Enekoitz Esnaola

Kategoria: BERRIAko analisiak (Page 7 of 15)

BERRIA egunkariko Politika sailean argitaratutako analisiak dira.

Aliantzak

BERRIAko analisiaren (2017-4-30) laburpena: Gaur 21 urte sinatu zuten PPk eta EAJk inbestidura ituna. Gero jakin zen PP zenbateraino sartu den ustelkerian. Gero etorri ziren Ermuko izpiritua, Major Oreja-Redondo tandema, Alderdien Legea eta bestelakoak… EAJ 20 urtean egon da PPrekin akordio handirik egiteke. Duela gutxi egin du bat: EAEko aurrekontuena. Espainiakoena dator orain, antza; 1996an ez bezala, berak ere badakienean PP zenbateraino den murgilduta diru publikoaren lapurretan, edo badakienean gatazkaren ondorioen aterabiderako borondaterik ez duela, ezta auzi politikoa konpontzeko ere. ETArik gabeko garai berri honetan PSE-PSOErekin eta PPrekin dabil aliantzak, aurrekontuak eta politikak taxutzen EAJ. Bitartean, subiranismo soziala kongresuen urtean da: Sortu, EH Bildu, LAB, ELA… Baina, aspaldiko partez, ezker abertzalea prozesu baterako bidea errazteko gatazkaren ondorioetan pauso argiak ematen aritzeaz gain, eremu horretan ikusten da gogoetarik eta gogorik elkarlan baterako. Politika dialektika ei da, baina, indarrik izan ezean, hitzak haizeak eramaten ditu.♦

Batasuna eta inplikazioa

BERRIAko analisiaren (2017-4-14) laburpena: ETAren armagabetzeaz gain, alor judizialerako garrantzitsua izango da haren ibilbidearen bukaera luze gabe iristea, baina, hala ere, ez dira hori eta EPPKren ondorioak izango giltza bakarrak presoen —eta iheslarien eta deportatuen— etxeratze prozesu azkar baterako. Juridikoki bide konplexu eta gradual bat dator. Borroka soziopolitikorako, ordea, mugimendu horiek inbertsio bat izan ahal dira espazioak sustatu, indartu, eta kartzela frontean ere auziaren aterabide osoaren bila joateko. Armagabetze prozesuak erakutsi du helburu bat erdietsi nahi bada hobe dela lortu nahi dena noiz etorriko egon beharrean, bila joatea. Euskal gizarteak bere osotasunean, eta bideak bide, baditu bi erabaki politiko borrokatzeko eta deuseztapenaren bila joateko: presoen urruntzea eta 7/2003 legea. Apirilaren 8an Baiona Ttipian jende saldoa egun-pasa ederrean zelarik, San Andres plazako lokal bateko mahai batean euskal abokatu ezagun bat sententzia bat ari zen irakurtzen. Foro Sozialak eta Bake Bideak bazioten BERRIAn duela bi aste: inurri lanik gabe, nekez datoz fruituak.♦

Prozesua

BERRIAko analisiaren (2017-2-19) laburpena: Xabi Larralderena da: “Burujabetza prozesu bat hiru geltokitatik igaro behar da: autoafirmazioa, autoantolakuntza eta autodeterminazioa”. Euskal Herrian prozesu nazional baterako—ez derrigorrean zazpi lurraldeetako—, oraindik ez daude baldintza horiek. Gehienez, autoafirmazioa. Egon da saiorik, baina eragile politiko subiranistek ez dute asmatu bidean aurrera egiten. Beti iritsi zaie une jakin hori. ELA-LABen 1990eko hamarkadako bost bat urteko aroa kenduta, (Hego) Euskal Herrian erakunde politikoak —zehazki, haien arduradunak— izan dira prozesuetako protagonista. Aurrera begira ere, prozesurik bada, nazionalismo historikoak eta ezker subiranistak izango dute protagonismorik, baina, lehen ez bezala, espazio bat ari da ernatzen: Gure Esku Dago herri dinamikaren —eta Ibarretxeren?— bueltakoa. Prozesu nazional baterako berme eta sustatzaile lana bete dezake; hasi dira —bide— orria idazten. “Idaztea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, dokumentatu egin behar dut, eta jakin zer idatzi nahi dudan” (Javier Moro). Hori betaurreko subiranistekin leituta: erabakitzea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, ardatzak finkatu behar ditut —balio unibertsalak, kultura politiko-demokratikoa, pazientzia…—, eta jakin zer erabaki nahi du —euskal estatua (?)—.♦

‘Metereologia’ adierazpenak

BERRIAko analisiaren (2017-1-20) laburpena: German Kortabarriak Gauzak horrela (ere) izan ziren liburuan dio ELAko zuzendaritzakoen artean “agiri metereologiko” deitzen zietela ETAren ekintza baten ondoren LABek atera ohi zituenei: “Eguraldiaren parte bailiran, ‘gatazkaren ondorio’ zen ekintzaren konstatazioa jasotzen zuten, ekintzaren eta haren eraginaren inolako baloraziorik egin gabe”. Jaurlaritza adierazpen metereologikoekin aritu da Juan Kruz Mendizabalen eta Sara Majarenasen kasuetan. Majarenasenean EAJk badu ardurarik: berriro nabarmen geratu da presoen sakabanaketak zer kalte dakartzan, eta politika horren bultzatzaileetakoa EAJ izan zen, orain ia 30 urte. Duela bi hamarkadatik dispertsioaren kontra dago, baina haren lana ez da alde zegoenean bezain irmoa eta erabakigarria. Sarek dio presoen arloan “mugimenduak” egon direla, “eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ere pausoren bat ematea falta da”. Bistan da, ordea, estatuak mugitzeko lana dagoela egiteko. Sarek berak aipatu du oinarrizko dokumentu bat landu nahi duela alderdiekin.♦

“Zikloa ixteko”, esan eta egin

BERRIAko analisiaren (2016-12-28) laburpena: “Zikloa itxi”. Hori esaten da maiz ezker abertzalean; azkenaldian, sarriago. Azken hiru bat urte galdu diren sentsazioa daukate ezker abertzalean. Ez dute gehiago galdu nahi. Armagabetzean ildoa berritu du ETAk. “Espetxeak husteko” ildoa berritzeko gogoeta hasi du EPPK-k; berritasun nabarmenak dauzka zuzendaritzaren proposamenak, eta uste du “ezinbestekoa” izango dela euskal gizartearen inplikazioa. Ildo berria onartuz gero, esandakoa egiteko tenorea helduko zaie EPPK-koei. Esan eta egin. Horretarako, engaiamendua. Ipar Euskal Herrian ari dira. Mugarri izan zen Baionako adierazpena —2014ko urria—, eta Berhokoirigoinek-eta joan den urrian ETAri helarazitako gutunean bazekarten aipamena. “Gure egiten dugu ETAren armagabetze zibila aitzina eramateko ardura”, hitz eman zuten Luhusoko polizia operazioaren ondotik gizarte eragile askok, Baionan. “Badator bide berria, badatoz lan berriak” ere bazioten. Zikloa ixteko presoen eta armagabetzearen auziek forma kolektibo, sozial eta iraunkor bat hartzen badute, bi estatuek arazo bat izango dute kontakizunarekin; hori dute kezka, Espainiakoak batez ere.♦

Orain artekotik geratu dena

BERRIAko artikulu analitikoaren (2016-12-8) laburpena: Erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar dinamikaren sorrera eta hedatze plana, eskubidearen sozializazioa eta kultura demokratikoaren pedagogia, mobilizazio handiak, ehuntze ariketak, herritarren ahalduntzea, galdeketen prozesuak… Hiru urte eta erdi konplitu ditu gaur Gure Esku Dago-k, eta orain arte galtzak bete lan izan du. Esan eta egin, hori egin du sortu zenetik, gabezia batzuk ere agertu diren arren. Abenduaren 17an 2019ra arteko bide orria azalduko du. Instituzioen lana errespetatuz betiere, pare bat urte barru erabakiaren eta herritarren parte hartzearen eztabaida Euskal Herri osoan zabalduta egotea nahi du. Baina 2019tik aurrera zer? Edo zer proiektu politiko bozkatu nahi da?♦

Edo Toshack-ena

BERRIAko analisiaren (2016-11-25) laburpena: Etor daitekeenagatik, gerta daiteke gutxiengoan den Jaurlaritza hau orain artekoen aldean egoera desberdin batean izatea. Nahikoa egonkortasunarekin hasi du legealdia, baina agintaldian Jaurlaritza baldintzatu dezaketen bi osagai jar daitezke mahai gainean. Lehena, murrizketa sozialak. Bruselak Espainiako Gobernua milaka milioi euroren murrizketak egitera behartu dezake, Moncloak erkidegoei pasatuko lieke faktura, Lakuak hiru diputazioei, eta diputazioek udalei; kaltetuak, herritarrak. Alderdi sozialista Jaurlaritzan, arlo identitarioari galga jartzeko ez ezik, alor soziala bermatzeko eta bultzatzeko sartu bada, ikusi beharko litzateke EAJ bazkidearekin zer jarrera hartuko lukeen murrizketa berrien aurrean. Jaurlaritza eta, oro har, euskal politika baldintzatzeko beste faktorea EAEko estatus politiko berria izan ahal da. EAJk aurtengo batzar nagusiko Batasuna eta Indarra txostena gauzatu nahi badu, krisia legoke Jaurlaritza honetan.  Hor denean, norberaren koherentzia politikoa gailendu beharko litzateke. Baina beti egongo da Toshack-ena egiterik. Hark bere artean esaten zuen partida txarren ondoren: “Astelehenetan beti pentsatzen dut hamar jokalari aldatu behar ditudala; astearteetan, zazpi edo zortzi; ostegunetan, lau; ostiraletan, bi; eta ja larunbatean pentsatzen dut betiko aluek jokatu behar dutela”.♦

« Older posts Newer posts »

© 2026 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑