Adopzioa: hitz egin beharreko gaia
'Azalaz harago' liburuaren aitzakian, hitza hartu dute adopzio prozesuetatik igaro diren hainbat pertsonak. Hain zuzen ere, bizitza osoan presente dagoen esperientzia bat izanik, gaiaz hitz egin beharra dagoela nabarmendu dute.
«Politika Zientzietako gradutik atera ditudan ideia nagusietako bat da aipatzen ez den auzi bat ez dela kontuan izaten; ideia hori adopziora ekarrita, ikusi dut gizartean leku oso txikia ematen zaiola kontuan izanda Euskal Herrian zenbat adoptatu gauden». Paula Jie Garciaren hitzak dira, Azalaz haratago liburuan idatzitako pasarteari erreferentzia egiten diotenak. «Adopzioari buruz idatzi nuen, adopzioari buruz hitz egin behar dugulako», idatzi zuen bertan.
Hain justu horretarako bildu dira Ume Alaia elkarteko mahaiaren bueltan Garcia bera, Eraitz Gorrotxategi eta Usoa Iriberri, Oihana Lizarralde elkarteko langilearekin batera. Adoptatuak izateak ekarri dien horretaz eta piztu dizkien sentimenduez hitz egiteko, heldu gisa.
Babes neurri bat da adopzioa, liburuaren aurkezpenean definitu dutenez: «Babesgabe dagoen haur bati familia ingurune egonkor, seguru eta babesle bat emateko babes neurri bat da». Jatorrizko familiarekin izaten den urruntze horren ondorioak kudeatu egin behar dira, ordea, Lizarralderen arabera: «Haurrak berak erabaki gabeko arrazoi batzuengatik, haustura bat izaten da haren familia biologikoarekin. Nik uste dut horren kontzientzia hartzen dutenean beste zerbait mugitzen dela, baita gorputzean bertan ere».
Baietz esan du buruarekin Iriberrik. Haren ustez, esperientzia dena delakoa izanda ere, adoptatu guztiak bat datoz zerbaitetan: doluacloseGalera batek pertsona batengan eragiten duen erreakzio emozional, fisiko eta kognitibo bat. . «Adoptatu guztiok dolu bat izaten dugu. Galera bati buruz hitz egiten ari gara, eta hor dolu bat dago; asko alda daitezke bizipenak batetik bestera».
Bizipenak bizipen, ordea, gaiak bizitza osoan izango du presentzia adoptatuak direnentzat, haien identitatearen parte baita, Garciaren aburuz: «Beste batzuen bizitzan beste ezaugarri batzuk desagertzen ez diren bezala, guretzat adoptatua izatea ez da bukatzen bidaiarekin bakarrik. Gure bizitza osoan hor dirau parte horrek, eta gero, bakoitzak nahi duen esanahia emango die gertatutako gauza horiei».
Gaia beti izango dutenez presente, bizitza osoan hitz egin behar da horri buruz, Lizarralderen ustetan. Mezu hori zabaldu diete familiei 25 urtean: «Adopzioak ez du tabucloseZerbait aipatzea edo agerian jartzea debekatzen duen ohitura sozial, kultural edo erlijiosoa. bat izan behar, familian hitz egin behar da horri buruz». Hala egin dute Garciaren eta Gorrotxategiren familian: beti natural hitz egin dute horri buruz etxean. Iriberri, ordea, beste belaunaldi batekoa da, eta kontrakoa bizi izan zuen: umetan jakin zuen adoptatua zela, baina esaldi hori botaz geroztik ez zuten horri buruz hitz egin etxean. «Nire belaunaldiko beste etxe askotan bezala, nirean ere horrela bizi izan zen adopzioa». Hori guztia isilean bizitzea, baina, «oso gogorra» izan zen harentzat.
Iriberri Gipuzkoan bertan adoptatu zuten; Garcia Txinan jaioa da, eta Gorrotxategi, berriz, Guatemalan. Hain zuzen horregatik ere, gaia ezin saihestuzkoa zen Gorrotxategi eta Garciarenean. Izan ere, haien kasuan, jendearen aurreiritziak eta arrazakeria sartzen dira tartean. Askotan bota dizkiete «nor dira zure benetako gurasoak?» edo «nongoa zara benetan?» galderak. Ohikoa zaio, halaber, jendeak berari lehen hitza gazteleraz egitea, eta euskaraz erantzuten duenean harritu egiten direla ikustea.
Garciari ere egunerokoan egokitzen zaizkio halakoak: ingelesez eta japonieraz egin izan diote lehen hitza. Gainera, jendaurrean lan egiten du, eta ohikoak dira gisa horretako galderak: nongoa den, zenbat denbora daraman Euskal Herrian... «Guk landu dezakegu geure buruarekin zer harreman dugun eta adopzioari zer esanahi ematen diogun, baina gizarte moduan, lanketa handia behar da».
Bizimodu hobea
Hirurek lortu dute harreman onak eraikitzea, eta adierazi dute ziur asko adopzioari esker jatorrizkoak baino bizi baldintza hobeak izan dituztela. Gorrotxategik esan du beti aldean eramango duela gurasoek eman diotena: «Beste familia batean lur hartzen duzu, eta badakizu familia horrek ahalik eta ahalegin handiena egingo duela zuk bizitza egokia izan dezazun. Nik behintzat hori jaso dut umetan, eta bizitza guztirako markatucloseBaldintzatu, eragin. nau».
Dena den, kontuz ibili behar dela ohartarazi du Garciak: «Salbatzailearen kontzeptua erabili ohi dute askotan, adoptatuok esker onekoak izan behar dugulako ideia... Horrelako kontzeptuekin kontuz ibili behar da, guk ez baitugu erabaki, guk ez baitugu hauturik izan gure bizitzako parte garrantzitsu honetan».
Era berean, Lizarraldek aipatu du kargacloseZama, pisua. kendu behar zaiola adoptatu hitzari. Izan ere, salatu du adoptatuei gertatzen zaizkien gauza txar guztiak adopzioari egozten zaizkiola. Baina adopzioa konponbide bat da, ez arazoa: «Mina ez da adoptatua zarelako izaten, abandonu bat bizi izan duzulako baizik». Eta bizitzan aurrera eginda ere, berdin: norbaitek eskola jazarpena jasan badu, adoptatua izatearen ondorio da hori, ala jazarpenaren beraren ondorio?
Joera izaten baita adoptatu guztiak zaku berean sartzeko. Adibidez, adoptatuek aukera dute jatorrizko familiari buruzko informazioa bilatzeko. Baina ez da ezinbestekoa. Gorrotxategik, esate baterako, ez du horretarako beharrik sentitu: «Gurasoek beti esan didate: ‘Pertsona hori ezagutu behar baduzu, joango gara, tramitatuko dugu...’. Baina ez dut behar hori sumatu».
Iriberrik, berriz, bestelako esperientzia izan du. «Nik ez neukan asmorik bilaketa hori egiteko. Baina ikuspegia aldatu zitzaidan ama izan nintzenean, beste behar batzuk sortu baitzitzaizkidan». Orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilaketa zerbitzuari esker, prozesu bat hasi zuen. Hasieran, uste zuen nahikoa izango zuela dokumentazioa ikusi eta nondik zetorren jakitea. Prozesu horri esker, baina, familia biologikoa aurrez aurre ere ezagutu du azkenean.
Baina hor amaitzen ote da guztia? Ezetz dio Lizarraldek: «Harremanari eutsi ala ez, kasu batzuetan beso zabalikcloseGogo onez, irekitasunez. hartzen dute adoptatua, eta beste batzuetan ez... Hor oso inportantea da espektatibakcloseZer espero den egoera batetik. Zer lortu edo nora iritsi nahi den egoera jakin batean. lantzea». Baita gurasoenak ere: «Beldur horiek ere badaude: nola lagundu guraso gisa prozesu horretan? Nola egin lekua familia biologikoari?».
Jatorri bilaketaren gaiak elkartean zentraltasun handia hartu du azkenaldian, eta horri lotuta jarraitu nahi dutela esan du Lizarraldek: «Ematen du lan guztia egina dagoela, baina hau guztia bizi egin behar da, eta hor jarraitu nahiko genuke, lagun egiten».Jende horren guztiaren aterpea baita Ume Alaia. Elkarrekin hitz egiteko leku goxo bat, norbere esperientzien isla beste batzuengan ikusteko toki bat. Horren erakusgarri da sortu duten Adoptatua naiz podcasta. «Xume-xume hasi ginen, baina 30 pertsonatik gora elkartu dira; hemen sortzen den giro horrek asko balio du, eta elkarrizketa horiek baliagarriak bazaizkie familiei eta adoptatuei...». Beste familia baten magaleracloseOndora, babesera. joan izanak elkartzen ditu, eta familia bat topatu dute elkartean ere.
Erantzun galderei:
- «Adopzioari buruz idatzi nuen, adopzioari buruz hitz egin behar dugulako». Noren hitzak dira, eta non daude idatzita?
- Haur bati eskaintzen zaion babes neurri bat da adopzioa. Baina guraso biologikoekiko hausturak beste zerbait ere ekartzen die adoptatu guztiei. Zer da?
- Adoptatu guztiek behar bera izaten dute jatorrizko familia bilatu eta topatzeko?
- Solasaldian parte hartu duten adoptatuetako batzuek Txinan eta Guatemalan dute jatorri biologikoa. Hori dela eta, sumatu al dute jendearen aldetik harrera berezirik? Zertan nabaritzen dute, adibidez?
- Familia biologikoak normalean beso zabalik jasotzen ditu seme-alaba adoptatuak?
- Artikuluan pertsona adoptatuak biltzen diren elkarte baten izena ageri da. Zein da elkarte hori, eta nola deitzen da sortu duen podcastak?
Solas egin gaiari buruz.
- Ezagutzen al duzu adoptatuta izan den inor? Zuen gelan badago adoptatutako norbait? Inoiz hitz egin al duzue adopzioari buruz? Adopzioa aipatzen denean, zer datorkizu burura? Adopzioaren gaiari karga kendu behar zaiola aipatu dute adoptatuek. Iruditzen zaizu oro har joera dagoela gehiegizko pisua emateko gai horri? Diotenez, adoptatu batzuen itxurak baldintzatu dezake besteekin duten harremana. Zuri gertatu zaizu, inoiz, adibidez, bere itxura dela-eta pertsonaren batekin euskara ez den beste hizkuntzaren bat erabiltzea? Eta zer sentitu duzu pertsona horrek euskaraz erantzun baldin badizu?
Jatorrizko artikuluak
-
Ume alaia: adoptatuen bozgorailua
Ane Insausti |
|