Parisen, 2015 bukaeran, Bataclaneko atentatuak izan eta gutxira, eta estatu osoan larrialdi egoera ezarria zela, Nazio Batuen Erakundea klima aldaketari buruzko konferentzia bat egitekoa zen, eta Frantziako Alternatiba mugimenduko arduradunetako Txetx Etxeberrik bilerak egin zituen Bernard Cazeneuve Barne ministroaren taldearekin, gobernuak haien manifestazio denak debekatu zituelako. Handik urtebetera, 2016ko abenduan, Luhusoko ekintza baino egun batzuk lehenago, Cazeneuve lehen ministro izendatu zuten, Manuel Valls zurrunaren partez. Aurrez, Barne Ministerioan, Eric Morvan izan zen Cazeneuveren konfiantzako kargua, eta Morvanekin bildu izan zen Etxeberri konferentzia haren auziaren bueltan, baita Cazeneuverekin ere. Mixel Berhokoirigoinek ere ezagutzen zuen Morvan, 2009an Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako epaiketan Baionako suprefeta izan zelako Morvan, eta auziko beste partea. Berhokoirigoinen abokatua Jean Rene Etxegarai izan zen. 2014an Etxegarai Baionako auzapez aukeratu zuten, eta 2017ko urtarrilean, ETAren armagabetzerako bi hilabete pasatxo falta zirela, Euskal Elkargoko lehendakari. 2017ko martxoaren 20an, Etxegaraik bilera garrantzitsua izan zuen Cazeneuveren gobernuaren ordezkariarekin, Pauen, desarmatzeaz eztabaidatzeko. Hala, Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu zen: Morvanekin. Bilera hura baino hiru egun lehenago, Luhusoko ekintzaile batek Le Monde egunkariari adierazi zion apirilaren 8an izango zela armagabetze eguna: Txetx Etxeberrik. Berhokoirigoin eta biak ziren Luhusokoen buru nagusiak.
Txetx Etxeberri, Mixel Berhokoirigoin, Jean Rene Etxegarai, Eric Morvan, Bernard Cazeneuve. Bai tokatu ere! Ahaztu gabe ETAk armagabetu nahi zuela.
Baina dena ez da izan hain erraza edo kasualitate bat.
«Gerrarik ez bada, zergatik behar da bake prozesua?», galdetzen zuten Iparraldean herritarrek ETAk 2011n borroka armatua bukatu ostean ere, Anaiz Funosas Bake Bidean lehendakari izan denak esan izan duenez. Frederique Espagnac PSko kideak ere kontatu izan du garai haietan ez zela girorik bake prozesu bat hasteko: «Bakearen eta bizikidetzaren gaia aipatzen zenien lagunei-eta ostatuan, eta zertaz ari zinen erantzuten zizuten». Hego Euskal Herriko edo Espainiako kontu bat omen zen gerra hura, nahiz eta GALen 27 hilketetatik ia den-denak Ipar Euskal Herrian izan, eta haietatik zazpi, Baiona Ttipian, 3.500 biztanleko auzoan —Txetx Etxeberrik galdetu izan du euskal gatazkan Hegoaldeko zenbat auzotan gertatu den halakorik—.
Gerrarik ez bazen izan, zertarako bake prozesua?
Prozesu baterako baldintzak sortzen joateko, etengabe eta abilidadez lan egin du Bake Bideak. 2012an antolatu zuen I. Bake Foruma, beste eragile batzuekin elkarlanean: Baionako Unibertsitatearekin eta Lokarrirekin. Helburua: azpimarratzea gizarte zibilak zeregin bat izan behar zuela bake prozesuan. Funosasek esan bezala, «oinarri sendo bat izan zen foruma, gero gauzak elkarrekin pentsatzeko». Elkarrekin pentsatu horrek garrantzia izan du Ipar Euskal Herrian. Etorri ziren bilkura gehiago, eta Baionako adierazpena (2014) edota Parisko konferentzia Asanblada Nazionalean (2015). Luhusokoak gizartearen parte esanguratsu bat inarrosi zuen, eta ekintza haren biharamunean bertan oinarriak jarri zituen Bake Bideko lehendakariak, agerraldi zabal batean: «Partida polita dugu jokatzeko. Guri dagokigu armagabetzea bururaino eramatea eta gatazkak sortu dituen ondorio guziei aterabidea ematea». Jada uztarri berean zen jende diferente asko.
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian gero eta jende gehiago zegoen aterabidearen alde, eta Espainia gero eta bakartuago sentitzen hasi zen. Behin, Le Monde-k aurrerapausoak eskatu zizkion Madrili editorial batean. «Zergatik egin behar dut nik zerbait?», erantzun zuen Mariano Rajoyk, bere estiloan. ETAren desarmatzeaz ari zen, baina erantzuna bera zen euskal presoez.
Parisek atzenerako utzi zuen armagabetzea egitea. Berehala ziren Bake Bidea-eta gobernuarekin eserita, euskal presoen auziari irtenbidea ematen hasteko. Ekin zion horri ere Parisek. Gero Madril hasi zen, Rajoy paretik kendu zutenean.
Bakegileek bezala, amaitu du ibilbidea Bake Bideak. Jostun bat izan da. Eta kultura politikoa jantzi du.