Enekoitz Esnaola

Hilabetea: iraila 2019

Ibon Etxezarretaren gogoeta

Joan den astean estreinatu zuten Zubiak dokumentala, Donostiako Zinemaldian, Juan Mari Jauregiren alargun Maixabel Lasaren eta Langraiz bideko euskal preso Ibon Etxezarretaren aurrez aurreko elkarrizketa filma —dena hori ez den arren—. Etxezarretak esaten du sentitzen duela Jauregiren-eta hilketetan parte hartzea, indarkeriaren erabilera kritikatzen du, ETAren biktimekin abiatutako prozesua estimatzen du, eta euskal presoen urruntzeaz eta Euskal Herriratzeaz egiten du gogoeta bat; hauxe (euskarara itzulia): “Huelvako kartzelan zaude, edo Badajozen —han egon nintzen ni—, eta kezka hauek dituzu eta pentsatzen duzu gustatuko litzaizukeela parte hartzea, baina nola egiten duzu? Hemen bazegoen diferentzi bat, niretzat oso garrantzitsua zena: Langraizera etorri ginenean, jartzen zenuen irratia, eta Euskadi Irratia genuen —Euskaditik kanpo ezin zen entzun—; jarri telebista, eta ETB genuen; egunkari gehiago genituen, irrati kate gehiago, eta hemengo gaiez hitz egiten zen. Zu mila aldiz entzun izan zaitut; Badajozen egon izan banintz, sekula ez zintudan adituko. Esaten dudanean sakabanaketak ez duela inolako zentzu positiborik presoen eboluzioan, horretaz ari naiz. Guk hemen bagenekien Euskadin zer gertatzen ari zen”.♦


(irudian, Ibon Etxezarreta eta Maixabel Lasa, Zubiak filman, Legorretako elkarte gastronomiko batean)

Euskal presoak, auzi politikoa

BERRIAko analisiaren (2019-9-25) laburpena: Baldintzak egon badaude Madrilek (ere) espetxe politika aldatzeko. Baina gordina da egoera. Hegoaldean ez da nahikoa artikulazio eratu eta ez da aski presio egin, eta Sanchezen gobernuak ez du eman zezakeena eman. Urriaren 20an zortzi urte beteko dira ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela, eta, Espainiako Estatuan bederen, oraindik ez da ikusten espetxeetako tunelaren bukaeraren argirik. Presoen ibilbide juridikoan insistitzen segituz, fokua non jarri? Non egin indarra? Nola? Oraindik bi estatuetan guztira 256 euskal preso daudela, ulergaitza da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, urte politiko berriari buruzko hitzaldian, “Herrialdearen hiru erronka nagusien” artean ez aipatzea bakegintza eta elkarbizitza —”demografia, klima aldaketaren aurkako borroka eta eraldaketa teknologikoa” planteatu zituen—. Bestetik, harrigarria da duela urte bat eta piko Orain Presoak dinamika sozial eta askotarikoa sortu, baina azkenean ikustea jarraipenik gabeko beste esperimentu bat izan dela. Ez dirudite hauek frankismoaren diktaduraren osteko garaiak amnistia eskatu eta erdiesteko, baina bai aldarrikapen politiko-demokratiko gutxi eta zehatzen inguruan indar metaketa plural baten bila joateko —batasun erabatekoaren zain egoteke, ez baitago halakorik—, dinamika nazionala eta lokala sortuz —47ak Herrian bezala—. Irudipen bat bada gaur egun euskal presoen auzi politiko honetan diskurtso tekniko-juridikoa gailendu egiten dela eta ez duela behar adinako irismen soziala. Euskal presoak ari dira mugitzen —agian, behar da malgutasun handiagoa—, baina, auziaren bukaeraren hasiera ereiteko, garrantzitsua da afera hau, kolektibo haren borroka zena, borroka kolektibo bilakatzea.♦

Eskubia hor dago, orain ernai dago

Gaur gauerdian bukatuko da Espainiako Estatuko legealdia, bihar desegingo dituzte Gorteak, eta bihar bertan deituko, haien agerkari ofizialean, datorren azaroaren 10eko Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak. Eta estatuko eskubia hor dago, orain ernai dago, bozetan jarria dauka konpainia… Badu masa elektorala, 10,5 milioi boto-emaileko oinarria —behean, azken bi hamarkadetako lau erreferentzia—; eta badu —eta hau inportantea da— berriz ere Moncloara iristeko itxaropena. Egingo dituzte aurrez eta ondoren —balizko aukera baliatzeko— batzeko saioak.

Olaso Dorreko mahaia

Arnaldo Otegi ere izan da gaur, Bergaran, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaren aurkezpen ekitaldian, Olaso Dorrean, eta eraikinaren bisita gidatuan bere inguruan zituen batzuei aipatu die halako mahaitan aurkeztu zuela ezker abertzaleak 2003an Bergarako proposamena (mahaia behean, gaur ateratako irudian). “Espainiako hauteskundeetan Euskal Herriarentzat autodeterminazio eskubidearen alde kandidatura bakarra” osatzeko proposamena izan zen. Abenduaren 16an aurkeztu zuten, eta mahaiaren atzean ziren, lehen lerroan, Jon Idigoras, Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Jose Luis Elkoro, Arantxa Arruti; haien gibelean, Koldo Ormaetxea, Pernando Barrena, Emilie Laplazette eta Xabi Larralde. Handik hiru hilabetera tokatzen ziren Gorteetarako bozak. Ezker abertzalea ordurako hasia zen Jesus Egigurenekin-eta euskal gatazkaren konponbiderako bide berri bat urratzen, baina egoera zail batean ere bazen, legez kanporatzeagatik. Autodeterminazioa Madrilekin negoziatuko lukeen ordezkaritzaren aldeko proposamenak ez zuen irten aurrera. EAJk ez zuen ikusten. Olaso Dorreko 2003ko hitzordu hartan Otegirekin-eta hedabideak zeuden. Gaur, Andoni Ortuzar ere bazegoen han. Tankerako hautagaitza bat proposatzeko baldintzarik ez, ordea, gaur-gaurkoz.♦

 

Difamazioa

BERRIAn gaur argitaratu dugu Josu Urrutikoetxearen abokatuek Le Figaro Frantziako egunkariaren kontrako salaketa bat aurkeztuko dutela, difamazio delitua egotzita. Poliziak pasa den maiatzean Urrutikoetxea atxilotu ondorengo artikulu batean (2019-6-19) behintzat, Le Figaro-k idatzi zuen 1987an Zaragozako kuartelaren aurkako “erasoan parte hartu” zuela hark —11 lagun hil zituen ETAk—.

Xabier Arzalluz zenak 2001ean, artean EAJren EBBko buru zela, Prentsaren Auzitegia sortzeko eskatu zuen, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko”. Artikulu bat idatzi zuen Deia-n: “Guido Brunner enbaxadore alemaniarrak auzitegietan erabateko indefentsioa eta presio eta jazarpen mediatikoa jaso zuen, batez ere Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik, gobernu sozialistarekin eta Felipe Gonzalezekin zeukan harreman bikaina zela eta. Aldiz, Stern Alemaniako astekari indartsuak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanburgeko Prentsa Delituen aretoan. Hilabetera atera zuen epaia aretoak, eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita kalte-ordaina ere. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri orain dela urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’ nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”. Zenbat halako, eta denak ez hedabideen aldetik: gaur Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Espainiako Kongresuan bota du Arnaldo Otegik “atentatu terroristetan 54 katalanen sarraski batean [matanza, erabili du] parte hartu” zuela.♦

Hauteskundeak noiz jarri

Gaur Gara-k dakar Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak baztertu egiten duela Eusko Legebiltzarrerako bozak datorren azaroaren 10erako jartzea, Espainiako Gorteetarako balizko hauteskundeekin batera. Bi hitzorduak sekula ez dira izan egun berean, EAJri ez zaiolako komeni. Ildo horretan, Patxi Zabaletak Nafarroako azkeneko foru hauteskundeen ondoren iradokizun bat egin zuen Hamaika Telebistako elkarrizketa batean (7.22-8.55): “pentsatu eta mahai gainean jarri” behar dela Nafarroako foru bozak noiz egitea komeni den. Esan zuen duela zortzi urtera arte herrialdean, Foru Hobekuntzak agintzen zuenez, parlamenturako bozak udaletakoekin batera egin behar zirela, baina harrezkero ez, araudia aldatu egin zutelako, eta, ondorioz, pasa den legealdian Uxue Barkos gobernuburuak bazuela foru hauteskundeak udaletakoak baino lehenago deitzeko eskumena —batera izan ziren: maiatzaren 25ean—. EAEko adibidea jarri zuen Zabaletak: “EAJri ez zaio burutik pasatu ere egiten munizipalekin batera jartzea hauteskunde autonomikoak; [hauek] egiten ditu beti beste data batean. Hori komeni zaie, zalantzarik gabe, alderdi abertzaleei”. Izan ere, udal bozak Espainiako Estatu osoan egiten dira, eta horrek asko markatzen du agenda, eta fokua, Madrilen jartzen. Hurrengo baterako ideia, hurrengorik bada.♦

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑