EPPK-ko eta Langraiz bideko kide ohiak, AEM ingurukoak eta kale erasoekin lotutakoak daude Guardia Zibilak haien ondasunen aurka egiteko operazioko idatzian (dokumentua eta zerrenda —60 preso ohi—). Teniente koronel batek sinatu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari igorri zioten joan den maiatzaren 8an. Operazioa, atzo. Guardia Zibilak dio oraindik ez dituztela biktimekiko kalte-ordainak kitatu, nahiz eta, haren arabera, ondasun batzuen jabe diren edo jarduera laboralak dituzten. Operazioa, beraz, preso ohiek eta abokatuek agindu judizialak jaso gabe. Bi gauza: 1. Bukatu du ETAk, eta pixkanaka egon ahal da espetxe arloan Madrilen pausorik —dena dela, batasun eta kemen handiagoa erakutsi beharko Hego Euskal Herrian—. 2. Estatuko aparatu batzuek segituko dute terrorismoaren aurka egiten. Bukatu du ETAk; Madrilek, ez.♦
Page 13 of 48
Maiatzak 5, ‘ETAren bukaera (XI)’. BERRIAko analisiaren laburpena. Badirudi fase baten amaiera heldu dela. NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak bukatu zuen ibilbidea, iaz, ETAren armagabetzea ere egiaztatu ondotik. Henri Dunant zentroak herenegun bertan zioen amaitu duela bere egitekoa. Ikusgai da zer egingo duen HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Brian Currinenak. 2011n Aieteko sinatzaileek prestasuna agertu zuten Jarraipen Batzordea eratzeko; Kanboko adierazpenean ez dator zehazki halakorik —”gure ekarpen berri bat behar dutenen esanetara geratzen gara”, dio bukaera aldera—. Epizentroa Euskal Herrian da. 2000ko otsailaren 22a. Lizarra-Garazikoa bukatu berria. ETAk Fernando Buesa hil zuen egun hartan, eta naziogintzan aritzen den kide bat Txillardegirekin egokitu zen, ETAren sortzaileetakoarekin. Txillardegi jota ei zegoen, nora goazen galdezka, eta zera zioen Euskal Herriak borroka armatua baino aukera hobeak zituela arrazoitzeko: “Orain [naziogintzan] bakarrik gaudela? 1958an geunden horrela! Orain bada jende prestatua, bada konpromisoa, gaitasuna…”.♦
BERRIAko analisiaren (2018-3-8) laburpena: ETAren armagabetzearen ostean, Ipar Euskal Herriko lantaldea Frantziako Justizia Ministerioarekin hizketan hasi zenean, euskal ordezkariek giltzarritzat jo zuten, espetxe arloan mugimenduak gertatzeko, euskal presoei DPS kentzea, erredentzio eta onuretarako. Azaroan jakin zen zazpiri kendu zietela; horrek ahalbidetu du, lehengo astean jakin zenez, Zigor Garro eta Julen Mendizbal Mont-de-Marsango kartzelara gerturatzea. Beste hurbilketa batzuk abian dira. Ez DPS kentzeagatik bakarrik; hori ere hala da. Espainiako Estatuan, lehen gradua oztopoa da. Horrela dauzkate EPPK-ko kideen %95 pasa. Gainera, isolamendua aplikatzen diete. Sortuk berebiziko garrantzia ematen dio lehen graduak dakarren blokeoa hausteari. Espetxe legediari jarraituz, kaleratze prozesu bat hasiko litzateke. Tresna gehiago behar, ordea: kartzela eskumena, espetxe zaintzako epailea… “Kontuz ohiturekin! Izan ere, zenbat kosta izan zaigun (guri kontu honetan) egoerari heltzea! Ahalegin handiagoak egin beharko ditugu, guztiok, hemen bezalako egoeratan larritasunari berehala erreparatzen eta elkarlanean hasteko”. Xabier Reyren hitzak dira, iazko eskutitzekoak.♦
BERRIAko analisiaren (2018-3-1) laburpena: Azkeneko pausoa falta zaio ETAri: ibilbidea bukatzea. 2010etik aurrera erabakitakoak erabakita, militanteek Zuzendaritza Batzordearen proposamena onartzea da logikoena eta koherenteena. Gainera, ETA barne kohesio handiarekin helduko litzateke ziklo historikoaren amaierara, eta hori ez da erraza izan ohi: bake akordioak egon arren, IRAn sortu zen adar militar disidente aktibo bat, eta FARCen ba omen dira zatiketak. “Elefante bat dago pasilloan”, esaten zuen ETAgatik ezker abertzale ofizialekoa ez den buruzagi subiranista batek Lizarra-Garaziko garaian. Elefante horrek 800 lagun inguru hil ditu, baina aspaldi desagertu zen. “Elefante bat dago gelan”, esaten zien Espainiagatik NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak euskal eragileei duela lau urte. Hor segitzen du elefante horrek, ondo iruditzen ez zaiona zapaltzen, baina askoren logika eta koherentzia politiko-ideologikoak gelako armairuan sartuta daude. Badoa ETAren zikloa. Burujabetzarena ez da heldu oraindik.
2017ko udazkenean, Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua egiten ari nintzela, Konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zen David Pla. Paris inguruan dago preso, 2015eko irailetik —Osnyko kartzelan—, eta, desarmatzea gaitzat hartuta, galdetegi luze bat helarazi nion. Ihardetsi zituen galderak; “ETAren erantzun ofizialak” ziren. Guztia ezingo nuenez liburuan sartu, esan nion elkarrizketa osorik BERRIAko blogean sartuko nuela liburuak bide bat egitean —abenduaren 4an izan zen aurkezpena—. Hauxe da David Plari egindako elkarrizketa osoa.
#Egunkaria15 dela-eta emandako elkarrizketa batean Iñaki Uriak esan du baldintzak ez direla aldatu. Hots, gauzak horrela, Madrilek jo dezake berriro, nahi duena, nahi duenean, nahi duen moduan. Merke aterako zaio. Joseba Egibar ere izan zen #Egunkaria15 ekitaldian, eta zioen “estatu estrategia” baten barruan kokatu behar dela kazetaren itxiera. Galdera: eta nork diseinatzen du estatu estrategia hori? Egibar: “Hiru zutabe ditu: Guardia Zibila, auzitegiak —ez Justizia, baizik eta Justiziaren erabilpena— eta monarkia”. EAEn estatutu berria egin nahian dabiltza indar politikoak; abertzaleek diote hurrengo pausoa Madrilekin berdinetik berdinera aritzea lortzea dela. Tratua, gehienez ere, Moncloarekin litzateke. Estatu zutabeekin ez; eta, arrastotik-edo irtenez gero, martxan makineria. Berdinetik berdinera hori aurrenik etxean aplikatzea onena, errespetuz, zabaltasunez, koherentziz, konpromisoz, nazio kohesioa landuz, herria egituratuz. Abiapuntua baju dago kanpokoari deus eskatzen hasteko.♦
ETAren armagabetze garaian gai horretan garrantzitsua zen Frantziako ministro batek prestasuna agertu zuen Luhuso libururako elkarrizketa emateko. Urriaren erdialdea zen. Baina hil haren 18an Bernard Cazeneuve lehen ministro ohiak liburu bat aurkeztu zuen, karguan izandako ia urte eta erdiko esperientziari buruzko eguneroko bat, eta, nahita, ez zuen fitsik idatzi desarmatzeaz, eta beste ministro garrantzitsu hark, ezezkorik eman gabe, ez zuen eman elkarrizketa. Cazeneuve batek ez bazuen deus esan, haren gobernuko bat ez zen kontu txikiak kontatzen hasiko… PSko ordezkari esanguratsu bat ere Luhuso-rako mutu Cazeneuveren liburu horretatik aitzina —aurretik kontatua zen hainbat gauza inportante—. Samuel Vuelta Simonek jaso zuen apirilaren 8an ETAren armagabetzearen dokumentazioa; geroztik euskal presoez hizketan ari da Frantziako Justizia Ministerioa, eta Baionako fiskala da Vuelta Simon; eta 2004-2008an Frantziaren epaile-lotura modura aritu zen Madrilen. Elkarrizketa eman dio BERRIAri, eta baieztatu du desarmatzea segurua eta ordenatua izan zela. Karpetazoa gai hari. Baionako Auzitegiko bulegoan dauka armategiaren dokumentazioa zekarren karpeta —argazkikoa—. Baina ez du nahi izan horrekin erretratua ateratzerik. Zaindu nahi du detaile hori, eta besterik. Elkarrizketa, igande honetan irakurgai.♦






Azken iruzkinak