Badator Korrika: 11 egun eta gau, 2.175 kilometro eta euskararen aldeko lekukoa eskuz esku
Aurki abiatuko da Korrika. Atharratzen hasiko da, martxoaren 19an, eta Bilbon amaituko, hilaren 29an. Hona hemen euskararen aldeko lasterketaren gakoak, galderen eta erantzunen bidez emanak.
Korrikara begira jarri da BERRIA. Mantangorri gehigarrian erraz eta argi azaldu dituzte aurtengo lasterketaren nondik norakoak. Prest al duzu zure petoaclosekorrikalariek bular aldean eramaten duten jantzia; kilometroaren zenbakia jartzen da bertan?
1. Zer da Korrika?
Bi urtean behin euskararen alde egiten den lasterketa erraldoia da. AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundeak antolatzen du. Lasterketak Euskal Herria zeharkatzen du, 11 egunez eta gauez, eta lekukoa eskuz esku pasatzen doa. Aurten, Atharratzen hasiko da (Zuberoa), eta Bilbon amaituko. Guztira, 2.175 kilometro inguru egingo dituzte euskaldunek, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa. Aurtengoa 24. lasterketa izango da.
2. Zein da aurtengo leloa?
Euskara gara da aurtengo leloa. Hala azaldu zuten leloaren zergatia, aurkezpeneko ekitaldian: «Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da. Euskara zubi gisa landu behar da». Izan ere, euskara aterpe eroso eta ireki bat izatea nahi dute: «Berdin dio zein den jatorria, azalaren kolorea edo euskararen ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela».
3. Zer darama barruan lekukoak?
Remigio Mendiburu eskultoreak egin zuen lekukoa; Juan Gorritik moldatu egin zuen gero. Barruan mezu sekretu bat eramaten du. Lasterketa amaitzean mezu hori irakurri egiten da. Orduan jakiten da nork idatzi duen euskararen aldeko aldarria. Bilbon hainbat ekitaldi izango dira, azken eguneko egitaraua oparoa izaten baita, egindako ibilbidea biribiltzeko.
4. Zer egin behar da lekukoa eramateko?
Lekukoa eskuz esku ibiltzen da. Egurrezko garaikurra eramateko, eragile eta norbanako ugarik diru kopuru bat ordaintzen dute, eta taldearen edo norberaren izenean eramaten dute egurrezko makila sinbolikoa. Izan litezke ikastetxeak, herrietako kultur eragileak, edo norbanakoak. AEKrentzat da diru hori, helduentzako euskarazko eskolak ematen jarraitzeko. Aurten 3.400 lekuko hartze baino gehiago izango dira.
5. Nork egin du abestia?
Zetak taldea arduratu da aurtengo abestia egiteaz. Pello Reparazek Erramun Martikorena eta Maixux Zugarramurdi izan ditu bidelagun. Xiberutikan mendebaldera du izena kantak, eta, Euskara gara leloari jarraituz, euskara zabaltzearen aldeko mezua bidali du taldeak: «Irrintzi zahar bat aho gaztetan, gailur berrietan».
6. Nor da aurtengo omendua?
Errigora izango da aurtengo omendua. Euskara, auzolana eta elikadura burujabetza dira proiektu honen hiru zutabeak. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean zenbait produktu ekoizten dituzte, eta produktu horiek salduz lortutako diruaren zati bat bertako euskalgintzarako erabiltzen dute. Auzolanean prestatzen dituzte kaxak. Errigorak martxan dauka Eskutik eskura kanpaina, martxoaren 18ra arte: kontserbak eta olioa eskatzeko aukera dute herritarrek.
7. Zer dira unitate didaktikoak?
AEK-k unitate didaktikoak ondu ditu Ikastolen Elkartearekin batera, ikastetxez ikastetxe haurrek Korrikaren gaia lantzeko. Webgunean daude eskuragarri, adinaren arabera sailkatuta: Xingi-Xango (3 eta 6 urte artekoentzat), Ttipi-Ttapa (6 eta 9 urte artekoentzat), Nis-Naska (9 eta 12 urte artekoentzat) eta Ttarrapataka (12 eta 18 urte artekoentzat).
8. Non ikus daiteke lasterketa?
Aurten ere AEK-k zuzenean emango du lasterketa, etengabe. Horri esker, une oro ikusi ahal izango da furgoneta non dabilen eta lekukoa nork daraman eskuan, zuzeneko irudien bitartez. Gainera, aplikazio bat ere badu Korrikak, eta bertan bideokronika bereziak ipiniko dituzte ikusgai.
Jatorrizko artikuluak
-
Korrika: euskara gailur berrien bila
Ane Insausti |
|