Ukraina Txinarentzat: Mendebaldea proban jartzeko aukera

Olatz Urkia |
  • 650 hitz
  • Albistea entzun

Olatz Urkia kazetariaren arabera, inbasioa ez dator bat Txinaren filosofiarekin; hala ere, nazioarteak Putinen jarrera kondenatu du, eta Pekinek, berriz, tonu neutralagoa hartu du. Urkiaren arabera, Ukraina «laborategia» da denentzat: «Mendebaldea urrunetik neurtu ahal izateko aukera paregabea da».

Xi Jinpingek herenegun hitz egin zuen telefonoz Vladimir Putinekin, eta Ukrainarekin negoziatzeko eskatu zion. Inbasioa ez dator bat Txinaren filosofiarekin, eta Asiako potentzia ez da gerra batean izan mende erdian; hala ere, orain nazioartea Putinen jarrera kondenatzen ari den bitartean, Pekinek bere tonu neutralago horri eusten dio.

Putin lasai, Txina alboan duela jakinda

Inork espero ez zuen pausoa eman eta oraindik Putin munduaren aurrean lasai eta oldarkor ageri den honetan, naturalki burura datorkigun ideia da erabat erotu dela. Mendebaldeak zigorrak jarri eta Moskuk bere horretan jarraitzen duenean ere, ez dugu ulertzen, eta beldur falta horren atzean eromena ikusten dugu. Baina agian Txinaren babesak azaltzen du era batean presidente errusiarraren jarrera.

Egunotan Putinen inbasioa kondenatu ez, eta, aldiz, Errusiaren kontrako zigorrak kritikatu ditu Pekinek, ezer onik ekarriko ez dutela esanez. Horren guztiaren atzean Gerra Hotzaren mentalitate zaharkitua dagoela salatu, eta, horrela, Estatu Batuen gain utzi du erantzukizuna.

Argi eta garbi esan ez duen arren, seguruenik zigorrek sortutako galerak orekatzeko emango dio laguntza Errusiari: bankuek laguntza finantzarioa eman, eta energiaren sektorean akordioak izango dira.

Eta orain, Txina munduko lehen potentzia izateko gertu dagoela, agian Mendebaldearen zigorrek ez dute lehen zuten botere berbera.

«Txina munduko lehen potentzia izateko gertu dagoela, agian Mendebaldearen zigorrek ez dute lehen zuten botere berbera».

Deseroso edo erosoegi?

Txinan ere, Ukrainan gertatzen ari dena sinetsi ezinik dago gizartea. Baina gobernua eta Xi opakuak dira oso. Nork daki buruan zer duen.

Batzuetan, esnatu eta pentsatzen dut Pekin oso egoera deserosoan jarri duela Moskuk: imajinatu klasean lider harroputz bat dagoela, eta beste gehienek amen egiten diotela esaten duen guztiari. Bere gurasoak eta aitona-amonak ere izan dira lider aberats, eta ahotsa izatera ohituta dago (Estatu Batuak). Beste aldean, bestelako ikuspegi bat duen klasekide indartsu bat dago. Bere aitona-amonak txiroak ziren, baina asko borrokatu ondoren belaunaldiz belaunaldi lortu du sendotu eta betiko liderraren parean egotea (Txina); ez du onartzen harroputzaren lidergoa, eta honek beldur dionez, eraso egiten dio beti.

Badago beste bat harroputzaren etsaia dena, eta munduaren ikuspegi antzekoagoa  duena (Errusia). Aukera askorik ez, eta, azkenean, batak bestea babesteko, elkartu egin dira azken biak, arerio komunaren kontra. Baina, bat-batean, hirugarrena erotu, eta harroputzari amen egiten dioten horien aurka egin du eztanda. Orduan, bigarrenak ikusi du bere aliatua erotuegi dagoela, baina etsai komunaren aurrean nolabaiteko fideltasuna zor dio.

Beste batzuetan, aldiz, kontrakoa pentsatzen dut, Pekin ez dela batere inuzentea, eta oso ondo neurtu duela guztia. Izan ere, Errusiak ez luke egingo Txina benetan haserretuko lukeen ezer, behar du eta. Esanguratsua da, oso, Neguko Olinpiar Jokoak amaitu arte itxaron duela Putinek armada Ukrainara bidaltzeko, bere aliatuari momentu okerrean protagonismoa lapurtzeko beldur izango balitz bezala.

«Errusiak ez luke egingo Txina benetan haserretuko lukeen ezer, behar du eta».

Bien artean ere badago oraindik mesfidantza, aspalditik izan dute lehiakortasuna, baina, azkenean, Moskuk onartu egin du Txinarekin duen desoreka hori, eta bigarren planoan jarri da. Txinak iraganean begiratu izan dio Errusiari kezkatuta, baina orain beste garai batean dago: ez ditu urteetan kezkatu duten barne arazo horiek (Tibet, Xinjiang eta Hong Kong), pandemia kontrolpean mantendu izana ere arrakasta handia da harentzat, eta bai Joko Olinpikoak eta bai Neguko Jokoak antolatu dituen lehen herrialdea bihurtu da oraintxe. Indartsu sentitzen da Txina, ez dio beldurrik Errusiari; alderantziz, Mosku da Pekin gertu mantentzeko kontuz ibili nahi duena.

Nazioarteko hierarkiak aldatzen?

Inork espero ez zuena gertatzen ari da. Europa eta Mendebaldea ukiezinak zirela uste genuen.

«Inork espero ez zuena gertatzen ari da. Europa eta Mendebaldea ukiezinak zirela uste genuen».

Agian, Mendebaldeak Errusiari eta batez ere Txinari entzungor egin die luzeegi. Izan ere, abisatu dute, Pekinek eta Moskuk denbora daramate esaten munduan aldatu behar diren mekanismoak ikusten dituztela. Xik eta Putinek, Neguko Jokoen hasieran Pekinen bildu zirenean, iragarri zuten Mendebaldearen betiko lidergoari oreka egingo zion bloke alternatiboa zirela; Txinak eta Errusiak munduko hierarkia zaharrak aldatu nahi dituzte.

Eta Ukraina, tamalez, laborategia da denentzat, segur aski baita Txinarentzat ere: Mendebaldea urrunetik neurtu ahal izateko aukera paregabea da, horrelakoak gertatzean Estatu Batuak noraino iristeko gai diren ikusteko momentua.

Jatorrizko artikuluak