Donostiako 86. Musika Hamabostaldia

Inprobisazioa eta konbinazio berriak aurtengo Organo Zikloan

Hamalau kontzertuk osatuko dute aurten Hamabostaldiko Organo Zikloa. Parte hartuko duten organisten artean daude Shin-Young Lee eta Thierry Escaich, eta zenbait euskal artista ere arituko dira, Oreka TX eta Donostiako Orfeoia, horien artean.

Patrick Alfaya, Juan de la Rubia, Ana Belen Garcia, Michel Bouvard, Shin-Young Lee eta Laszlo Fassang, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Patrick Alfaya, Juan de la Rubia, Ana Belen Garcia, Michel Bouvard, Shin-Young Lee eta Laszlo Fassang, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 4a
18:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako 86. Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloa hilabetearen hasieran hasi zen, Azpeitiko (Gipuzkoa) San Ignazio elizan, eta jada lau emanaldi egin dituzte, bi Donostian, bat Deban eta bestea Ataunen. Gipuzkoan izan dira laurak, eta han jarraituko dute falta diren kontzertuek ere. Denera, hamalau emanaldik osatuko dute aurten zikloa, eta abuztuaren 13an amaituko da. Ana Belen Garcia Organo Zikloko koordinatzailea, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendaria eta Juan de la Rubia, Michel Bouvard, Shin-Young Lee eta Laszlo Fassang organistak egin dute haren aurkezpena, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organoaren aurrealdean.

Garciaren lana azpimarratu du, lehen-lehenik, Alfayak, eta organoaren zikloa «beste maila batera» igo izana goratu dio. Haren esanetan, bi gauza lortu ditu Garciak: belaunaldi berriei plaza bat eskaintzeaz gain, publiko gazteagoa ere erakartzea. Horretarako gakoa diziplinen arteko konbinazio berriak eratzea izan da, Hamabostaldiko zuzendariarentzat.

Organo Zikloaren koordinatzaileak, berriz, konbinazio berri horiei inprobisazioa gehitu izana nabarmendu du zikloaren bereizgarritzat. Azaldu duenez, aurtengoan inprobisazioek garrantzi handia izango dute, eta horiek euskal doinuekin izan duten —eta izango duten— lotura azpimarratu du: «Inprobisazio asko euskal gai eta erritmoetan oinarrituko dira». Organoekin batera arituko diren diziplenen artetik, dantzak, alboka, txalaparta, biolina eta abar aipatu ditu. Igandean, esaterako, Oihana Iguaran eta Jon Maia bertsolariak aritu ziren Juan De la Rubia organista katalanarekin, Ataunen; eta Oreka TX taldea, berriz, Paolo Oreni organo jole italiarrarekin arituko da Usurbilen, abuztuaren 12an.

«Inprobisazio asko euskal gai eta erritmoetan oinarrituko dira»

ANA BELEN GARCIA Organo zikloaren koordinatzailea

Fassang organista hungariarrak gaur eskainiko du errezitala Donostiako San Bizente elizan. Gipuzkoako hiriburua «bigarren etxe» sentitzen duela adierazi du; izan ere, Parisen ikasketak amaitu ostean lortu zuen lehen lanbidea Musikenen izan zen, inprobisazio irakasle gisa. Hark ere esan du gaurko emanaldia inprobisazioak markatuko duela, baita «oldarkortasun handikoa» izango dela ere.

Bihar, ordea, Shin-Young Lee organo jole hegokorearrak eskainiko du errezitala, Artzain Onaren katedralean, eta ez da bakarrik arituko. Bachen eta Borodinen piezak bakarlari moduan joko ditu, eta, horren ostean, Saint-Saensen Le carnaval des animaux pieza emango du, dantza garaikideko Verdini taldearekin batera.

Asteazkenetik igandera, berriz, Wayne Marshall, Thierry Escaich —Parisko Notre-Dame katedraleko organista titularra—, Matthieu de Miguel eta Aitor Olea ariko dira, azken hirurak lagunduta; Kea ahots taldearekin, Louna Carboleen biolin jolearekin eta Bergarako parrokia abesbatzarekin, hurrenez hurren.

Organo ikasleen elkargune

Aurten ere Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroa hartuko du Hamabostaldiak; 41.a izango da. Hogei bat ikasle inguru arituko dira, eta kontzertua joko dute ondoren, abuztuaren 8an, ostiralez, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan. Michel Bouvard izango da haien irakaslea, eta, hain justu, hark ere eskaini zuen kontzertua Donostiako Iesu elizan, igandean. Programa «konplexua» izan arren publikoa «izugarria» izan zela adierazi du.

Zikloa osatuko duten beste bi emanaldiak, bestalde, Tolosan eta Azkoitian izango dira. Hilaren 11n izango da lehena, Gerardo Rifon organista donostiarraren eskutik, zeina Donostiako Orfeoiarekin ariko den. Eta zikloa bukatuko duena, berriz, hilaren 13an, Martin Baker britainiarra izango da. Azkoitiko bertako Txalkor txistulari taldearekin arituko da.

Shin-Young Lee 86. Musika Hamabostaldiaren Organo Zikloaren aurkezpenean, gaur goizean, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan.
Shin-Young Lee 86. Musika Hamabostaldiaren Organo zikloaren aurkezpenean, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan. JON URBE/ FOKU

 

Kontzertuak egunez egun

  • Abuztuaren 4an. Laszlo Fassang, Donostiako San Bizente elizan.
  • Abuztuaren 5ean. Shin-Young Lee, Verdini dantza taldearekin, Donostiako Artzain Onaren katedralean.
  • Abuztuaren 6an. Wayne Marshall, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan.
  • Abuztuaren 7an. Thierry Escaich, KEA ahots taldearekin, Donostiako San Bizente elizan.
  • Abuztuaren 8an. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroaren 41. aldiko ikasleak, Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan.
  • Abuztuaren 9an. Matthieu de Miguel, Louna Carbonell biolin jolearekin, Azpeitiko Loiolako santutegian.
  • Abuztuaren 10ean. Aitor Olea, Bergarako parrokia abesbatzarekin, Bergarako San Pedro elizan.
  • Abuztuaren 11n. Gerardo Rifon, Donostiako Orfeoiarekin, Tolosako Andre Mari elizan.
  • Abuztuaren 12an. Paolo Oreni, Oreka TX taldearekin, Usurbilgo Salbatore elizan.
  • Abuztuaren 13an. Martin Baker organista, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen elizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.