Lerro batzuk

Enekoitz Esnaola

Presoak, balantzea

BERRIAko analisiaren (2019-2-23) laburpena: PSOEren gobernu batek hasi zuen urruntze politika, 1989an, eta PSOEren beraren gobernu honek zeukan orain politika hori bukatzen hasteko abagunea; abagune historikoa, ETArik gabeko aroa izateagatik, eta izango zuen Kongresuaren gehiengoaren babesa. Ia bederatzi hilabete daramatza Moncloan, eta ez da hasi horretan. Gerturatze urri horiek ez dute esan nahi espetxe politika aldatzen hasteko sakoneko erabakia hartua duenik. Jaurlaritzak hain maite duen diskrezioaren eremuan zer gertatzen den jakin gabe, badirudi, nagusiki, ETAren desegiteak eta EPPK-ko kideen legediko pausoek soilik behartu dutela PSOEren gobernua presoenean zeozer urri hori egitera. Ez da, bestela, bultzada berezirik sumatu Euskal Herrian. Aurrera begira, instituzionalki, adibidez, egoera berraztertzeko modukoa da estatuko agintaldi berrirako: Nafarroako gobernu honek auzia ez du aitatu ere egiten ia, eta udatik aitzina aldaketaren gobernuak jarraituko balu baina haren osaera pluralagorik ezean guztia Jaurlaritzaren esku uzteak ez du ematen solaskidetza, ekimen eta, kasuan, presio instituzionalerako biderik eraginkorrena litzatekeenik. Madrilen eskuina gero eta gogorrago dago, amorruz. Kongresuko herenegungo agerraldia ikusi besterik ez dago; eta hori, gainera, Vox falta dela orain.♦

Eskertzen da

Ainhoa Etxaidek Euskadi Irratian esan du Espainiako Auzitegi Gorenean epaitzen ari diren katalan independentistak “matxinatu” egin zirela, “guztiz ankerra den estatu eta legedi baten aurrean, elkarrizketarik nahi ez duen estatu baten aurrean”. Gauzak garbi. Matxinatu. Desobeditu. Defentsa juridikoaren estrategia batean normaltzat har daiteke auzipetuak eta haien abokatuak beste hizkuntza batekin aritzea, baina bestela, dialektikoki eta gogoetarako, eskertzen da gehiegizko eufemismo, suzedaneo eta hitz erdi hutsen garaian Etxaidek bezala Katalunian gertatutakoa zer izan zen azaltzea. Katalan independentista militante horiek ez dira ari epaitzen haien ideia politikoengatik, ideia horien ekintza politikoagatik baizik; ekintzaileak dira. David Fernandezek BERRIAn: “Nola garaitu Estatu arrazoia? Nola eragotzi shock-aren doktrina? ‘Hura desobedituz’, diote dakitenek. Zeren eta bai baitakigu zein den hori ez egitearen alternatiba”.♦

Jonathan Powellen elkarrizketa, ingelesez eta espainolez ere bai

Gaur (2019-2-10) argitaratu du BERRIAk Jonathan Powell nazioarteko bitartekariak euskal gatazkari buruz eskainitako elkarrizketa. Nekez mintzatzen da Powell hedabide batean, eta eskertzekoa da elkarrizketa eman izana. Eskertzekoa den bezala hori lortzeko lagundu dutenen jarrera. 2007tik aurrera, euskal gatazkaren ondorioak konpontzen joateko lanetan nazioarteko pertsonalitaterik garrantzitsuenetakoa izan da Powell. BERRIAri emandako elkarrizketa ingelesez eta espainolez ere badugu, dokumentu banatan. Hementxe. (Post scriptum: 1. Atxikita frantsesez lapurpen bat, besteekin batera prestatutakoa. 2. Atxikita elkarrizketaren PDFak):

Continue reading

Jonathan Powellen elkarrizketa BERRIAn

BERRIAk igande honetan Jonathan Powell nazioarteko bitartekariaren elkarrizketa argitaratuko du, euskal gatazkari buruzkoa. Euskal Herrian azkeneko aldiz jendaurrean iazko maiatzaren 4an azaldu zen, Kanbon, ETAren desegitearen biharamuneko topaketan, eta harekin harremanetan, zeharka, aste batzuetara jarri ginen, elkarrizketa eskatzeko. Udan eman zuen baiezkoa, eta azkeneko egunetan erantzun ditu galderak. 11 urte egin ditu Powellek Euskal Herriko gatazka konpontzeko erraztaile lanetan: 2007tik, iaz arte. BERRIAko elkarrizketan “harro” agertu da prozesuan parte hartu izanaz, eta bakegintzarako euskal eragile politikoek eta sozialek egindako lana nabarmendu du. Munduko hainbat gatazka politiko, armatu edo diplomatikoren konponbide prozesutan bitartekari eta bideratzaile ere jardun du —1990eko hamarkada bukaeran, Ipar Irlandako bake akordioaren negoziatzaile nagusietakoa izan zen, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroaren aginduz, eta, berriki, Kolonbiakoan parte hartu du—. Halakoetarako sortu zuen gobernuz kanpoko erakunde bat: InterMediate. Gaur egun, munduan hamalau gatazka desberdinetan dabil lanean, elkarrizketan kontatu duenez; batetik bestera beti. Nekez agertzen da publikoki, eta gutxitan hizketan. Idatziz erantzun ditu BERRIAren galderak. Bihar (ostirala), elkarrizketaren aurrerapen bat Berria.eus-en.♦

Telebisatuta dago

EAJren adar subiranisteneko ordezkari instituzional gorenari elkarrizketa egin dio BERRIAk: Markel Olanori, Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Egungo legealdiaz aritu dira, balorazio modura. Eta, aurrera begira, igar daiteke segituko duela EAJ-PSE aliantza instituzionalak. “Beti eduki dugu oso harreman ona [PSE-EErekin foru gobernuan]. Leialtasun giroan kudeatu ditugu desadostasunak”. EAEko balizko estatutu politiko berriaz ere jardun dute: “Erabaki eskubidea bazter uzten badugu, geure burua izugarri mugatuko dugu”; alegia, gaur bezala, baina hor segitzen dute subiranistek Espainiako erregimenean, ospa egiteko barne indarrik eta estrategiarik gabe. Luzerako doa EAJ-PSE aliantza; gune nagusietarako, telebisatuta dago 2019-2013ko udal eta foru legealdia. Izan ere, post-Ibarretxen, EBBk ez zuen nolanahi gauzatu biratzea, 2013an PSErekin “Euskadiren egonkortasunerako” akordioa sinatuta eta 2015etik aurrera gobernuak osatzen hasita. Ordutik ez da bestelako aliantza instituzionalik eratu Euskal Herriaren mendebaldean, Errenteriako Udalean salbu.♦

Immobilismoak

BERRIAko analisiaren (2019-1-10) laburpena: ETAri su-etena emateko eskatzen zioten. Betiko eman zuen (2011). ETAri armagabetzeko eskatzen zioten. Desarmatu zen (2017). ETAri desegiteko eskatzen zioten. Bukatu zuen ETAk ibilbidea (2018). Espetxe legedia segitzeko galdegiten zioten EPPKri. Ari da, batik bat duela urtebetetik. Hitz ematen zuten halako kasuetan aldatuko zutela kartzela politika, edo egingo zutela bat eragiteko. Hala ere, “ETAko” presoen aurkako salbuespen politika ez da amaitu. Ezker abertzaleari kostatu egin zaio bide hau hartzea, agian berandutzeraino, baina hartu du. Ordea, ikusitakoak ikusita, ondoriozta daiteke eragile zenbait, bakoitza bere erara, ezker abertzaleari iraganagatik faktura pasatzen dabilela, eta egindako eskaera haiek ETAren bukaera bilatzeko zirela soilik, ez, kasuan, presoena konpontzeko. Eta, presoen zama arintzen hasteke, ondoriozta daiteke ezker independentismoaren proiektua blokeatu nahian dabiltzala, kasurako 2011 bukaeraz geroztik Madrilek lortu zuen bezala.♦

Luhuso: ardo saltzailearen pasadizoa

BERRIAk jendaurrean lehen aldiz bildu ditu Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai  Luhusoko ekintzaileak, Luhuson bertan, epaileak haiei elkarrekin egoteko debeku judiziala kendu ostean. Bideo erreportajeaz gain, pasadizo hau igo dugu sarera: Errekartea baserrian ETAren armategiarekin Etxeberri, prest zituen txioekin, bakarrik zegoenean, ardo saltzaile bat azaldu zenekoa.♦

« Older posts

© 2019 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer