Ume Alaia: adoptatuen bozgorailua

25 urte daramatza Ume Alaia elkarteak adopzio prozesuetan haurren eta familien bidelagun izaten. Lagundu dituzten familietako haurrak heldu dira, eta hitza hartu dute. Norbere prozesuan izandako bizipenak kontatu dituzte ‘Azalaz haratago' liburuan.

Usoa Iriberri, Eraitz Gorrotxategi, Paula Jie Garcia eta Oihana Lizarralde, 'Azalaz haratago' liburua eskuan dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Usoa Iriberri, Eraitz Gorrotxategi, Paula Jie Garcia eta Oihana Lizarralde, 'Azalaz haratago' liburua eskuan dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
ane insausti barandiaran
Donostia
2026ko azaroaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Politika Zientzietako gradutik atera ditudan ideia nagusietako bat da aipatzen ez den auzi bat ez dela kontuan izaten, ez dela sikiera existitzen gure buruan; ideia hori adopziora ekarrita, ikusi dut gizartean leku oso txikia ematen zaiola kontuan izanda Euskal Herrian zenbat adoptatu gauden». Paula Jie Garciaren hitzak dira, Azalaz haratago liburuan idatzitako pasarteari erreferentzia egiten diotenak. «Adopzioari buruz idatzi nuen, adopzioari buruz hitz egin behar dugulako», idatzi zuen bertan.

Hain justu horretarako bildu dira Ume Alaia elkarteko mahaiaren bueltan Garciaz bera, Eraitz Gorrotxategi eta Usoa Iriberri, Oihana Lizarralde elkarteko langilearekin batera. Adoptatuak izateak ekarri dizkien horietaz guztietaz eta piztu dizkien sentimenduez hitz egiteko, heldu gisa. Izan ere, elkarteak 25 urte daramatza haiek bezalako norbanakoei eta familiei adopzio prozesuetan laguntzen: informazioa, formakuntzak, laguntza eta magal bat eskaini dizkiete. Liburuan, adopzio prozesuen inguruko esperientziak bildu dituzte, familien eta profesionalen ikuspuntutik. Hitza hartu dute, inork haien partez hitz egin ez dezan.

Babes neurri bat da adopzioa, liburuaren aurkezpenean definitu dutenez: «Babesgabe dagoen haur bati familia ingurune egonkor, seguru eta babesle bat emateko babes neurri bat da». Jatorrizko familiarekin izaten den urruntze horren ondorioak kudeatu egin behar dira, ordea, Lizarralderen arabera: «Haurrak berak erabaki gabeko arrazoi batzuengatik, haustura bat izaten da haren familia biologikoarekin. Nik uste dut horren kontzientzia hartzen dutenean beste zerbait mugitzen dela, baita gorputzean bertan ere».

«Adoptatu guztiok dolu bat izaten dugu. Galera bati buruz hitz egiten ari gara, eta hor dolu bat dago»

USOA IRIBERRI Adoptatua

Baietz esan du buruarekin Iriberrik. Haren ustez, esperientzia dena delakoa izanda ere, adoptatu guztiak bat datoz zerbaitetan: dolua. «Adoptatu guztiok dolu bat izaten dugu. Galera bati buruz hitz egiten ari gara, eta hor dolu bat dago; asko alda daitezke bizipenak batetik bestera».

Bizipenak bizipen, ordea, gaiak bizitza osoan izango du presentzia adoptatuak direnentzat, haien identitatearen parte baita, Garciaren aburuz: «Beste batzuen bizitzan beste ezaugarri batzuk desagertzen ez diren bezala, guretzat adoptatua izatea ez da bukatzen bidaiarekin bakarrik. Gure bizitza osoan hor dirau parte horrek, eta gero, bakoitzak nahi duen esanahia emango die gertatutako gauza horiei». Baikorragoa edo ezkorragoa izango da esanahi hori, bakoitzaren esperientzien eta jasotzen dituen erreminten arabera. Baina Gorrotxategik nabarmendu du galdera batzuk denek izango dituztela: «Beti egongo dira hor: Zergatik? Zergatik ni? Zergatik utzi behar izan ninduten? Zein zen orduko egoera? Etengabe daukazu hori zugan. Horrek ere badu pisua».

Gaiaz mintzatzea, funtsezko

Gaia beti izango dutenez presente, bizitza osoan hitz egin behar da horri buruz, Lizarralderen ustetan. Mezu hori zabaldu diete familiei 25 urtean: «Adopzioak ez du tabu bat izan behar, familian hitz egin behar da horri buruz». Hala egin dute Garciaren eta Gorrotxategiren familian: ez diete inoiz ezkutatu gaia, eta beti natural hitz egin dute horri buruz etxean. Adopzioari buruzko ipuinak, haiek ezagutzeko egin zuten bidaiako eta itzulerako argazkiak eta bideoak... baliabide asko izan dituzte eskura.

Iriberri, ordea, beste belaunaldi batekoa da, eta kontrakoa bizi izan zuen: umetan jakin zuen adoptatua zela, baina esaldi hori botaz geroztik ez zuten horri buruz hitz egin etxean. «Nire etxean eta nire belaunaldiko beste askotan horrela bizi izan zen adopzioa. Asmo onarekin jokatzen zuten horrela, babesteko, nolabaiteko normaltasuna izateko». Hori guztia isilean bizitzea, baina, «oso gogorra» izan zen harentzat.

«Adopzioak ez du tabu bat izan behar, familian hitz egin behar da horri buruz»

OIHANA LIZARRALDE Ume Alaia elkarteko langilea

Iriberri Gipuzkoan bertan adoptatu zuten; Garcia Txinan jaioa da, eta Gorrotxategi, berriz, Guatemalan. Hain zuzen horregatik ere, gaia ezin saihestuzkoa zen Gorrotxategi eta Garciarenean: «Zure eta nire kasuan, Paula, isilean eramatea ezinezkoa da. Fisikoki ez dugu bat egiten hemengotzat hartzen den itxurarekin».

Izan ere, haien kasuan, jendearen aurreiritziak eta arrazakeria sartzen dira tartean. Askotan bota dizkiete «nor dira zure benetako gurasoak?» edo «nongoa zara benetan?» galderak. «Zer da benetako hori? Nik ez dut nire gurasoez bestelakorik ezagutu: heziketa bat eman didate, egunerokoan ondoan ditut... Hezur-haragizkoak dira!», esan du Gorrotxategik. Ohikoa zaio, halaber, jendeak berari lehen hitza gazteleraz egitea, eta euskaraz erantzuten duenean harritu egiten direla ikustea.

Garciari ere egunerokoan egokitzen zaizkio halakoak: ingelesez eta japonieraz egin izan diote lehen hitza. Gainera, jendaurrean lan egiten du, eta ohikoak dira gisa horretako galderak: nongoa den, zenbat denbora daraman Euskal Herrian... «Guk landu dezakegu geure buruarekin zer harreman dugun eta adopzioari zer esanahi ematen diogun, baina ingurukoek nola ikusten gaituzten, eta adopzioari buruz zer ezagutza duten... Honi buruz hitz eginez egin dezakegu ekarpen bat, baina egitura aldetik, gizarte moduan, lanketa handia behar da».

Alde ona

Hirurek lortu dute harreman onak eraikitzea, eta adierazi dute ziur asko adopzioari esker jatorrizkoak baino bizi baldintza hobeak izan dituztela. Gorrotxategik esan du beti aldean eramango duela gurasoek eman diotena: «Beste familia batean lur hartzen duzu, eta badakizu familia horrek ahalik eta ahalegin handiena egingo duela zuk bizitza egokia izan dezazun. Nik behintzat hori jaso dut umetan, eta bizitza guztirako markatu nau».

Dena den, kontuz ibili behar dela ohartarazi du Garciak: «Salbatzailearen kontzeptua erabili ohi dute askotan, adoptatuok esker onekoak izan behar dugulako ideia, salbatu egin gaituztela eta... Horrelako kontzeptuekin kontuz ibili behar da, guk ez baitugu erabaki, guk ez baitugu hauturik izan gure bizitzako parte garrantzitsu honetan». «Hori da, pertsona zaurgarri baten eskubidea da, ez gurasoen ongintza», gaineratu du Iriberrik.

ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU

Era berean, Lizarraldek aipatu du karga kendu behar zaiola adoptatu hitzari. Izan ere, salatu du adoptatuei gertatzen zaizkien gauza txar guztiak adopzioari egozten zaizkiola, eta benetan ez dela hala. Alegia, adopzioa konponbide bat dela, ez arazoa: «Mina ez da adoptatua zarelako izaten, abandonu bat bizi izan duzulako baizik, ez dakizulako haurdunaldia nola eraman zenuen, ez duzulako ezaugarri genetiko batzuen berri...». Eta bizitzan aurrera eginda ere, berdin: adoptatua den norbaitek eskola jazarpena jasan badu eta bere emozioak bideratzeko arazoak baditu, adoptatua izatearen ondorio da hori, ala jazarpenaren beraren ondorio?

Izan ere, bakoitzak bere istorioa, bere bizipenak eta gauzak eramateko bere modua izanik ere, askotan joera izaten da adoptatu guztiak zaku berean sartzeko. Gorrotxategik jarri du adibidea: oposizioetarako apunteetan, gelan laguntza behar duten umeen adibideak ageri ziren: «Adoptatuak hor azaltzen ziren. Eta posible da batzuek laguntza behar izatea, baina ez nik eta ez beste askok ere ez dugu behar izan. Gainera, hor multzokatu gaituzte, baina, aldi berean, ez dugu horri buruz hitz egiten gelan».

Jatorria argitu nahian

Adoptatuek aukera dute jatorrizko familiari buruzko informazioa bilatzeko. Baina ez da ezinbestekoa. Gorrotxategik, esate baterako, ez du horretarako beharrik sentitu gaur-gaurkoz: «Nik, adibidez, betidanik eduki dut aukera, gurasoek beti esan didate: ‘Pertsona hori ezagutu behar baduzu, joango gara, egingo dugu bidea, tramitatuko dugu...’. Baina ez dut behar hori sumatu, nire behar guztiak aseta egon dira eta. Zertarako sartu beste bilaketa batean? Behar dudan guztia daukat».

Iriberrik, berriz, bestelako esperientzia izan du. «Nik ez nekien bilaketa hori egiteko eskubidea nuenik ere. 42 urterekin jakin nuen. Beraz, ez neukan asmorik bilaketa hori egiteko. Baina ikuspegia aldatu zitzaidan ama izan nintzenean, beste behar batzuk sortu baitzitzaizkidan». Orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilaketa zerbitzuari esker, prozesu bat hasi zuen. Hasieran, uste zuen nahikoa izango zuela dokumentazioa ikusi eta nondik zetorren jakitea. Prozesu horri esker, baina familia biologikoa aurrez aurre ere ezagutu du azkenean.

«Guk landu dezakegu geure buruarekin zer harreman dugun eta adopzioari zer esanahi ematen diogun, baina lanketa handia behar da gizarte moduan»

PAULA JIE GARCIA Adoptatua

Baina hor amaitzen ote da guztia? Ezetz dio Lizarraldek: «Jatorria bilatzeko prozesua egiten duzuenean ere ez da ezer amaitzen. Harremanari eutsi ala ez, kasu batzuetan beso zabalik hartzen dute adoptatua, eta beste batzuetan ez... Hor oso inportantea da espektatibak lantzea». Baita gurasoenak ere: «Beldur horiek ere badaude: nola lagundu guraso gisa prozesu horretan? Nola egin lekua familia biologikoari?». 

Mahaiaren bueltan bildu direnek uste dute, korapiloak korapilo, esperientzia onak izan dituztela. Baina badaude zailtasun handiagoak izan dituztenak ere. Iriberrik gehitu du horien hitzak ere entzun behar direla: «Bizitza hain polita izan ez duten horiei ere aukera eman behar zaie beren adopzioari buruzko iritzia mahaigaineratzeko».

Aurrera begirako erronkak

Jatorri bilaketaren gaiak elkartean zentraltasun handia hartu du azkenaldian, eta horri lotuta jarraitu nahi dutela esan du Lizarraldek: «Jende asko heldua da jada, eta hor ari gara arreta jartzen. Baina ez dugu ahaztu behar, gutxi izanik ere badatozela haurrak, eta gurasoek behar batzuk dituztela oraindik... Ematen du lan guztia egina dagoela, baina hau guztia bizi egin behar da, eta hor jarraitu nahiko genuke, lagun egiten».

Jende horren guztiaren aterpea baita Ume Alaia. Elkarrekin hitz egiteko leku goxo bat, norbere esperientzien isla beste batzuengan ikusteko toki bat. Eta ez dute zertan bizitza osoan elkartean aktibo egon. Bakoitzak bere faseak ditu, eta batzuetan elkartetik gertuago izango dira, besteetan baino. Baina beti izango dute atea irekia. «Niri modua eman dit jakiteko toki bat badagoela hitz egiteko, egoteko, jendea ezagutzeko...», esan du Gorrotxategik. «Eta ez da ahaztu behar helduak hor daudela. Ume eta heldu alaiak izatea beharko genuke. Badago jendea beharrak dituena, laguntza behar duena. Nik laguntza hau jasotzen dut, zuen kidetza hau», gehitu du Iriberrik.

«Beste familia batean lur hartzen duzu, eta badakizu familia horrek ahalik eta ahalegin handiena egingo duela zuk bizi egoki bat izan dezazun. Nik hori jaso dut umetan»

ERAITZ GORROTXATEGI Adoptatua

Hitz horiek entzunda, jendeak beti erakutsitako prestasuna eskertu du Lizarraldek. Horren erakusgarri da sortu duten Adoptatua naiz podcasta. «Xume-xume hasi ginen, baina 30 pertsonatik gora elkartu dira; hemen sortzen den giro horrek asko balio du, eta elkarrizketa horiek baliagarriak bazaizkie familiei eta adoptatuei...». Beste familia baten magalera joan izanak elkartzen ditu, eta familia bat topatu dute elkartean ere. «Eta bizkotxo izugarri ona egiten dute!», esan du Iriberrik. Barrez lehertu dira denak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA