Enekoitz Esnaola

Hilabetea: ekaina 2015 (Page 1 of 3)

Akats endemikoaz (I)

Orain ere prozesua eragile politikoek gehiegi kontrolatzeko arriskuaz aritu ginen igandeko analisian, eta akats endemiko horren adibideetako bat da Lizarra-Garazi garaia, kasurako German Kortabarriak (ELA) bere liburuko 704. oharrean kontatzen duena baliatuz ikusten denez. Hitzarmen hura 1998ko irailaren 12an sinatu zuten alderdi, sindikatu eta eragile sozial askok; aurretik aritu ziren lantzen. “Edonola ere, San Fermin jaien sasoian egindako bilkura batean norbaitek erabili zuen konparazioari jarraiki, argi zegoen entzierro hartan alderdiak zirela zezenak eta gainontzeko [Irlandako] forokokideak, haien ibilbidea errazteko eta akordioak babesteko zeuden joaldunak”. Kortabarriak ondoren dio Lizarra-Garazi akordioaren aurkezpena izan zen aste hartan bertan izan zuela ELAk “alderdien arteko adostasunaren berri, HB, EAJ eta EArekin izandako bileran; testurik ez zitzaion, hala ere, eman. (…) Larunbatean [1998-09-12] Foroari aurkeztu zitzaion testua erabat itxia eta ukiezina gertatu zen, eta bere hartan sinatu zen”.♦

Ur azpian gehiago ez izateko

BERRIAko analisiaren (2015-6-28) laburpena: Gaur zortzi, Gure Esku Dago-k deituta, milaka eta milaka herritar etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren Baionan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Euskal Herriaren askatasunaren bidean egitasmo interesgarria da Gure Esku Dago, baina badira bide gehiago zabalduak, badira errei gehiago, guztiak ere izaera, erritmo edota inplikazio desberdinekoak, —oraindik— artikulatu eta forma eman gabeak. Prozesu baterako, ertz denetako jendea batzeko formulak bilatu beharko dituzte. Jose Mari Esparzak Cien razones por las que dejé de ser español liburuan XIX. mendeko foruei buruz-eta ari denean dio “herria altxatzeko” ez dela aski “zapaltzailea” definitua izatea; negoziatzeko ezinbesteko direla “helburu argiak eta lider handiak”. “Euskaldunek ez dituzte izan, eta herria birrindu egin dute negoziazio mahaian”.♦

Euskara Gipuzkoako Batzar Nagusietan-eta

Egunkaria auzia dela-eta maiz etorri izan ziren ordezkari politikoak babesa ematera Andoainera, Martin Ugalde Kultur Parkera. Halakoetan beraien arteko elkarrizketetan ezin belarria jarri gabe geratu, eta alderdi abertzale desberdineko arduradun euskaldun ezagunenetako batzuk behin baino gehiagotan entzuten zenituen espainolez. Dezepzioa. Joan den asteartean Gipuzkoako Batzar Nagusietan ahaldun nagusiaren inbestidura saioan asko entzun zen euskara bi hautagaien eta taldeetako eledunen parte hartzeetan. Ahaldun nagusi berria euskalduna da, jakin dugu haren gobernuko diputatu denak ere euskaldunak direla (txalotzeko neurri politikoa; euskaraz egingo dituzte bilkurak, ezta?), Batzar Nagusietako presidentea ere euskalduna da (halaxe baino ez da aritu orain arte), eta juntetako bost taldeetako eledunetatik PPkoa da euskara ez dakien bakarra. Gazteen artean euskararen erabilera aregotzea da diputazio berriaren xedeetako bat. Ongi. Plaza publikoan (ere) segi dezatela beraiek halaxe, euskaraz, eta, haietako batzuk, pittin bat gehiago eginez. Euskaldunon normalizazioa.♦

Post scriptum: Markel Olanok baietz esan du, euskaraz egingo dituztela gobernu bilerak. Ongi.

Arnaldo Otegi

Baieztatu da Arnaldo Otegik datorren urteko apirilean (10ean?) kartzelatik irteten duenean hauteskundeetan hautagai izateko aukera izango duela. Aurrerapenik ezean, handik urte erdi batera izango dira Eusko Legebiltzarrerako bozak, urrian. Otegi 2008ko abuztuaren 30ean atera zen aurreko aldiz espetxetik, hamabost hilabetez barruan egon ostean. Foko publikoak utzi, eta lehen hiru hilabeteak ezker abertzaleko militante ugarirekin egoteko baliatu zituen, egoeraz eta etorriko zen estrategia berriaz mintzatzen hasteko. Hedabide batean aurreneko elkarrizketa justu hiru hilabetera eman zuen (Gara-n), apunte batzuk zabaltzeko. Lehen prentsaurrekoa, berriz, sei hilabete eta erdira, estrategia berriari buruzko hausnarketa eta lehen urratsak ofizial egiteko. Tartean —urtarrilean— Kursaalean solasaldi batean aritu zen. 2008koaren aldean bada alde nabarmen bat orain: badira bost urte pasa ezker abertzaleak abian duela estrategia berria. 2008an kartzelatik irten zuen egun berean eta, “intentsitate handiagoz”, bere ongietorrian, “erreferentziatzat” zituen militante asko eta asko joan zitzaizkion “ezker abertzalearen egoera kritikoaz kezka” agertzera. Bada beste alde handi bat 2008tik (50 urte zituen orduan): orain hamabost hilabetera ez, sei urte eta erdi erdira aterako da barrutik. ♦

Gasteiz: bigarren itzulia

Gasteizen udal hauteskundeek bi itzuli izan dituzte oraingoan: aurrenekoa maiatzaren 24koa izan zen, eta maiatzaren 25etik joan den larunbateko udalbatzarrera artekoa bigarrena. Lehenengoan Javier Maroto (PP) irabazle, botoen %29,8rekin (bederatzi hautetsi). Baina haren gizarte politikaren aurkako blokeak lortu zituen beste aulki guztiak: EH Bilduk, EAJk, PSEk, Hemen Gaude-k eta Irabazik. Orduan hasi zen hiritarren bigarren unea, presioa eginez. Gora Gasteizek gogoratu zuen “hiri plurala eta koloretsua” izateko konpromisoa agertu zutela PPk ez beste talde guztiek. “Adierazpenetatik konpromisoetara eta konpromisoetatik ekintzetara pasatzeko ordua iritsi da”. Jose Angel Cuerda, Joseba Azkarraga eta Blanca Urgellen taldeak ere eragin du. Emaitza: Maroto alkatetzarik gabe. Presio soziala modu zabalean egiten bada (izeneko jendea eta gizarte zibila) eta ez-oldarkorra bada, eraginkorra da. Gasteizko bigarren itzulian ikusi da.♦

Agintean abertzaleak nagusiki, baina…

BERRIAko artikulu analitikoaren (2015-6-14) laburpena: EAJk EAEko hiru hiriburuak eta aldundiak lortu ditu. Indartsu dago instituzioetan, Jaurlaritzan ere hura baitago. Baina inon ez dauka gehiengo osorik, eta PSErekin akordioa egin du. Lizarra-Garazitik (1998) zeuden horrelako itun bat egiteke. 1987an abiatu zuten lankidetza instituzional egonkorra, baina ordukoaren aldean ahul dago PSE. Nafarroan, aldiz, udaletan ere indar harremanak bestelakoak dira, erregimenaren aldaketaren aldekoak baitira nagusi: EH Bildu, Geroa Bai, herritar batasuneko hautagaitzak eta Ezkerra. Hegoaldean udal bozek eta udalen osaerak hiru bloke marraztu dituzte: abertzaleek indar handia daukate, bloke konstituzionalistaren udal pisua asko murriztu da, eta Ahal Dugu-Irabazi-Ezkerra eremu batzuetan erabakigarriak edo garrantzitsuak dira. Dena dela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bloke abertzalearen nagusitasuna ez da bere ahalmen osoarekin garatuko erakundeetan, EAJ-PSE itunagatik.♦

Captura de pantalla 2015-06-16 a las 12.06.41

Nafarroa (IV): aitortza

Esate batera, jakinda muturrekoak, borrazoak, zauriak, istripuak, isunak, atxiloketak, epaiketak, kartzelatzeak, mehatxuak, jazarpena, kontrolak edo kriminalizazioa izateko arriskua zutela sanfermin bezperan txupinazo garaian Iruñeko Udaletxe Plazan urteetan ikurrinarekin izan diren lagunek merezi dute aitortza bat gaur (ere), Iruñeko Udalak aldaketa historiko bat izango duen bezperan.♦ikurrina

« Older posts

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑