30 urte pasatu dira

30 urte pasatu dira geroztik; nekez ahaztuko dut, ordea, gau hura. Aste Nagusian murgilduta zeuden Bilbon. Deportivo pilotalekuan zesta-punta jaialdia antolatuta zegoen, eliteko puntistekin. Harmailak lepo bete ziren, EITBk zuzenean eskaini zuen emanaldia.

Finalerdia zen, eta gaizki jokatu nuen. Nire mailatik behera; dezente, gainera. Partidaren ostean, lur jota, buru-makur nengoen aldageletan.
EITBko langile bat hurbildu zitzaidan. Elkarrizketa egingo zidatela, ohikoa zen eta den bezala. Doi-doi jaso nuen burua.
Ezetz, esan nion, hitzik esan gabe. Langileak alde egin zuen.

30 urte pasatu dira, eta zenbat aldiz gogoratu naizen partida hartaz. Ez neurketa galdu nuelako eta barregarri samar jokatu nuelako. Baizik eta, ezetz, uko egin niolako elkarrizketari.

Zutitu eta kantxarantz abiatu izan banintz, aurpegia emanez, ez nintzen partidaz gogoratuko. Beste porrot bat, askoren artean. Estatistika hutsa, azken finean..
Baina, ez, iltzatuta geratu zitzaidan partida malapartatu hura, arantza azalaren barruan. Denborarekin gaiztotuz joaten den zauri klasea.
Begirune eskasaz jokatu nuen, EITBko langileen aurrean, ikusleen aurrean zer esanik ez.

Garrantzi izugarria ematen zaie emaitzei: irabazi ala galtzeari. Denbora joan ahala, konturatzen zara umekeriak besterik ez direla, eta beldurra, jendeak zer iritzi ote duen norberari buruz. Ondorioz, lotsa eta koldarkeria, batzuetan.

Biharamunean, edo handik bizpahiru egunera, erraza neukan:
“Aizak, Euzkitze, lehengoan ez nintzen batere fin portatu”…
Berak: “egon hadi lasai, gizona, edozeini gertatzen zaio gau txar bat izatea”…
Nik moztuko nion: “Ez, ez, Euzkitze, ez naiz partidaz ari, baizik eta ondorengo erreakzioaz, elkarrizketari uko egin izanaz”.

Hantxe bukatuko zen afera, arantza barrutik ateraz, bakea betiko.
30 urte pasatu dira, ordea, eta Deportivoko gau hura gogoan iltzatuta dago oraindik. Ez pattal aritu nintzelako, baizik eta uko egin niolako elkarrizketari.

Altuna III.a haserre da

Altuna III.a pilotari manistaren adierazpenak entzuten ditut Euskadi Irratian. Esku pilotaren figura handiak, beraiek, manistak ere, pertsonak direla aldarrikatuz amaitzen du elkarrizketa. Altuna III.ak 4 t ‘erdiko finala jokatuko du azaroaren 14an. Ondoren, binakako txapelketa hasiko da eta horrela urte osoan zehar, hainbat diziplinatan lehiatuz, oporrik gabe, diziplina bakoitza eliteko kirolari gisa prestatu ezinik.

Bestalde, zesta-puntako pilotariak daude, modalitate honetako figurek bi hilabetez jokatzen dute, uztailean eta abuztuan, eta urteko gainerako hilabeteetan, ia txapelketa gehiagotan parte hartu gabe. Harrigarria, beraz, batzuen eta besteen arteko aldea.

Egoera bideratu al daiteke? Bai manistek eta bai puntistek beren gabeziak hobetuta ikustea?
Baliteke.
Nire ikuspuntua azaletik azaltzen saiatuko naiz, katedra jartzeko asmorik gabe eta lerro hauek irakurtzera hurbiltzen den balizko irakurlea aspertzeko asmorik gabe. Jakinda ere, eguzkitan topa egiteko idazten dudala.

Zergatik jokatzen dute manista profesionalek urte osoan? Zeintzuk dira etenik gabe egiteko arriskuak?
Ez dago munduan (ez zait bururatzen) urtarokoa ez den kirol profesionalik. Hau da, kirol profesionalak denboraldiz denboraldi jokatzen dira. Ez, ordea, esku-pilota. Futbolariak, txirrindulariak, beisbolariak, tenislariak eta baita Amerikako jai-alai denboraldiak ere, hirurogeita hamarreko hamarkadara arte, denboraldiz denboraldi jokatzen ziren. Altuna III.a bezalako manistak dira (ausartzen naiz esaten) gelditzen ez diren bakarrak, horrek dakarren higadura psikologiko eta fisikoarekin. Ez da harritzekoa Altuna III.a kexatzea.

Etenik gabeko praktika hori joan den mendean ezarri zen ustiapen-eredu batetik dator, pilotaleku industrialen funtzionamendurako egokia den gizarte- eta lan-testuinguru bateko eskaerari erantzuteko. Ez zegoen apusturik egiteko leku askorik, kasino debekatuak, bingo berdina… Beste kirol batzuen lehiak, ikuskizunari eta entretenimenduari dagokienez, ez zuen a posteriori izango zuten pisua. Hirurogeiko hamarkadako desarrollismo ekonomikoa gehitzen badiogu, laborantza-salda egokia dugu apustularia frontoietara hurbiltzeko.

Durangoko Ezkurdi pilotalekuan eta Gernikan, zesta-puntaz edo Hernaniko Galarretan eskaintzen ziren asteroko emanaldiei zeharka begiratuz gero. Aldi bereko jaialdiak, edozein asteburutan. Euskal Herrian zehar manistek jokatzen zituzten partiden kopurua… datuak izugarriak dira. Gaur egungo ikuspegitik ulertzen zaila.
Sistema osoa erori da ezagutu ezineraino.
Hala ere, manistek urte osoan jokatzen jarraitu dute.
Zergatik, beraz?

Gainontzeko modalitateek jasandako beherakada, EITBk, esku-pilotaren kasuan, sekuritate sare bat jarrio dio esku-pilotari amildegirantz ez abiatzeko. Uztarri berean, komenentziako ezkontza osatuz, sostengua ematenn diote urte osoko egutegiari.

Galdera da, ba al dago eskari errealik EITBk (euskal telebista publikoak) prime time-an zuzenean eskaintzen dituen 150 jaialdietan?

Nik ezetz uste dut. Are gehiago, epe luzera kaltegarria izan daiteke. Esklusiboak ez ditu bermatzen etorkizuneko audientzia-mailak. Berritzen ez den kirola —Irujo, Olaizola II.a edo Altuna III.a bezalako jokalariak ateratzen diren heinean zoriaren araberakoa dena eta txapelketetako partidak eskaintzera mugatzen dena— ez da etorkizunerako eszenatoki desiragarria.

Lehiarik gabeko jarduera ekonomikoa zaharkituta geratzen da. Lehiakideren bat iritsiko da. Kanpoko kasu honetan: Ibai Llanosen eta Pîqueren aretoko puxiken txapelketak edo e-sportak edo dena delakoak, eta belaunaldi berriek bizkarra emango diote esku pilotari. Eta antzinakoek, adin jakin bateko pilotazaleek, ez dute gehiago kontatuko.

Posible al da egoera iraultzea?

Geldiarazi, bai. Epe laburreko ikusmenarekin amaitzea, bai. Nola? Erantzukizun instituzionala. Konfort-gunetik irteten. Mahaian ukabilkada bat emanez.

Ezinbestekoa da Estatuak (gure tresna politikoak) esku hartzea bere tresna baten bidez, kasu honetan, euskal telebista publikoa. EITBk meloia ireki eta pilota modalitateak denboraldiz denboraldi eskainiz, Floridako pari-mutuel industriarekin gertatzen zen bezala (kanodromoak, hipodromoak eta jai-alai). Urtaro bat bakoitzarentzat.

Denboraldi indartsua eskuarentzat, bere diziplinei lekua eginez, zaletuaren jakin-mina indartuz, pilotariari atseden emanez.

Garai bat zesta-puntarako, Iparraldeko bi hilabeteei erantsita, orain kanpoko merkatua iragana baita eta pilotari bikainen soberakina ikaragarria baita. Denbora horri esker, modalitatea duintasunez mantendu ahal izango litzateke, belaunaldien arteko erreleboa bermatuz. Teknologia berrien laguntzarekin, modalitatearen ikusgarritasuna nabarmentzeko eta ikusleari irudi liluragarriak eskaini ahal izateko.

Kontraesana dirudien arren, eskuko enpresentzat ere aukera interesgarria litzateke arlo ekonomikotik. Zer esanik ez tresna-modalitateetarako izango litzatekeen salbamendua.
Azken batean, egoera horretan alde guztiak aterako lirateke onuradun.

Oh, my God, Ava!(Gardner)


Zoragarria iruditu zitzaidan ikusi nuenean hegazkinetik eskailerak jaisten, are zoragarriagoa guregana hurbildu zenean, ile beltzarana zapi zuriz estalia, betaurreko ilunak eta ibilera… oi, ibilera! Dotorea benetan!
Eskua buru gainetik luzatuz astindu zuen agur eginez, irribarre zabala ezpainetan, xarmagarria, klase handiko emakumea.
Ava, you look as beautiful as ever, esan nion guregana heldu zenean; segidan, bi musu eman nizkion. Ekipajea jaso eta aparkalekura joan ginen. Sebastian zain genuen Cadillac berdearen ondoan, berak eramango gintuen etxera Tampako aireportutik (Florida). Ava aldamenean nuela, hipnotizatuta sentitzen nintzen bere ondoan.  
Etxera heldu ginenean atarian zen Gillermo, ile beltzarana gominaz atzeraka orraztuta, traje zuriz jantzita, gorbataren ordez cow-boy-ek lepo-bueltan ematen duten lakio bat. Uhalatik behera, urrezko kate bat urrezko zesta txiki batetik zintzilik. Oinetakoak, botak: kanpero tipokoak, Daytonan aspaldian erositakoak. Habanako, Mexikoko eta Miamiko garai bateko izarra baldar antzean hurbildu zen autoarengana, besoak zabal-zabalik.
“Oh my God, Ava! It´s been so long since the last time I saw you. You look marvelous!” Gerritik heldu zion Gillermok; besarkatu zuen aspaldiko amodioa.
“Gillermo, darling, so strong and handsome as ever”.
Urteak ziren biek elkar ezagutu zutela. Palm Beach-en (Florida), Palm Beach Gardens aberatsen klubean. Ohorezko bazkidea izendatu zutenean Gillermo, urrezko zesta frontoian irabazi ostean. Celebrity bat zen Gillermo jai-alai mundu txikian, eta baita high class aberatsen artean ere. Karisma zuen ondarroarrak, eta klasea, Avak bezala. Hizlari trebea zen, gainera, eta dantzari hobea.
Ava Gardner eta Gillermo Amutxastegiren begiradek bat egin zutenean, berehalako kimika sortu zen bien artean: vodkak eta mendak; koka-kolak eta ronak bezala, osagarriak biak. Bata bestearentzat.
Ava eta Gillermok elkar ezagutu zuten gauan, pianojolearen hitzek bientzat asmatutakoak ziruditen: All you have to do is touch my hand to show me that you understand and something happens to me that´s some kind of wonderful.
Arrazoi zuen kantariak, Avak nahikoa zuen zure eskua ferekatzea zerbait zoragarria gertatzeko, mundua toki hobea bihurtzeko. Gillermok sentitu zuen bezala. Bat-bateko amodioa. Gozo sentitzen ziren biak. Zurruta eta dantza ordu txikiak arte eta, gero, demasezko amodio pasionatua.
Ava Tampara heldu zen egunean, Centro Vasco-n afaltzera gonbidatu gintuen Martin Odriozolak, bertako nagusiak. Habanatik ihes eginda, Odriozolak ostatu bat ireki zuen Tampan. Gau hartan, kasualitatez, atxagatarrak, Bernardo eta Asun emaztea, Nevadako bidean eskala egin zuten Floridan. Afaltzen ari ginela, Bernardok, ahapeka, azalpenak eman zizkion Avari Obabako munduari buruz eta, aldi berean, noizbait Asteasura joatea erabakitzen bazuen, gustura erakutsiko ziola “Muskerraren Bidea”. Giro ezin hobean afaldu genuen, Gillermoren balentriak, Avaren Hollywoodeko esamesak. Martin Odriozolaren istorio harrigarriak Cuban, Fidelen garaian pairatutakoak; inoiz ahaztuko ez dugun gaua pasatu genuen Sebatian eta biok. Despedidan, Avak zorte onena desiratu zion Atxagari; ondoren, esango zigun a real nice guy zela eta poztuko zela noizbait asteasuarrak Nobel saria eskuratzen bazuen.
Avari sartu zitzaion buruan frontoira joan behar genuela, Tijuanaz geroztik, ez zela jai-alai batean egon, nahi zituela sosa batzuk jokatu. Gaua luzea zen…
Zurrumurrua hedatu zen Ava Gardner, Hollywoodeko izarra, Jai-Alaira joango zela. Sebastianek gidatutako Cadillac berdea pilotalekuko sarrera nagusira heldu zenean, jendez inguraturik zegoen, poliziak dozenaka. Autotik irteten lehena Gillermo izan zen: korrika txiki batean ireki zion atea Avari, eskua luzatuz, gentleman bati zegokion moduan. Avak oinak lurrean jarri bezain prest hasi ziren biba eta txaloak.
 “Welcome to jai-alai.  Ava. We love you!” Ezkerreko besoa jasota, eskua graziaz astinduz, eskuarekin musuk bidaltzen zizkien bildutakoei, esker ona erakutsiz. Bi bizkartzain inguratu zitzaizkion frontoiko ate nagusia zeharkatzen hasi zenean.
Eskailerak gora gindoazela, on Pedro Mir intendenteak ongi etorria ematera hurbildu zitzaigun, Avari bi musu ematen zizkion bitartean, Habanatik ezagutzen zuten elkar biek. On Pedrok bi behatzekin klask egin, eta palko batean zegoen Tommy Dorseyren orkestrak bat-batean hasi zen Blue Moon pieza jotzen.

Zestazko pilotariak

Pelotariak, zestozko pelotariak, Ameriketan urte asko eginda etortzen ziranean, musika joten jaken illuntzean etxeaurrean, eta jendeak baltseoan egin. Au musikeruak dirua atarateko asmatakoa izango zan.
(José María Etxaburu, “Ondarroako kontuak”).

Gillermo Amutxastegik (Ondarroa, Bizkaia, 1910) aipatzen zuen, bere biografian, etxera itzultzen zenean herriko musika bandak ongietorria egiten ziola. Gillermok ardoa edatera konbidatzen zituen herritarrak.
Daniel Guridi (Arrasate, Gipuzkoa, 1906) ere, ibili zen munduan zehar xisteraz jokatzen. Italian, Egipton, Txinan, Filipinetan eta Mexikon. Arrasatearrak kontatzen zuen herriko musika banda esperoan izaten zuela herrira itzultzen zenean. Villabonan (Gipuzkoa) gauza bera. Pilotari ospetsua izatea ezer gutxi ikusteko zeukan ongietorria jasotzerakoan. Nahikoa zen herriko semea izatea, halako festa antolatzeko.
Noiz eten ote zen usadioa, ezin erantzun. Agian, Euskal Herrira etorkinak etortzen hasi zirenean. Gizartea apurka-apurka nahastu ahala, identitate peto-petoa gutxitzen hasi zenean.
Zestazko pilotariaren itzulera, hainbat urte atzerrian eman eta gero, herri txiki batean, derrigorrez akontezimentua izan behar zuen. Zer ote zuten kontatzeko. Jendea prest, munduaren azalpenak entzuteko: ohiturak, bizimodua, politika, ekonomia, istorioak. Atzerrian geratutako lankideen berri senideei emateko baliagarria izango zen. Ekarritako enkarguak, eskutitzak, opariak, dirua…
Isidoro Fagoaga tenorra Berara (Nafarroa) itzultzen zenean, Europan zehar denboraldiak pasatau eta gero, Pio Baroja idazleak galderaz josten omen zuen. Barojak lehen eskuko testigantza jaso nahi izatea ez da harritzekoa. Are gehiago, Fagoaga bezalako intelektual batengandik.
Informazioaren gizartean bizi gara: McLuhanen herriska globalean; duela 80 bat urte ez bezala. Gaur egun, zestazko pilotariak Ameriketatik itzultzen dira. Oharkabean. Shanghaitik bueltan datorren Fagorreko langileak bezala, senitartekoak soilik itxaroten Loiun edo etxean; gainera, aspaldian desagertu ziren herriko musika banda gehienak.
Eskuzko pilotariak, txapela bat irabazten dutenean (pandemia aurretik bederen) zain izaten dituzte herritarrak, lagunak, sagardotegira joateko. Izango dute musika, sortuko da festa. Pilotariak xanpaina edatera konbidatuko ditu herritarrak. Inork ez dio galdetuko, ordea, nondik datorren, zer ikusi duen. Noiz arte itzuli den.

Dinosauroa

Ume-umetatik Erikek dinosauro eta dragoiekin amesten zuen, amets gaiztoak gehienak. Sua ahotik; atzaparrak, ikaragarriak! Eta garrasiak?… Beldurgarriak!
Izerditan blai, dardarka… esnatu zenean, dinosauroa hantxe zegoen oraindik.
Lizartzatik (Gipuzkoa) Amezketara joatea erabaki zuen. Han sendatuko ziotelakoan, aztiak zeudela eta: Xalton, Azti Nagusia, denen buru. Asmatuko zutela erremedioren bat, behingoz, amesgaiztoei amaiera emateko.
Beste ume batekin egin zuen topo Erickek Amezketan, bi urte gazteagoa hura. Zizarea baino meheagoa, indar gutxikoa, bizkorra kantxan!

Zaharrena gaztearen itzalean aritu zen urteetan. Gihartsua izanagatik, ez zuen abantailarik. Txapelak eta trofeoak pilatzen hasi ziren gaztearen apaletan; Erikek, berriz, ametsetan jarraitzen zuen, dinosauroak, dragoiak, mamuak bidaide. Ikusezin bihurtu zen eta ingurukoak ere ez ziren ohartzen.
Xaltonek lasaitzeko eskatzen zion. Cristiano Ronaldo futbolariaren adibidea jartzen zion: “Zu ez zara jaio berez magiaz ukituta; zu bestelakoa zara, tematia, egosgorra, langilea! Zaildu ahala, iritsiko zara egunen batean eta, magoen pareko izatera helduko zara. Denbora kontua da”.

Amesgaizto horiek, ordea, ezin kendu burutik.

Bitartean, zizarea gorputzez, malgua mugimenduetan, aluita kantxan, txapelak bildu eta bildu…
“Messiren parekoa izango da”, esaten zuten herrian.

Entzun egin behar guzti horiek! gure Erikek.
Esnatzen zenean, dinosauroa hantxe zegoen oraindik.
Erik pazientzia galtzen hasi zenean, eta Xaltonen aholkuek alferrikakoak ematen zutenean… Paris, Londres edo Nueva Yorkera alde egitea pentsatzen jarrita zegoenean etorri zen aldaketa.

Astelehen goiz batean gertatu zen.
Bart, ahoko suari muzin egin, atzaparretatik ihes eginez, bera izan zen garrasika hasi zena. Mutu geratu ziren denak, Xalton izan ezik: kazetariak, lankideak, apostulariak, baita aurkari gaztea ere. Kikildu zen kantxetako aluita, burua makurtu zuen Messik.

Irribarre zabal-zabala agertu zen Eriken ezpainetan. Uxatu dut dinosauroa!… Uxatu dut! Libre naiz! Eskerrak Xaltoni!
Hilabete baino gutxiago pasatu zenean, astelehen goiz batez, Erik izerdi patsetan, dardarka… Esnatu zenean, dinosauroa hantxe zegoen oraindik.

Gizonezkoen mundua

Gizonezko mundu batean zer egiten du emakume batek? Duela urte gutxi batzuk, galderak izango zuen bere arrazoia. Gizartean ia-ia den-dena gizonezkoen eskuetan baitzegoen. Zorionez, egoera aldatzen ari da. Emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa da arlo guztietan. Baita gizonezkoen mundua zen pilotan ere.

Itziar Lete mutrikuarra (Gipuzkoa) hautatu dute lehendakari Gipuzkoako Pilota Federazioan. Berez, kargu aldaketak oharkabean pasatzen dira. Oraingoan, aldiz, albiste bilakatu da Letek. Lehendabiziko emakumea karguan, ez gaude ohituta. Are gutxiago pilota bezalako mundu kontserbadore batean. Ematen zuen emakumeek ez zeukatela kabidarik, ez kantxan, ez bulegoetan. Oker geunden, zorionez. Gizartea aldatzen ari da pilotaren abiadura baino azkarrago. Ikusten ari gara, natural-natural, emakumeak epaile, esatari, kantxan eta bulegoetan. 

Itziar Lete ez da edozein pilota munduan. Bere senarrak, Goixerrik (Jon Iñaki Mendizabal), urteak eman zituen Amerikako pilotalekuetan. Itziarrek berak ere sei urte pasatu zituen han. Dituzten bi semeak, Ekaitz eta Aratz, zesta-puntako profesionalak dira, Estatu Batuetako Danian eta Miamiko pilotalekuetan. 

Hori guztia gutxi balitz bezala, Itziar Letek zortzi urte darama Gipuzkoako Federazioaren zuzendaritzan. Esker txarreko karguak izaten dira federazioetakoak. Errekonozimendu gutxi eta kritikak ugari. Txarrena, ezintasunak. Nahi bai, eta oztopoak bata bestearen atzetik. 

Andalapuntaka guztia bidali ordez, pausoa eman eta lehendakaritza eskuratu du Letek. “Haize freskoa” ekartzen duela dio. Nik sinesten diot. Izan ere, emakumeak arlo guztietan gizasemeak baino fundamentu handiagoa daukatelako. Lanerako nekaezintasun izugarria dute; egoa, gizasemeena baino apalagoa. Motibatuta daude, gainera: “Ondo egin nahi dut nire lana”, esan berri du Letek. 

Giza balioa ezinbestekoa da lana ondo egiteko. Badaude, ordea, faktore batzuk horma bilakatzen direnak, emakumea ala gizasemea izan. Zailtasun ekonomikoaz ari naiz. Babesleen diruak gero eta murritzagoak dira. Erakundeen laguntza, eskasa. Letek aitortu du (8 urte barrutik ezagututa) pilota mundua konplikatua dela, eta, aldi berean, beheranzko joera daukala. 

Mila lizentzia ditu Gipuzkoako Pilota Federazioak; 95, emakumeak dira. Litekeena emakumeen joerak gora egitea. Albiste ona da jada nesken presentzia kantxetan, epaile eta esatari lanetan. Lehendakaritza ere emakume baten esku geratu da.
‘Il futuro e donna’, jarri zion izenburua Marco Ferrerik film bati, duela 36 bat urte. Etorkizun horren atarian gaude. Hanka puntetan iritsi baitira neskak pilotara, gizonezkoena zen mundu batera.  
Hurrengo pausoa, emakumeen presentzia albiste ez izatea. Partida hasi besterik ez da egin. Sakea, Itziar Leteren esku geratu da.

Marken indarra!

Lastima apur bat sentitu nuen jakin nuenean Goikok (Iñaki Osa Goikoetxea) munduko errekorra hautsi zuela, xisteraz baliatuz: jaurtialdi batean. pilotak orduko 313 kilometroko abiadura hartzea lortu zuen. Bitartean, Dani Pedrosa pilotua abiadura hori gainditzen saiatzen zen motoziklismorako pista batean, Red Bullek antolatutako performance batean. 

Goiko da zesta-puntak azken urteetan eman duen pilotari onena. Eskuko behatzekin ezin konta zenbat txapel irabazi dituen. Binaka nahiz banaka. Amerikan edo Euskal Herrian. Bere ospea, ordea, oso mugatua izan da, etxekoa, familiakoa. Pilotazaleei ezaguna egingo zaie. Marka hor geratzen da. 

“Goiko, nor?”, esango dizue kalean galdezka hasten bazarete. 

Kirol minoritario bateko jokalaria izatearen kalte-ordaina. Izar bat izan arren, herritar kirolzale xumeen begietan ez zara existitzen. Sare sozialetan, gauza bera. Komunikabideetan kirol sailean agertuko da, urtean behin, bitan agian. Herriko aldizkariak edo Hitzak elkarrizketatuko dute Miamira joan arretik, edo bueltan. Hor bukatzen da kontua.

Azken egunetan, ordea, Goikoren marka biral bilakatu da bideoaren bidez. Bere balentriaren berri zabaldu da imajinatu ezin dugun komunikabideetan, munduan zehar. Radio Vaticanok ere jaso omen du albistea.

Bidaide ezin egokiagoa izan du Goikok: Red Bull marka. Erakusleiho ezin hobea eskaini dio zumaiarrari. Bikote perfektua. Muturreko kirolak babesten ditu Red Bullek. Duela bizpahiru urte Goiko fitxatu zuen. Geroztik, irabazi izan dituen txapelek oihartzun eskasa izan dute. Errotik aldatu dira gauzak abiaduraren errekorra puskatu duenean. Muturreko balentria baita nonbait markak puskatzea.

Jendeak errekorrak maite ditu. Ez dakit nondik etorriko zaigun halako zaletasuna. Guinness Errekorren liburua da inoiz historian gehien saldutako liburua, Bibliaren, Koranaren eta Maoren Liburu Gorriaren atzetik. Egile eskubideak dituzten liburuen artean, berriz, salduena da Guinness Errekorren liburua. Bada marka!! Beldur naiz, beste edozeinek hobetu ezean, gaur edo bihar Goiko gogoratua izango dela, behin motoziklismorako pista batean, Red Bullek antolatutako performance batean, pilota batekin inoiz lortutako abiadura marka hautsi zuelako. Eta ez, ordea, urtez urte emandako errendimenduagatik. 

Halako indarra baitute markek! Galdetu bestela Txetxu Urbieta kazetariari! Euskadi Irratian elkarrizketatu zuten Goiko, “Hiru Erregeen mahaia” saioan. Nola gertatu zen, nondik norakoak. Bideoan agertzen ez diren bitxikeriak kontatu zituen pilotariak. Elkarrizketa berean, Ibon Aldazabal puntistak ere parte hartu zuen. Bera baita ohiko xistera erabiliz orain arte marka onena egin duena. Esatariaren arabera, saioko zuzendaria den Txetxu Urbieta halako markazale amorratua omen da. Urbietak egin beharreko gestioak egingo dituela noizbait nonbait desafio bat antolatzeko: abiaduraren marka puskatzeko lehia. Pilotariak prest, jakina!

Lepoa jokatuko nuke taxuzko lehia edo performancea antolatuko balitz, berebiziko oihartzuna lortuko lukeela. Hain maiteak ditugu errekorrak, markak puskatzea!

Irabazlea markatuta geratuko litzateke. “Bera da”, jendeak miresmenez esango luke, “markaren jabe. Pilota orduko 300 kilometrotik haratago jarri zuena, aizue!… 

“Ni naiz Lete” dokumentalean, bitxia iruditu zitzaidan Antxon Valverdek kontatu zuen pasadizoa. Letek, txantxetan, esan omen zion: “Hiltzen naizenean, zeruko atarian, San Pedro galdezka hasten zaidanean, zer merituak egin ditudan zeruan sartzeko, zer esan ez dakidala gelditzeko zorian ikusten dut neure burua: “Poeta… kulturgile… umm! ez dakit”…

Azken momentuko okurrentzia esango ziola: “Ni naiz ´Xalbadorren heriotzean` kantaren egilea”. Orduan, bai, San Pedrok esango ziola. “Aurrera! Sar zaitez zeruan”.

Bere bizi guztia poesia lantzen, kantari, kulturaren alde borrokan… ez nahikoa nonbait zeruan sartzeko. Kanta bakar batek, horrrek bai, horrek irekiko zizkion zeruko ateak. 

Marken indarra!

Jaka txapeldun, buruko minak

Eric Jaka zeruan sentitu zen Eskuz Banakako finalerdia irabazi zuenean. Geroztik, zeruan eman du ia astebete. Zerutik lurrera zetorrela —finala jokatzeko Altuna III.aren aurka— lainoen artean, Maradonarekin egin zuen topo. Zertaz aritu ziren, ez dut elkarrizketaren berri. Dakidana da: “Maradona ez zela edozein izan, larruzko pilota bati itsatsitako pertsona bat izan zela, dohain zerutiarra izan zuena baloia oso ondo tratatzeko, gerlari bat”… Halaxe kantatu zion Andres Calamarok.
Donostiako Kontxako paseoan buelta bat emanez, 20 bat lagunez osatutako taldea sumatu nuen hondartzan, argentinar bandera airean, Bocako kamisetak, Argentinos Juniorsekoak ere bai, kandelak piztuta zeuzkaten aldaretxo batean, burumakur batzuk, zerurantz begira besteak; otoitzean denak. Santutegi bat. Maradonianoen elizako feligresak? Maradona, dagoeneko, zeruko bidean zen, gerlariei dagokien Olinporako bidean.
Zestoan (Gipuzkoa) bada beste santutegi bat, Xabier Iriondo pilotazale amorratuak sortutakoa. Etxabe bat santutegi bihurtu duena, ez Maradonaren aldekoa, ez. Eskuzko pilota memorabilia pilatu du bertan: ehunka argazki ditu, liburuak ugari. Pareta korrederak mago baten xistera batetik bezala agertzen dira derrepente, sabaia, dena eskuzko pilotari txapeldunekin beteta. Museo txiki bat da Iriondorena. Buruz buru txapeldun izandakoek leku berezia dute santutegian.
Egunero joaten da etxabera. Ez dut uste kandelak piztera, ezta otoitz egitera ere. Pilota bizimodu bat izan da beretzat. Entretenimendua. Gozatu eta lagun asko egin ditu pilotari esker. Dedikatoriak ikusi besterik ez.
Iriondok begi onez ikusten du Jokin Altuna, faboritoa finala jokatu aurretik. “Beldur baino, ez ote zuen finala galduko”…
Eric Jaka ez da edozein hemendik aurrera. Finala irabazi zion Altuna III.ari, kostata, 22-20, baino irabazle. Eric Jaka pilota bati itsatsitako pertsona bat zela bagenekien. Pilota oso ongi tratatzen duela erakutsi zuen Bizkaia pilotalekuan. Gerlari bat dela Eric Jaka.
Galdetu bestela Xabier Iriondo “beldur zen gizonari”. Ba ote zuen zestoarrak Maradonak eta Jakak edukitako elkarrizketaren berri? Edo, agian, bere beldurrak terrenalagoak ziren. Ez daukala leku gehiago bere etxabean beste gerlari baten argazkia sartzeko. Izan ere, Jaka txapeldun berria baita. Bere tartetxoa irabaziz santutegian. Baina non? Biharamuneko buruko minak Iriondorentzat.

Ogi beltza


Azaroak 23, Arantzatzuko Amaren Egutegiak orriaren erdian esaldi hau: “Gose handiarentzat ez da ogi beltzik”.
Ogi beltzak fama txarra dakar: miseria, eskasia, arrazionamendua… garai beltzen adierazle. Gerra edo gerra osteko denborarekin lotzen dut nik, aurrekoei entzun bainien ogi beltza nola jaten zuten, ogi zuria geroago etorri zela bizi baldintzak hobetzen joan ahala.
Gure zesta-puntako maisuak, Rafael Elizondo andoaindarrak, gerra Filipinetan ezagutu zuen, Manilan, 1944an. Beltzak ikusi zituzten japoniarren hiru urteko inbasioaren ondorioz, egoera beltzten joan omen zen estatubatuarrek erasora jo zutenean, eta, japoniarrak desesperaturik, sekulako triskantzak atzean utzita. Bi pilotarik, Aiestaranek eta Mugartegik, Elizondoren lankideak biak, bizia galdu zuten. Bizirik atera zirenak, apenas ezer jateko edo edatekorik. Ezta ogi beltza ere.
Tolosako Beotibar frontoian Elizondo gurekin, mutikoekin haserretzen zenean, kasurik egiten ez geniolako, zera leporatzen zigun, irribarre sarkastikoaz: “Zuek! Ogi beltza besterik ez duzue jango”… Guk ez genion ulertzen, bakarrik etorkizun beltza aurreikusten zigula antzematen genuen. Irribarre txikiarekin erantzuten genion munduan zehar ibilitako maisu zaharrari.
Bestetan, berriro haserretzen zenean (maiz gertatzen zen), zera esaten zigun: “Zuek! Alegiatik (Tolosatik hiru kilometrora dagoen herria) haratago ez zarete joango”. Berriz ere, etorkizun beltza iragartzen zigun, oraingoan ogi beltza bertan jatera kondenaturik. Mundu txiki hura izango zela gure destinoa, eta ez Alegiatik harantz imajinatzen genuen Lur Agindua, Madril, Bartzelona, Estatu Batuak, Mexiko… Irribarre txikia agertzen zen gure aurpegi inozoko ezpainetan.
Alegiatik gertu sortu zen Altuna III.a, Amezketan. Ez zuen, adinarengatik, entzungo “ogi beltzarenak”, etorkizun beltzaren seinale. Txikitatik ogi zuria ezpainetan, bide gozoa ezagutu du orain arte. Atzo, azaroak 22, une beltzak pasatu zituen amezketarrak Darioren kontra eskuz Banakako Txapelketan. Azkenean, ordea, erraz antzean nagusitu zen, finalerako pasea lortuz.
Elizondok, Alegia aipatu ordez, Lizartza aipatu zezakeen, hiru bat kilometro baitaude Tolosatik, garai hartako bide bakarra Iruñera joateko, handik Zaragoza… mundu zabalera. Lizartzakoa da Eric Jaka: hark ere Banakako finalerako txartela lortu zuen joan den larunbatean, Elezkano II.aren kontra. Ez du bide samurra izan lizartzarrak, beltzak ikusi zituen Bakaikoaren aurka lehendabiziko kanporaketan; erraz irabazten joan arren, azken beltzean bi tantoko bentajarekin konformatu behar izan zuen. Urrutikotxea kanporatu ondoren, Elezkano gero, zeruan sentitzen dela adierazi zuen.
Gose da Jaka, gose Altuna III.a. Eta “gose handiarentzat ez da ogi beltzik”. Zeruan seguru ezetz, hala baitio azaroaren 23ko Frantziskotarren Arantzatzuko Amaren egutegiak.
Finala, Altuna eta Jakaren artekoa, datorren igandean jokatuko da. Alegiatik haratago: Bilbon, hain zuzen.

Handem herrian

   Duela 31 urte Amerikako Estatu Batuetan bizi nintzen, Connecticuten, Bridgeport izeneko herrian. Neguak hotzak baziren, otsaila oso gogorrago egin zitzaigun grebako piketetan urtebete generaman  600 bat pilotarioi. Animoak, hala ere, sinetsi nahi badidazue, goian genituen. Euskaldunok, izan ere, gatazka giroan, egoskorrak bilakatzen baikara, nekez emango dugu amore. Jarrera kolektiboaren jatorria, auskalo nondik datorren. 

   Handem herrian, nire etxetik 30 bat kilometrotara, United Auto Workers (UAW) sindikatuaren 148. egoitzan, ekitaldi bat burutzekoa zen. Greban zeuden sindikatu ezberdinetako partaideak biltzekoak ziren, solidaritate jaialdi baten barruan. Pilotariok, jai-alai player-ok tartean ginela, joan behar genuela esan zigun piketean Gabino Ezpeletak, IJAPAko (International Jai-Alai Player Association) gure sindikatuko ordezkariak. Ricky Lasak, elkarteko  lehendakari ahalguztidunak, Ezpeletari azpimarratu zion Handemen egoteko garrantziaz, komunikabide askotariko bidali bereziak agertuko zirelakoan.     

    Handemera, autoz inguratu ginen 80 bat lankide, emazte eta adiskide. Uniformatuta azaldu ginen pilotariok. Ez praka zuriekin eta kolore ezberdinetako elastikoekin, iraganean kantxaratzen ginen bezala, baizik eta  jaka gorriarekin, bizkarrean “Ijapa Player”  jartzen zuenarekin. Aurreko aldean, berriz, ikurrez josita: IJAPA, UAW, God Bless America, USA… Buruan kapela gorria, pin-ez beteta..        

   Aparkalekura hurbildu ginenean ohartu ginen dagoeneko sekulako jendetza gerturatu zela, lekurik ez autoak aparkatzeko. Egurrezko egoitza zaharrean sartu ginenean bero bafada bat sentitu nuen. Berehala erantzi genituen neguko berokiak eta bufandak, gure sindikatuko uniformea agerian sartu ginen areto nagusian. Ehun bat lagunentzako lekuan, halako hiru zeuden dagoeneko. Gure kolore gorriak berehala nahastu ziren beste sindikatuetako ordezkarien uniformeekin, nolabaiteko erromako zubia osatuz. 

   New Hampshireko paper fabriketako langileak ziren batzuk; Maine aldeko zerrategietakoak, besteak; Connecticuteko makina-erremintakoak ere baziren han. Kolore batekoak ala bestelakoak, grebalariak denok.

   Maiatzaren  Leheneko “Langileen eguna” ospatzeko asanblada egiten ari ginela zirudien. Une batetik bestera, kaleak hartzeko manifestaldian. 

   Kanpoan haize leia egiten bazuen, barruan, sekulako anaiarteko giroa; beroa eta emozioz beteta. Hura zalaparta! Hango iskanbila! Denok batera berbetan, builaka mintzo behar aldamenean zenuenarekin. Oholtzan igota, dozena erdi bat lagun, hizlari bakarra. Basomutil baten itxura hartu nion hizlari bizargorriari. Koadroaz osatutako franelazko alkandora, ukondoraino bilduta, zerrategietako langilearen planta zuen, Errezilgo (Gipuzkoa) baserritarra zela esan zitekeen

     Hizketan ari zela, esaldia bukatzear, hango txistu eta esku-zarta! Langileria baturik, jatorri ezberdinetako partaideak eta, tartean gu, euskaldunok. Grebalari guztien artean, New Hampshireko paper lantegietakoak izan ezik, geu ginen beteranoenak. Egun hartan, Handem herrian, historia egiten ari ginela sentitu nuen nire barrenean.

 Antolakuntzatik esan zioten Ezpeletari komenigarria izango litzatekeela guretako batek, gaztelaniaz hitz batzuk esatea oholtza gainetik. Izan ere, aretoan hainbat latino jatorrizko langile zelako. Estimatuko luketela euren hizkuntzan hitz batzuk  entzutea.

   Halakoetan —lehen ere gertatu zen— Ricky Lasaren (IJAPAko lehendakaria) parte hartzea ezinbestekoa izaten zen. Hain justu, ikaragarri gustukoa zuen jende aurrean nabarmentzea. Plazagizona eta planta ederrekoa izateaz gain, hazi egiten zen jende aurrean. Lasa, ordea, Washington-era joana zen, Espainiako enbaxadako diplomatiko batekin biltzera. 

    Ezpeleta niregana hurbildu zen. Aretoko izkina batera eraman ninduen. Belarrira —seminarioan ikasitako estiloan— zuri-zuri, gozo-gozo, barre txikian. Ni nintzela egokiena oholtza gainera igotzeko, latinoek eskertuko luketela. “Atera kontuak, Iñaxio, zenbat komunikabide dauden. Prime time-en aterako gaituk”, erregutu zidan.

    Charles Chaplinen filma bat etorri zitzaidan gogora, “Tempi Moderni”, Milanen (Italia) jokatzen nengoenean ikusitakoa. Eszena batean, oker ez banago, oso ondo ez banaiz gogoratzen, estolda batetik ateratzen da Charlot. Lurretik jasotzen du bandera gorri bat, manifestari batek galdutakoa. Haien atzetik doala, bandera gorria eskuan, beste multzo bat hurbiltzen zaio gibeletik. Poliziak atxilotu egiten du Charlot.

     Ni ere, jaka gorriz jantzita, kapelu gorria buruan, konturatu orduko oholtza gainean ikusi nuen nire burua. Urduri jartzeko betarik gabe. Ehunka lagun, behean, denak niri begira. Nik zer esango.

     Konortea galdu edo amets gaizto bat bizitzen. Protagonista, protagonismoa bilatu gabe. Zerrategiko ordezkaria sumatu nuen nire aurkezpena egiten. Urrutitik helduko bailiren hitz solteak… jai-alai players, strike, Basque heroes… Bai, gutaz ari zen. Kameren argiek eta argazkilarien flashek itsutu ninduten. Isildu zen hizlaria eta, nonbait, nire txanda izan behar zuen. Baina ni, mutu, izoztuta, ehunka lagun, behean, niregan begiak josita. Ez dakit bertsolariak oholtzaren gainean zer sentitzen duen gaia eman eta gero, isilune horietan, burumakur, denek zain, zerekin ekingo dion… Ez zen nire plaza, baina, ezin bertatik ihes egin.

     Halako batean, hasi nintzen zerbait esaten. Gaur da eguna, ordea, ez dakidala zehatz-mehatz zertaz aritu nintzen. Beste baten gorputzean sartuta banengo bezala sentitu bainintzen. Ez ni, beste bat, arituko balitz bezala hizketan nire ordez. Entzuten nituen gauzak ezagunak egiten zitzaizkidan. Nazioarteko Brigadak, Victor Jara, Allenderen Txile… Zarauzko Zinema pilotalekuko mitinetan Ortziri eta Esnaolari entzundakoak. Baita esloganak: “Herri elkartua ez da inoiz zanpatua izango”…  “Duintasunak ez du mugarik ezagutzen”… ¡”Gora langileria elkartuta!”… Sacco eta Vanzetti ere, sartu nituela zaku berean, uste dut. Txistu eta txalo artean sumatzen nuen beste ni hura. Ezin gelditurik, trenak abiada hartzen duenean bezala, balaztari sakatu gabe, aurrera eta aurrera…

    Ezpeletak atera  ninduen trantze hartatik, oholtzan bertan. Besarkada bat eman eta esanez:  “Hori duk, Iñaxio!… Lortu diagu!”.

    Zorabiatuta jaitsi nintzen oholtzatik, non nengoela jakin gabe. Lankideek besarkatzen nindutela, kazetariak mikroekin eta kameren flashekin, osatutako laino batean.