enekoitz esnaola

Tekla jotzea

2023ko abuztuaren 30a
18:50
Entzun

Luhusokoa ez zen Luhuson hasi. Euskal gatazkaren ondorioen aterabide prozesuan, memoria kolektiboan txertatu zen Luhusokoa, baina aurreko urteetako hainbat gertakariren eta konpromiso-hartzeren ondorioz gertatu zen. Besteak beste, Graxi Etxebehere zendu berriaren ekinaldiaren ondorioz.

ETAk 2011ko urrian jakinarazi zuen bukatutzat eman zuela jarduera armatua, baina Espainiako Gobernuan berehala PP jarri zen eta ez zen gatazkaren ondorioen elkarrizketa mahaia osatu Oslon, ETAk aurrez, nazioarteko eragileen bitartekaritzarekin, PSOEren gobernuarekin hitzartu moduan. 2013 hasieran atera ziren ETAren solaskideak Oslotik, eta erakundeak aldebakartasunez ekin zion armagabetzeari.

2014ko otsailean izan zen auziko beste gertakari garrantzitsu bat: ETAren jakinarazpen bideoa desarmatzearen hasieraz. Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen bi arduradun ageri ziren bideoan, ETAren bi ordezkarirekin batera. Mahaian: arma, munizio eta lehergai kopuru jakin bat. Talde politiko eta instituzio askok egin zioten kritika ETAri, armategia oso txikia zela esanez; kritikoen artean ziren, funtsean, Hego Euskal Herrikoak eta Espainiakoak.

Aldiz, Ipar Euskal Herrian beste dinamika bat zegoen, barneratzaileagoa eta eraikitzaileagoa. Mugarri izan zen 2014ko urrian bakegintzari buruzko Baionako adierazpena, Iparraldeko sentsibilitate guztien parte hartzearekin egin eta aurkeztutakoa.

Testuinguru politiko eta sozial hartan kokatu behar da Iparraldeko gizarte zibileko hainbat lagunen pausoa ETAren armagabetzerako, arriskuak arrisku. 2015ean eta 2016an atxilotu egin zituzten Nathalie Chasseriaux, Enrike Lopez, Graxi Etxebehere, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo, Pantxoa Flores, Xabier Arin, Denise Elizagoien, Mixel Berhokoirigoin, Txetx Etxeberri, Mixel Bergouignan, Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai. Herritar gisa ari ziren —denak ez erantzukizun berarekin—, armagabetzerako lanean, bake prozesu baten alde. Haietako batzuk aurretik ETArekin publikoki kritiko agertutakoak ziren. Covitek, Etxebehereren heriotza baliatuz, «terrorearen artisau» gisa definitu ditu.

2017ko apirilean desarmatu zen ETA. Dinamika haren izaera zibilarekin ados egon ala ez —esaterako, Jaurlaritzak ez zuen gustuko—, ekintzaile sozialik gabe nekez lortuko zen Frantziaren inplikazioa —inplikazio «tazitua», Berhokoirigoin zenak esaten zuenez—. Aurrerabiderako, «orain presoak» aldarrikatu zuten bakegileek armagabetze egunean bertan. 2018ko maiatzean desegin egin zen ETA. Handik hilabete batzuetara Etxebeherek bere kontrako-eta epaiketan epaileari galdetu zion ea noiz hartuko zen «serioski» euskal presoen afera.

Jose Luis Rodriguez Zapaterok duela bi urte BERRIAko elkarrizketan aipatu zuen 2011n «Oslora joanda, ETAren amaiera bi urtean» egin zitekeela. Pedro Sanchez 2018an heldu zen Moncloara, ETAk bukatu berritan, eta oraindik euskal presoena ez dago erabateko konponbide prozesuan. Egun hauetan Kataluniako auziko amnistiaz ari dira hizketan —Baionako adierazpenak puntu batean bazekarren amnistiarena—, eta ematen du emango duela Madrilek. Aldiz, euskal presoen auzian oraindik ere ez du osorik ezarri legedi arrunta; asko falta zaio. Gaur egun, horixe betetzea baino ez zaio eskatzen. Auzia, politikoa da, Katalunian bezala. Tekla egokia(k) jotzea da kontua. Etxebeherek-eta jo zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.