enekoitz esnaola

Berriz ere, nabarmen eta nabarmena

2026ko martxoaren 24a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josu Urrutikoetxeak atxilotua izateko aukera ikusi zuen joan den abendu hasieran Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aurkitu, atzeman eta preso sartzeko eskatu zionean Frantziako Fiskaltzari, 2002tik 2018ra arte ETAren buru nagusietakoa izan zela jota. Baina Pedrazek ez zuen lortu; izan ere, aurrea hartu, eta Urrutikoetxea Parisera joan zen, abokatuekin, hango epaitegietan bere dosierra ondo ezagutzen baitute, eta libre utzi zuten. Dena dela, bihar hitzordua izango du Pedrazekin, telematikoki Paristik. Euroagindu eskaera denez, Parisko epaimahaiak formari begiratuko dio erabakia hartzeko, ea teknikoki ongi egina den, baina auzia funtsean politikoa da.

Iazko apirilean Vocento taldeak albiste batean zekarrenez, Dignidad y Justicia elkarteak (DyJ) Auzitegi Nazionalari eskatu zion herriko tabernen auziaren harira Urrutikoetxearen kontrako euroagindu eskaera zabaltzeko. Garrantzitsuak omen dira 2019ko atxiloketan atzeman zizkioten dokumentuak, ETAren bukaera arte haren buruetakoa izan zela esateko modukoak. Akusazioaren oinarria: Guardia Zibilaren 2021eko txosten bat. Handik bi astera, El País-ek antzeko berria atera zuen.

DyJk harritzeko moduko arrazoiak erabili zituen. Adibidez, elkarteak zioen Frantziako Poliziak, Urrutikoetxea atzematean, USB batean haren audio batzuk topatu zituela, familiari bidalitakoak, eta Guardia Zibilak dudarik ez daukala hura izan zela 2018ko maiatzaren 3an ETAren desegite agiria irakurri zuen bi lagunetako bat. Iaz ondorioztatu zuen hori DyJk. ETAren agiria leitu zutenetako bat Urrutikoetxea izan zela 2018ko maiatzaren 3an bertan jakin zen, Genevako ekitaldian, desegitearen egunean, eta hedabideek egun berean audioa argitaratu zuten. Horrez gain, Naiz-ek 2020an zabaldutako bideo batean Urrutikoetxea ikusten da bukaerako idatzia irakurtzen. Berritasunik ez DyJren-eta aurkikuntzan.

Akusatzaileen ustez, beste froga bat da 2019an, atxilotu zuten tokian —Alpeetan—, ETAk 2018ko martxoan datatutako Barne Komunikazio Orokorra zeukala Urrutikoetxeak. BERRIAk —ez BERRIAk bakarrik— ETAren desegite garaian bazuen dokumentu hura, eta albiste bat atera zuen maiatzaren 6an. Poliziak artxibo haren «metadatuetan» ikusi omen zuen 2017ko apirilaren 9an sortu zela. David Pla konponbiderako ETAren ordezkariak bi hilabete lehenago Gara-n iragarria zuen ETAk bere geroaz gogoeta prozesua abiatzeko asmoa zuela 2017ko udaberritik aurrera. Berri handirik ez metadatuetan.

Pedrazena euroagindu eskaera denez, Parisko epaimahaiak formari begiratuko dio, ea teknikoki ongi egina den, baina auzia funtsean politikoa da

Era berean, Dignidad y Justiciak adierazi zuen Urrutikoetxeak ETAren azkeneko Zutabe aldizkaria ere bazuela, ETAko gutxi batzuek izaten zituztela halako dokumentuak eta, ondorioz, garai hartako buruzagitzat jo daitezkeela haiek. BERRIAk (ere) sasoi hartan bazeukan Zutabe hura. Zehazki, ETAren 114. Zutabe zen, 2018ko apirilean datatutakoa, 1958 / 2018 izenekoa, 32 orrialdekoa, eta azalean «irakurri eta zabaldu» jartzen du. Urrutikoetxeari ere heldu zitzaion, nonbait.

Guardia Zibilaren txostena oinarri hartuta, DyJk zioen Josu Urrutikoetxea pertsonalki eta ETAren zuzendaritzaren izenean arduratu zela euskal erakundeko kideekin desegiteaz kontsultak egiteaz eta erabakien berri emateaz. Plak 2019an jakinarazi zuen 2013 hasieran Norvegiako elkarrizketa mahaia desegin zenetik ETAren «egitura» Euskal Herrian kokatzea erabaki zutela. Urrutikoetxea 2013ko otsailean Norvegiatik 2006ko udazkenetik babesleku izan zuen tokira bueltatu zen: Durban-sur-Arizera, Okzitaniako Pirinioetara. Pla Euskal Herrian atxilotu zuten, 2015ean: Baigorrin. Urrutikoetxea handik lau urtera, Suitzatik gertu; han ere ez zeukan ez Internetik, ez telefonorik, eta bisita apurrak, gertu-gertuko senideenak.

ETAren ibilbidearen ikurtzat

Espainiako Estatuko botere faktikoek ETAren ibilbidearen ikurtzat daukate Josu Urrutikoetxea, eta garaikur hori erdietsi nahian dabiltza. 2002an berriro ihes egin eta ETAren desegitea baino lehen ez zuen lortu Poliziak atzematea. Libre ikusten dute, (Ipar) Euskal Herrian bizitza publikoa eginez, eta tarteka jendaurrean mintzatuz elkarrizketa, dokumental, liburu eta solasaldietan, eta min handia ematen die horrek denak.

Pedrazen oraingo hau ustezko saria eskuratzeko beste saio bat da, nabarmena. Baina berriz ere nabarmen geratzeko arriskua du. 2005ean auzipetu zuen, noiz eta ETA-Espainia hizketan hasita zirenean eta ETAren mintzakidea Urrutikoetxea zela. Zehazki, Luis Hergueta Michelineko zuzendaritzakidearen hilketarekin (1980) lotuta auzipetu zuen, nahiz eta atentatua ETApm-k hartu zuen bere gain eta Urrutikoetxea ez zen hango kidea. Pedrazek autoan zekarren ETA izan zela egilea, baina ez zuen zehaztu ETApm izan zela; ostikoa zorroztasun juridikoari. 2021ean kasua artxibatu egin zuen, Guardia Zibilak txosten baten bidez esplikatu zionean ETAren zein adarrek hartu zuen bere gain hilketa; alegia, Urrutikoetxeak ez zeukala erantzukizunik. Epaileak hamasei urte behar izan zituen konturatzeko.

Orain, 2002-2018 aldian ETAren buruzagi izatea egozten dio, dokumentu polizial edo erabaki judizialei jaramonik egiteke. Esate baterako, Frantziako Poliziaren Zuzendaritzaren Borroka Antiterroristako Koordinazio Unitateak 2014an datatutako txosten konfidentzial batek zioen ETAren «ildo gogorrak» Urrutikoetxea «baztertu» egin zuela 2006ko Barajasko atentatua baino zerbait lehenago. 2020an Frantziako Dei Auzitegiak baztertu egin zuen Barajaskoagatik Espainiak egindako euroagindu eskaera; forma kontuengatik, baina eskaera hura ere sakonagoa zen. Urrutikoetxeak 2006ko irailean egin zituen Madrilekin atzeneko bilerak —gobernuaren ordezkariek beraiek ere hala esana—, eta utzi egin zuen mahaia. Durban-sur-Arizera, «baserriko lanean» bere kasa bizitzera.

Beste adibide bat: 2021ean Frantziako Zigor Auzitegiak errugabetzat jo zuen Norvegiako 2011-2013ko mahaiko auziagatik, etakidea zela esateko frogarik ez zegoela ebatzita. Gainera, eta ETAko kide jo izan balute ere, hiru magistratuek azpimarratu zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin. Hain zuzen, Frantziako Poliziaren 2014ko txosten konfidentzial hark 2011z geroztik ez zuen kokatu ETAren egituran; «ordezkari» gisa jo zuen. Gehiago: Guardia Zibilaren bi arduradun esanguratsuk 2017an argitaratu zuten liburukotean diote 2004tik aurrera, bederen, Urrutikoetxea ez zela izan ETAren zuzendaritzako parte.

Juridikoki teknikoa da Josu Urrutikoetxearen (75 urte) aurkako biharko auzi saioa, forma kontua. Baina auzia politikoa da. Nabarmen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!