Joxe Azurmendi: «Euskal nazioa berregiteko, esentziala da euskara indarberritzea»

  • Albistea entzun

Joxe Azurmendi idazle eta pentsalariak Hizkuntza, nazioa, estatua saiakera plazaratu du. Euskal Herriko nazioa berregin beharrean dagoela uste du, eta uste du horretarako  ezinbestekoa dela euskara berrindartzea, zeren, haren iritziz, euskal estatua lortzeko bidean hizkuntza ez da traba, baizik eta kontrakoa. 

Euskal Herria gaur egun ez da nazio bat, Joxe Azurmendiren iritzian (Zegama, Gipuzkoa, 1941). «Euskal nazioa izan zen, zentzu klasikoan, baina orain erdi hautsia dago. Gaur egun, berregin beharra daukagun nazio bat da. Berregiteko zeregin horretan, egiteko esentziala, ez bakarra, euskara indarberritzea da, ze bera da komunitate nazional baten ardatza». Hori uste du, eta besteak beste hori azaltzen du Hizkuntza, nazioa, estatua saiakera liburuan.

Azurmendiren iritzia ez da berria, bere ibilbide osoan azaldutakoa baizik, eta bere belaunaldiaren sokakoa. Belaunaldi hori Espainiako gerraren ondorenean sortu zen, XX. mendearen erdialdera: «Francoren azpian, erreakzio bat sortu zen ordura arteko nazionalismoari, tradizioan, folklorean, kristautasunean, arrazan oinarriturikoari. Bi figura nabarmendu ziren batik bat; Krutwig eta Txillardegi. Eta biek, oinarri eta jatorri desberdinak izan arren, esaten zuten 'Nazio bat gara, eta nazioa euskarak egiten du'».

Azurmendik aitortzen du «euskal nazioa egiten duena euskara dela esanez gero Euskal Herriko gehiengo handi bat baztertzen» dela, «euskaraz egiten ez duelako»; horren ondorioa ez da, ordea, euskara traba modura hartzea, baizik eta kontrakoa, hura gehiago indartzea. Eta, horretarako, independentzia ezinbestekotzat jotzen du, baina, planteamendu berrien kontrara, zaila egiten zaio sinestea independentzia hori abertzaletasunetik urrunduta irits daitekeenik: «Abertzaletasunik gabeko independentismoa neuk ez dakit zer izan daitekeen. Hori onartzen bada, zergatik ez egin, adibidez, Pirinioetako Errepublika Independente bat, Trebiñutik beherako Araba eta Tafallatik beherako Nafarroa kendu, eta Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta Huesca bilduta».

«Abertzaletasunik gabeko independentismoa neuk ez dakit zer izan daitekeen»

Joxe Azurmendi (Filosofoa)


Jatorrizko artikuluak