Giza eskubideen defentsarako Iridia zentroko abokatua

Mireia Salazar Gabarro: «Taserraren erabilera ez ezik, polizia eredua ere jarri behar da auzitan»

Poliziak deskarga elektrikoak emateko erabiltzen dituen armak dira taserrak, eta, azken urteotan, hainbat pertsona hil dira taserrak tarteko zirela. Iridia zentroko abokatuaren arabera, «oso arriskutsuak» dira, eta ez dira «inondik inora» beharrezkoak.

MIREIA SALAZAR GABARRO.
MIREIA SALAZAR GABARRO.
maddi iztueta olano
2026ko ekainaren 26a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taserraren erabileraz eta arma horren ondorioez ohartarazi du Mireia Salazar Gabarrok (Bartzelona, Katalunia, 1992), giza eskubideen defentsarako Iridia zentroko abokatuak. Polizia indarkeriaren zenbait kasu landu ditu, eta, egindako ibilbideari erreparatuta, ondorio argi bat nabarmendu du: Poliziaren erasoak ez ezik, ezinbestekoa da haren jarduna eta sistema osoa auzitan jartzea eta polizia ereduari buruzko eztabaida politiko eta publiko bat sustatzea. 

Zer dira taserrak, eta nola erabiltzen dira?

Taserrak arma elektrikoak dira, eta zenbait mota daude. Pistola elektriko ere deitzen diegu: energia elektrikoa daroate armatik pertsonaren gorputzera. Berez, egoera jakin batzuetan pertsonak immobilizatzeko erabiltzen dira, eta, suzko armekin alderatuz gero, arma ez hain arriskutsutzat jotzen dira. Halere, guk auzitan jartzen dugu ideia hori, oso arma arriskutsuak baitira: zauri larriak eragin ditzakete, baita jendea hil ere. 

Oso zabalduta al dago taserraren erabilera?

Herrialde bakoitzaren testuinguruaren eta praktika polizialaren araberakoa da. Adibidez, herrialde batzuetan oso orokortuta dago suzko armen erabilera, eta jende asko hiltzen da suzko armak tarteko. Bada, leku horietan, heriotza kopuru handiak murrizteko erabiltzen dira taserrak. Baina hori ez da gure inguruko eredu polizialaren testuingurua. Ez dago taserra erabiltzeko beharrik. 

Badago taserraren erabilera mugatzen edo zehazten duen araudirik?

Kataluniako egoeraz hitz egin dezaket. Mossoek 2018an eskuratu zuten taser pistolak erabiltzeko aukera, eta, nik dakidala, ez dago horren erabilera zehazten duen araudirik; edo, behintzat, ez dago zehaztuta zenbat deskarga elektriko eman daitezkeen. Guk aztertu ditugun taserretan, deskarga bakoitzak bost segundo irauten du, baina ez dago halako zenbat eman beharko liratekeen arautzen duen gidarik. Horrek zalantza asko sortzen dizkigu. Hain justu, azken urteotan taserraren erabileraren ondorioz hil diren zenbait herritarren berri izan dugu; kasu horietan guztietan, biktimek deskarga bat baino gehiago jaso zuten.

Zer ondorio ditu?

Zaila da arma honen arriskuak identifikatzea. Agerikoa da arriskutsua dela, gorputz bati deskarga elektrikoak ematen baitizkio, baina aintzat hartu behar da gorputz bakoitzak bere erara erantzuten diela deskarga elektriko horiei. Jakina, ezinezkoa da lehen begi kolpean herritar bakoitzaren osasun egoeraren berri izatea: ondoez psikologikoko arazorik ote duen, deskarga horiekin erreakzionatuko duen medikaziorik hartzen ote duen, bihotzeko patologiarik ote duen, bihotzaren erritmoa azkartzen duten substantzia toxikorik hartu ote duen… Ezinezkoa da hori jakitea, baina poliziek badakite arrisku hori egon, badagoela. Poliziak gero eta arma gehiago ditu, nahiz eta ez dagoen horretarako beharrik. 

«Kasu hauek bide eman beharko lukete Poliziaren operazioak eta ekintzak gainbegiratuko lituzkeen kontrol mekanismo independente bat ezartzeko»

Halako kasuek sustatu dezakete polizia ereduaren inguruko eztabaida politiko bat?

Hala izan behar luke. Taserraren erabilera ez ezik, polizia eredua ere jarri behar da auzitan. Ezein gizarte demokratikotan, ezinbestekoa da Poliziak daukan kontrolaren eta jarreraren inguruan hausnartzea eta hura jopuntuan jartzea, zuzenean eragiten baitigu herritarroi, are gehiago arriskutsuak diren armez ari garenean. 

Iridiak polizia indarkeriarekin lotutako zenbait kasu judizial ditu esku artean. Nolakoa da ibilbide hori?

Polizia indarkeriaren ondorioz hil den pertsona baten kasua xeheki aztertzea ez ezik, Poliziaren jarduna auzitan jartzea izan behar da helburua; horixe da gakoa. Polizia indarkeriarekin lotutako zenbait kasu landu ditugu, eta beti gertatzen da gauza bera: polizia operazio jakin baten inguruko xehetasunak eskatzen dira, gardenki, eta gertatutakoa ikertzen da, baina ez da Poliziaren sistema bera aztertzen. Prozesu judizialari dagokionez, gainera, inpunitate handia dago halako kasuetan; pentsa, Poliziak berak egiten ditu hasierako txostenak. 

Hortaz, eta egungo testuingurua aintzat hartuta, ikusita eskuin muturra nola ari den gora eta gora, Poliziaren sistema osoa auzitan jartzea da erronka handienetako bat. Kasu hauek bide eman beharko lukete Poliziaren operazioak eta ekintzak gainbegiratuko lituzkeen kontrol mekanismo independente bat ezartzeko. 

Iridiak planteatzen al du bestelako polizia eredu bat?

Guk proposatzen duguna da, lehenik eta behin, Poliziari ematen ari zaion arma kopuru handiarekin kritikoak izatea. Bereziki kezkatzen gaitu udal poliziek armak izatea, kontrol gutxi baitago Poliziaren talde horien inguruan, eta ez dago kasik araudirik edo kontrolerako mekanismorik, ezta protokolorik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA