortuz joan eta, astiro, Europa guztira zabaltzen hasi ziren arte.

Garai hartako hari esanguratsu bati heltzen dio hor Azurmendik: Nafarroa, kultura musulmanaren eta Europa kristauaren arteko zubi gisa. XII. mendean, nabarmendu egin zen fenomeno hori: Korana Iruñean itzuli zen lehenengoz latinera, 1143ean. Juduak izan ziren kristauen eta musulmanen arteko bitartekaririk behinenak, eta Tuterak izan zuen judu komunitaterik nabarmenena. Beste bi iraultza handi ere jazo ziren aro haren amaieran: paperarena eta inprentarena.

MARGARITA NAFARROAKOA
Arteak eta erreforma

Jauzi bat Aro Modernora —XV. mendearen amaierara—. Nafarroako erresuma eraitsi dute, eta horrek beste eten bat dakar Euskal Herriko pentsamendura, aurrerantzean inperioen koordenatuetan sortuko baita. Estatuak inkisizioa eta sorgin ehiza baliatuko ditu «tresna politiko-polizial gisa». Azurmendi: «Inkisizioak eraginiko terrorearen ondorioa izan da euskaldun jendeak atzerritiko ideia ororen aurrean beldurrez eta mesfidaz erreakzionatzea. (...) Euskal Herria Europako zientzia eta pentsamendu modernoaren mareagora guztitik kanpora geratu da».

«Inkisizioak eraginiko terrorearen ondorioa izan da euskaldun jendeak atzerritiko ideia ororen aurrean beldurrez eta mesfidaz erreakzionatzea».

Joxe Azurmendi (Filosofoa)

Aurrez, Nafarroako erresumaren azkenaren erreginak mugituko ditu urak: Margarita Nafarroakoak (1492-1549).  Nabarmen hauspotu zuen erlijio erreformaren aldeko pentsamendua, eta katolizismorik hertsienaren haserrea sutu zuen hala. XVI. eta XVII. mendeetako pentsamendua «erlijio araztasuncloseGarbitasun.aren zelo sutsuak» laburtzen duela dio Azurmendik.

JOANES UHARTE
Argi gutxiko ilustrazioa

Austriar Etxearen mendeetan segituta, euskal gizartea kanpoan barreiatuta agertuko da, Espainiako inperioarentzat lanean batik bat. Erakusle garbiak, Ignazio Loiolakoa eta Frantzisko Xabierkoa; Nafarroako konkistan Gaztelaren aldera lerratutakoa lehena, eta independentziaren alde borrokatu direnetako bat bigarrena. Kontrarreforman kokatutako «fenomeno unibertsalak» biak. «Loiola eta Xabier seguru asko sekula euskaldunek mundu guztian izan duten eraginik handiena ukan dutenak ditugu».

«Loiola eta Xabier seguru asko sekula euskaldunek mundu guztian izan duten eraginik handiena ukan dutenak ditugu».

Joxe Azurmendi (Filosofoa)

Ehunka aritu ziren inperioarentzat lanean; horien artean bat, Joanes Uharte Donibaneko zientzialaria. Azurmendiren begietara, «humanista zientifiko bakana [...], tradizioarekin borrokan jarduna Espainietako giro zailean». 

Azurmendiri segika, XVIII. mendeak heldu behar izan zuen benetan mugimendurik sumatzeko. «Euskal Herria XVI. mendeko iraultza erlijioso gabe eta XVII. mendeko iraultza razionalista gabe sartuko da, kasik Erdi Arotik salto eginez, Ilustrazioraino».

PEÑAFLORIDAKO KONDEA-ETA
Tertulia erudituak

Joan dira katolikoen eta protestanteen arteko erlijio gerrak, eta Europa egonkortasun eta biziberritze aro batean da. Jendearen %70-80 analfabetoa zen Europa hartan «herria eskolatzeari» inoizko garrantzirik handiena eman zitzaiola dio Azurmendik.

Giro horren testigu, Euskal Herriaren Adiskideak izan zen Euskal Herriko proiektu ilustratuetako bat. «Tertulia eruditucloseJakintsu.ak instituzionalduz» eratu zen elkarte hori, 1748an, Peñafloridako kondearen bultzadaz, Azkoitian (Gipuzkoa). 

Hegoaldeko gazte ugarik mugaz bestaldera jo zuen eskola bila, asko Baionako Hiriko Kolegiora. Bergarako jesuiten eskolak ere eskaini zuen aurrerapenik irakaskuntzan. Garapen soziokultural handirik lortu baino lehen, baina, tropa frantsesek desegin egin zuten, 1794an. Orduan hartu zuen Borboi dinastiak Austria Etxearen lekua ere. «Monarkiaren pentsamendu uniformistaren aitzinean, euskal jendeak ez du beste ideologiarik, aurreko mendeetan landutako alde batetik foruzalea eta bestetik monarkiaren deboziozkoa baino. [...] Euskal Herrian ideologia nagusiaren bi oinarri tradizionalak elkarren etsai bihurtu dira: foruzaletasuna eta monarkiarekiko atxikitasun itsua».

«Euskal Herrian ideologia nagusiaren bi oinarri tradizionalak elkarren etsai bihurtu dira: foruzaletasuna eta monarkiarekiko atxikitasun itsua».

Joxe Azurmendi (Filosofoa)

GARAT ANAIAK
Desastrearen ispilu

1789a. «Proba eta azterketa gaitza pentsamendu europar guztiarentzat». Horixe Frantziako Iraultza Azurmendirentzat.

Baionatik Bilbora, kultura ilustratu frantsesa estimatua zela azaltzen du Azurmendik. Oro har aire berrien desira bazela dio, hiriaren eta landaren arteko aldea gainditzekoa, erlazio soziopolitikoak berritzekoa, ezagutza askatzekoa. Hori zen nahia, baina besterik gertatu zena: «Errusiatik Portugalera espiritu liberalenak berak jarrera moderatuetara uzkurtu dira [...]. Tradizionalistak mende osoko itsuskerian itsutu dira, edozein berritasunetan deabrua bera susmatuz».

[Frantziako] Iraultza Euskal Herriarentzat izan zen «desastrearen ispilu bizitzat» jotzen ditu hartara Azurmendik. 

Iraultzako proiektua lantzen eta burutzen aritu ziren euskal herritarren artetik, entzutetsuak izan ziren Garat anaiak: Dominique eta Dominique Joseph uztariztarrak. [Frantziako] Iraultza Euskal Herriarentzat izan zen «desastrearen ispilu bizitzat» jotzen ditu hartara Azurmendik. «Euskal Herri zaharraren maitale handiak izan arren, haren erakunde historikoen azken betiko hondamendiaren lekuko izan dira, eta eragite ere bai hein batean, euren asmoaren aurka».

UNAMUNO ETA ARANA GOIRI
«Etendura espiritua»

XIX. mendean, auzi politikoek hartu zuten erdigunea. Liberalismoaren eta karlismoaren arteko talka gisa mamitu zen hori Euskal Herrian. Hortik, XX. mendean tradizio politiko nagusi izango direnetara iritsiz bukatzen du Azurmendik: nazionalismoaren eta sozialismoaren ur berrietara helduta. Horiek izan ziren XIX. mendean Europako korronte nagusiak, eta isla izan zuten Euskal Herrian ere. Azpimarraz datozen egile bi dira Miguel  Unamuno eta Sabin Arana Goiri hor. Unamunok existentzialismoaren aldeko ideiak erein zituen, besteak beste, eta Arana Goirik ahalegina egin zuen euskal herritarren gogoa «euskal arrazaren (nazioaren) batasunaren eta independentziaren» alde jartzeko, klase diferentzien gainetik. 

Jatorrizko artikuluak