Enekoitz Esnaola

Hilabetea: ekaina 2015 (Page 2 of 3)

Gatazkaz

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak gaur ere esan du hemen ez dela “gatazkarik”. Atzo bezala, Jesus Egigurenek Azpeitiko iazko hitzaldian aipatutako kontu txiki bat ekarri behar gogora, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro ohiari buruzko bat.

Egiguren: “Neuk behin Rubalcabari eskatu nion ea zergatik ez zuen egiten kalkulu bat zenbat jende pasatu den kartzelatik, zenbat jendek salatu dituen torturak…; hau da, guk ezagutzen ez genuen beste mundu horretan zer pasatu den ikusteko. Txosten handi bat ekarri, eta esan zidan: ‘Eta oraindik diote ez dagoela gatazkarik…'”.♦

Nafarroa (III): gaur 10 urte Valentin Bengoak esandakoa

Gaur 10 urte (2005-06-11), gurasoen etxean afaltzen izan genuen Valentin Bengoa, Azpeitian. Jesuita da Valentin (50 urte pasa daramatza Loiolan), eta ELAko historiko bat. Gure gurasoak ezkondu zituen, eta amistadea daukagu. 90 urteak jiratuta dauzkan arren, burua du argia hark; zenbat pasadizo eta detaile afari pasadetan, politikoak gehiago, arlo sindikalekoak baino. Gaur 10 urteko juntadizo hartan Osasuna-Betis Espainiako Kopako finala zen jokoan baina, sukaldeko telebista piztuta bazen ere, ez genion kasu handirik egin. Solasa zen nagusi, eta Valentinek esandako bat geratu zitzaidan: Nafarroan pixka bat ibili zela azkenaldian, eta sakoneko mugimendu bat ari zela gertatzen; hazten zihoala euskaltzaletasuna, jende bat inguratzen ari zela euskal mundura; emaitzak ez zirela berehalakoan ikusiko, baina bazetorrela zerbait. “Baikor nago”. Ezker abertzalearen ilegalizazio garaiak ziren, eta Nafarroako Parlamentuan orduan UPNk 23 aulki zituen, PSNk 11, CDNk 4, IUk 4 eta Aralarrek eta EA-EAJk ere 4na.♦

Continue reading

Desarmeaz

Bihar Parisen Bake Konferentzia. Asko aipatzen dira ETAren desarme kontuak. Jesus Egigurenek iaz Azpeitiko hitzaldi batean desarmeaz:

“Nik gaur egun ez dut ETAren arazoa ikusten; presoen arazoa ikusten dut nik. ETA ez da behin ere desegingo; gainera, nola desegiten da? Pertsona horiek hor daude, eta hor segituko dute bizirik diren bitartean. Francorekin bazen talde bat Aieteko 40ak izenekoa. Donostian biltzen ziren uda guztietan; ez ziren ministro, ez ziren ezer, baina ziren Francorekin aurren-aurrenetik ibili zirenak, eta ez ziren behin ere desegin. ETA ere ez da behin ere desegingo. Esango du egunean batean ‘desegin gara’, baina ez da desegingo. ETAren armagabetzea ez da arazoa. Jendeak armagabetze keinuak eskatzen ditu, baina keinua egiten den momentuan esaten da ‘horrek ez du balio, txorakeria bat da. Etor daitezela Espainiara eta sar ditzatela kartzelara’. Arazo horrek ez dauka bukaerarik. Eta desarmeaz ari garela, [aurreko bake prozesuan] ideia ez zen desarmea. Nik laguna nuen Alec Reid; lekuko izan zen IRAren desarmean, eta erdi barrez azaldu zidan ekarri zutela zaku bat balaz beteta, pisatu zutela eta hainbeste bala; gero ekarri zituztela beste zaku batzuk, baina inork ez zuela begiratu zaku haietan zer zegoen. Baina Erresuma Batuari komeni zitzaion desarmatu zirela esatea eta ontzat hartu zuen. Eta desegin ere IRA ez da desegin. Hemen, aldiz, presoen arazoak badauka bukaera bat; egutegi bat jarri behar da. Sakabanaketa dela-eta garai batean egin ziren egutegiak; geuk egin genituen”.♦

Nafarroa (II): oinarri handia udaletan

Gara-ren pieza batetik zenbaki batzuk ateraz, Nafarroa Garaiko 30 udalerririk handienak kontuan hartu, eta, maiatzeko udal hauteskundeetan lehen indarra izateagatik edo itunen ondorioz, haietako 292.696 lagunek alkate EH Bilduko kideren bat izango dute: Iruñean, Barañainen, Lizarran, Tafallan, Antsoainen, Atarrabian, Berriozarren, Baztanen (13 udalerririk handienen artean dira 8 horiek), Uharten eta Beran. 40.245 lagunek, Geroa Baikoren bat: Eguesibarren, Zizur Nagusian eta Altsasun. Eta 35.369k, Ezkerrako bat: Tuteran. 368.310 lagun dira horiek, Nafarroa Garaiko biztanleriaren %57,5. Gehitu EH Bilduren esku egongo direla udalerri txikiago asko: Leitza, Goizueta, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Lizarra aldeko eta Tafalla aldeko beste batzuk, Pirinioetako ugari… Geroa Bairen agindupean izango dira, halaber, Lesaka, Etxalar edo Erronkari, eta haren inguruko alkate batek Lekunberrin gobernatuko du. Edota herritar hautagaitzen alkatetzen kasuan, bat aipatzearren: Noaingoa  (15. udalerririk handiena, 7.808 biztanlerekin), EH Bilduk eta Ezkerrak babestuta. Zapatuan zehaztuko da dena.

Nafarroan aldaketa instituzionalki gobernutik ez ezik udaletatik emateko, oinarri handia da hori.♦

Nafarroa (I): garrantzitsuena

Iruñean EH Bildu alkatetza hartzera doala eta, haren inguruko batzuk hor ari dira ea sanferminetako prozesioan irten behar al duten koalizioko hautetsiek, zezenketekin zer, eta abar. Azpeitian Bildu 2011tik egon da alkatetzan (datorren legealdian EH Bildu izango da). 2007-2009an urte eta erdi batean ere izan zen agintean ANV-EA-Aralar hirukoa. Azpeitian ere badira festetan prozesioak eta zezenketak. Ezker abertzalearen udalak ere ez ditu kendu, eta Bilduko eta aipatutako hirukoko udal gobernukide batzuek parte hartu izan dute elizaren ekitaldietan eta egon izan dira korridetako presidentzian; modu libre batean. Baina 1996rako behintzat, etorkizun hurbil-ertaineko ardurak bisionatuz,  Azpeitiko HB ari zen horretaz gogoetatzen; legealdi hartako HBko lau zinegotziek Ilunpe soziedadean egindako afariko onddo tortilla lekuko. Garrantzitsuena zer den jakitea baita garrantzitsuena.♦

Xosé Manuel Beirasen epilogoa

“Nire aro politikoa bukatuta dago, eta epilogo batean nago”, esan du Xosé Manuel Beiras galiziar abertzale zailduak elkarrizketa batean. 1982an PSOE utzi zuen, 2012an BNG laga zuen, eta Anova sortu, eta orain herritarren mareen zerbitzura jarri du. Udal hauteskundeetan emaitza ikusgarriak izan dituzte Santiagon, Coruñan edo Ferrolen, PPren territorioetan.

Elkarrizketa hartan esanak dira: “Gizarte zibilean eta hiritargo aktiboenean zegoen aldaketa posible baten motorra”, “Anovak hasieratik babestu zituen Mareak, eta beste indar politikoei eskatu genien han sar zitezen, baina ez herritar aktiboei protagonismoa kenduz, baizik eta lagunduz”, “hausturaren aldeko indar politikook elkarrizketa prozesu serio bat ireki behar dugu”, “Podemos, ezkerra/eskuinaren diskurtsoaren ordez, goikoak/behekoak hasi zen erabiltzen. Mediatikoki oso logikoa iruditzen zait, baina behekoek osatzen duten gehiengo sozial hori ez da hondar zaku bat; artikulatu egin behar den dibertsitate bat da. Horretarako, ezker sozialaren klase aliantzaren irizpidea izan behar da”.

Beirasen penduluaz ari al gara hizketan?♦

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑