Santurtziko udaltzailek gazte bat hil dute Santurtzin, taser pistola batekin gerarazita. Mireia Salazar Gabarrok arma horien ondorioez eta arriskuaz ohartarazi du. Arma horiek debekatzeko eskatu du, eta polizia eredua auzitan jarriko duen eztabaida politiko eta publiko bat sustatzeko.
Taserraren erabileraz eta arma horren ondorioez ohartarazi du Mireia Salazar Gabarrok (Bartzelona, Katalunia, 1992), giza eskubideen defentsarako Iridia zentroko abokatuak.
Zer dira taserrak, eta nola erabiltzen dira?
Taserrak arma elektrikoak dira, eta zenbait mota daude. Pistola elektriko ere deitzen diegu: energia elektrikoa armatik pertsonaren gorputzera. Berez, egoera jakin batzuetan pertsonak erabiltzen dira, eta, suzko armekin alderatuz gero, arma ez hain arriskutsutzat jotzen dira. Guk jartzen dugu ideia hori, oso arma arriskutsuak baitira: zauri larriak eragin ditzakete, baita jendea hil ere.
Oso zabalduta al dago taserraren erabilera?
Herrialde bakoitzaren testuinguruaren eta praktika polizialaren araberakoa da. Adibidez, herrialde batzuetan erruz erabiltzen dira suzko armak, eta jende asko hiltzen da halako armak tarteko. Bada, halako lekuetan, heriotza gutxiago egon daitezen erabiltzen dira taserrak. Baina hori ez da gure inguruko polizia ereduaren testuingurua. Ez dago taserra erabiltzeko beharrik.
Badago taserraren erabilera mugatzen edo zehazten duen araudirik?
Kataluniako egoeraz hitz egin dezaket. Mossoek 2018an eskuratu zuten taser pistolak erabiltzeko aukera, eta, nik dakidala, ez dago haiek nola erabili zehazten duen araudirik; edo, behintzat, ez dago zehaztuta zenbat deskarga elektriko eman daitezkeen. Guk aztertu ditugun taserretan, deskarga bakoitzak bost segundo irauten du, baina ez dago halako zenbat eman beharko liratekeen arautzen duen gidarik. Horrek zalantza asko sortzen dizkigu. Hain justu, azken urteotan taserraren ondorioz hil diren zenbait herritarren berri izan dugu; kasu horietan guztietan, biktimek deskarga bat baino gehiago jaso zuten.

Zer ondorio ditu?
Agerikoa da arriskutsua dela, gorputz bati deskarga elektrikoak ematen baitizkio, baina aintzat hartu behar da gorputz bakoitzak bere erara erantzuten duela. Jakina, ezinezkoa da lehen begi kolpean herritar bakoitzaren osasunaren berri izatea: ondoez psikologikoko arazorik ote duen, deskarga horiekin erreakzionatuko duen medikaziorik hartzen ote duen, bihotzeko ote duen, bihotzaren erritmoa azkartzen duten substantzia toxikorik hartu ote duen…
Halako kasuek polizia ereduaren inguruko eztabaida politiko bat sustatu dezakete?
Hala izan behar luke. Taserraren erabilera ez ezik, polizia eredua ere jarri behar da auzitan. Edozein gizarte demokratikotan, ezinbestekoa da Poliziaren kontrolaren eta jarreraren inguruan hausnartzea eta hura jopuntuan jartzea, zuzenean eragiten baitigu herritarroi, are gehiago arriskutsuak diren armez ari garen honetan.
«Kasu hauek bide eman beharko lukete Poliziaren operazioak eta ekintzak gainbegiratuko lituzkeen kontrol mekanismo independente bat ezartzeko»
Iridiak polizia indarkeriarekin lotutako zenbait kasu judizial ditu esku artean. Nolakoa da ibilbide hori?
Polizia indarkeriaren ondorioz hil den pertsona baten kasua aztertzeak ez ezik, Poliziaren jarduna auzitan jartzeak ere izan behar du helburua. Polizia indarkeriarekin lotutako zenbait kasu landu ditugu, eta beti gertatzen da gauza bera: polizia operazio jakin baten inguruko xehetasunak eskatzen dira, gardenki, eta gertatutakoa ikertzen da, baina ez da Poliziaren sistema bera aztertzen. Prozesu judizialari dagokionez, gainera, handia dago halako kasuetan; pentsa, Poliziak berak egiten ditu hasierako txostenak.
Hortaz, eta egungo testuingurua aintzat hartuta, ikusita eskuin muturra nola ari den gora eta gora, Poliziaren sistema osoa auzitan jartzea da erronka handienetako bat. Kasu hauek bide eman beharko lukete Poliziaren operazioak eta ekintzak gainbegiratuko lituzkeen kontrol mekanismo independente bat ezartzeko.
Iridiak planteatzen al du bestelako polizia eredu bat?
Guk proposatzen duguna da, lehenik eta behin, Poliziari ematen ari zaizkion arma kopuru handiarekin kritikoak izatea. Bereziki kezkatzen gaitu udal poliziek armak izatea, kontrol gutxi baitago Poliziaren talde horien inguruan, eta ez dago kasik araudirik edo kontrolerako mekanismorik, ezta protokolorik ere.