Uxue Alberdi: «Guk bizi izandakoak ez ditugu guk soilik bizi izan»

  • Albistea entzun

Espazio publikoa hartzen duen emakumearen kontrako indarkeria hogeita bi ardatzetan aztertu du Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) Kontrako eztarritik liburuan. Bertsolarien bizipenak abiapuntutzat hartuta, baina sakonago ulertuz. 2020an Literaturako Euskadi saria jaso du, saiakeran.

Ugarituz doan euskarazko pentsamendu feministan, kasik mugarri bat da ja liburua.

Nik sentitzen dut liburu hau oso lotuta dagoela pentsamendu feminista guztiarekin, eta hori bereziki mundu euskaltzalean egiten den feminismoarekin. Nahiz eta hor badagoen beste zapalkuntza bat: bertsolaritza euskaraz bakarrik egiten den jarduera bat izanda, badirudi, nolabait, liburu honetan aztertzen dena euskal mundutik kanpo ez dela. Badago zokoratu nahi den kultura bat, kontu tradizionalekin lotu nahi dena. Baina guk bizi izandakoak ez ditugu guk soilik bizi izan.

Bertsolaritza unibertsaltasunera hurbiltzen du liburuak, ordea.

Unibertsaltasunera, kritikara, artera... Bertsolaritza jardun moderno bat da, gaur gertatzen ari dena, herri honetan. Aldi berean, bada tradizioari estu lotutako jardun bat, eta hortik gatoz. Tradizio horrek modernotasunerantz egin duen bidea ere erakusten du lanak.

«Bertsolaritzan nik beti izan dut faltan kritika eta analisia. Txapelketaren bueltan antolatutako jardun bat da, eta askotan kirolaren antz handiagoa du»

Uxue Alberdi (Bertsolaria eta idazlea)

Bestalde, bertsolaritzan nik beti izan dut faltan kritika eta analisia. Txapelketaren bueltan antolatutako jardun bat da, eta askotan kirolaren antz handiagoa du arte batena baino. Bertsolaritza literaturarekin, arte plastikoekin eta abarrekin batera pentsatzea bazen ni eroso sentitzen naizen leku bat. Niri gustatuko litzaidake bertsolaritzak irautera hortik egitea, ahaztu gabe nondik gatozen.

Gizaki libre bat emakume nola egiten den aletzen du lanak. Beste partea falta dela esan duzu.

Saiakerako Euskadi sarituetan bigarren emakumea naiz ni; aurrekoa Arantxa Urretabizkaia izan zen, Bidean ikasia-rekin, genero zapalkuntzari zuzen lotua. Bitartean, gizonak ari dira pentsatzen munduaz. Batzuetan iruditzen zait sistemak gure egoeraz pentsatzera zokoratzen gaituela. Oso beharrezkoa zaigu, baina gustatuko litzaidake gu ere libre izatea munduaz pentsatzeko. Eta horretarako, agian, gizonek ere pentsatu beharko dute honetaz, euren kategoria nola eraikitzen den, nola operatzen duen.

Jatorrizko artikuluak