Larunbateko erasoan Nicolas Maduro presidentea harrapatu ostean, Venezuelan Washingtonek agintzen duela esana du Donald Trump AEBetako presidenteak. Eta adierazi du esku sartze hori ez dela berehala amaituko: «Soilik denborak esango du zenbat luzatuko den». The New York Times egunkariak elkarrizketa egin dio Trumpi, eta galdetu diote zenbat denboraz arituko den Venezuela kontrolatzen: «Hiru hilabete? Sei? Urtebete?». Baina AEBetako presidenteak ez du epemugarik aipatu nahi: «Askoz ere denbora gehiagoz, esango nuke».
Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak hiru faseko plan bat iragarri zuen atzo Venezuelarako: «Egonkortasuna, errekuperazioa eta trantsizioa» dira fase horiek. Gainera, Chris Wright Energia idazkariak ziurtatu zuen AEBek epemugarik gabe kontrolatuko dituela Hego Ameriketako herrialde horretako petrolioaren salmentak. Trumpek ez du uste Venezuelako jarduneko gobernuak horretarako arazorik jarriko duenik: «Beharrezkoa iruditzen zaigun guztia emango digute». Larunbatean Venezuelako hainbat gune bonbardatu eta Nicolas Maduro presidentea harrapatu ostean, AEBek mehatxupean dute Delcy Rodriguez jarduneko presidentearen administrazioa.
Orain, herrialdea «berreraiki» nahi du Etxe Zuriko maizterrak: «Modu oso errentagarrian berreraikiko dugu». Errentagarria, AEBentzat: «Petrolio hori hartuko dugu, eta erregaiaren prezioek behera egingo dute». Bide batez, negozio hori Venezuelarentzat ere mesedegarria izango dela iradoki du AEBetako presidenteak: «Venezuelari dirua bidaliko diogu, behar-beharrezkoa dute eta».
Venezuelan hauteskundeak egiteko aukeraz galdetuta, Trumpek ez die erantzunik eman nahi izan The New York Times-eko kazetariei, eta ez die argitu Venezuelako jarduneko presidentearekin hitz egin duen ere: «Marco [Rubio] behin eta berriz aritu da harekin hizketan». Eta jarduneko agintariekin harreman ona duela argitu du: «Ez nuke hau esan nahi, baina errespetu handiz tratatzen gaituzte. Ondo moldatzen gara oraingo administrazioarekin». Trumpek Rodriguezi ohartarazia dio Maduroren moduan «edo okerrago» amaituko duela «ongi» jokatzen ez badu.
Astelehenean hartu zuen jarduneko presidente kargua Rodriguezek, eta AEBei elkarlanean jarduteko deia egin zien. Atzo, Miraflores jauregian, hainbat diputaturekin egindako bilkuran, Trumpek esandakoen inguruan mintzatu zen Rodriguez. AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialean atzo adierazi zuenez, Venezuelak AEBetako produktuak baino ezingo ditu erosi petrolioren bidez lortutako irabaziekin. Rodriguezek ez zuen halakorik baieztatu, baina esan zuen ez dela berria Venezuelaren eta AEBen artean merkataritza trukeak egitea: «Venezuelako esportazioen %27 AEBetara joaten dira».
Halere, jarduneko presidenteak argitu zuen Washingtonek ez duela esklusibotasunik izango: «Venezuelak harreman ekonomikoak eduki behar ditu hemisferioko herrialde guztiekin». Washingtonek, baina, ez du horrelakorik nahi. AEBetako hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dute Errusiarekin, Txinarekin, Iranekin eta Kubarekin dituen harremanak eteteko exijitu diola Etxe Zuriak Caracasi. Venezuelak bere baliabide naturalekiko duen subiranotasuna defendatu zuen atzo Rodriguezek: «Baliabide energetikoak erabili behar ditugu gure garapenerako eta munduko beste herrialde batzuenetarako». Hain justu atzo, Petroleos de Venezuela (PdVSA) enpresa publikoak jakinarazi zuen AEBei petrolioa saltzeko negoziazioak hasi dituela.
Oposizioa, erasoaren babesle
Rodriguezen arabera, «potentzia energetiko bat» izateak arazoak ekarri dizkio Venezuelari. Eta, haren hitzetan, hori bera dago Maduroren bahiketaren atzean: narkotrafikoa eta giza eskubideen defentsa «aitzakiak» baino ez direla uste du jarduneko presidenteak; «benetako arrazoia Venezuelako petrolioa da». Oposizioaren jarrera ere kritikatu zuen Rodriguezek, «urtarrilaren 3ko zauria» babestu zuelako, eta prest agertu delako herrialdea «makurrarazteko» eta baliabide naturalak arriskuan jartzeko.
Washingtonek Venezuelako oposizioa du 2024an egindako bozen garailetzat, baina, larunbatean egindako erasoaren ostean, ez du oztopatu chavismoak jarraitzea agintean. Oposizioko buru Corina Machadok, halere, uste du larunbatean Venezuela trantsizio politikoaren «beste fase batean» sartu zela, eta ez duela atzera-bueltarik. La Patilla oposiziorekin lerratutako agerkarian elkarrizketa bat egin zioten atzo, eta esan zuen chavismoak «bere burua desegiteko agindua» jaso duela. Trantsizio prozesua ahalik eta laburrena izatea espero duela gaineratu zuen, baina lehentasuna «preso politikoak» askatzea dela. Gainera, haren ustez, larunbateko erasoan AEBek ez dute nazioarteko zuzenbidea urratu: «Nazioarteko zuzenbidea herriak babesteko dago, ez armak dituztenak eta baliabideak lapurtzen dituztenak babesteko».
Orain arte emandako datu ofizialen arabera, AEBek egindako erasoan 57 pertsona hil zituzten: Kubako 32 soldadu; Venezuelako, 23; eta bi zibil. Atzo, berriz, Diosdado Cabello Venezuelako Barne eta Justizia ministroak esan zuen oraingoz ehun direla eraso horrek eragindako hildakoak, eta beste horrenbeste direla zauritutakoak. Con el Mazo Dando Venezuelako telebista kate nazionalean duen programan egin zituen adierazpen horiek.
petro eta trump, elkarrizketarako prest
Kolonbiaren subiranotasuna defendatzeko manifestaziora deitu zuten atzo Bogotan; Donald Trump AEBetako presidenteak mehatxu egin izan dio Hego Ameriketako herrialde horri ere, eta narkotrafikatzailea izatea leporatu dio Gustavo Petro presidenteari. Venezuelako erasoaren ondotik are eta gehiago tenkatu da bi agintarien arteko harremana. Atzo, baina, tentsioa baretzeko urrats bat egin zuten: telefonoz hitz egin zuten bi presidenteek. Bogotako manifestazioan Trumpen aurkako hitzaldi «gogor» bat ematekoa zen Petro, baina, protestetan elkartutakoei jakinarazi zienez, deiaren ostean gidoia aldatu zuen. Bi herrialdeen arteko komunikazioak berrabiarazteko prest agertu zen, eta AEBetako presidenteari azaldu zion narkotrafikoaren aurka borrokan ari dela. Trumpek jakinarazi zuenez, adostu zuten bi liderren arteko bilkura bat egitea Etxe Zurian.