Torrealdai zendu da, Euskal Herriko intelektual handienetako bat

  • Albistea entzun

Euskaltzaina, soziologoa, kazetaria... Jakin aldizkariaren sortzaile eta zuzendari izan zen 42 urtez, eta Euskaldunon Egunkaria-ren lehendakari 2003an indarrez itxi zuten arte. Torrealdairen kazetaritza, soziolinguistika eta kultur lanek ekarpen oparoa egin dute. Minbiziaren ondorioz hil da; Egunkaria-ren kontrako operazioan atxilotu zutenean jasan zituen torturarekin lotu zuen gaixotasuna.

Joan Mari Torrealdai hil da, 2020ko uztailaren 31n. 77 urte zeuzkan. Ia 60 urteko ibilbidea egin du gogoetan eta ekintzan. Euskal kulturako intelektual handietako bat izan baita Torrealdai, eta euskalgintzako ekintzailea. Minbiziak jota egin ditu azken urteak: 2015ean jakinarazi zuen hezur muineko minbizia atzeman ziotela, eta Egunkaria itxi ondoren atxilotuta egon zeneko torturekin lotu zuen. «Esaten nuen hezur muineraino min egin zidatela, eta hezur muinean agertu zitzaidan minbizia».

Usurbil (Gipuzkoa) izan du bizilekua urteetan, baina bizkaitarra zen sortzez Torrealdai, Forukoa. Baina Arantzazu izan da haren ibilbidean beste leku giltzarri bat. 1954an joan zen Oñatiko santutegira (Gipuzkoa), seminariora, 12 urte zituela. «Seminarioak ziren euskal unibertsitaterik ez zegoen herri honetako unibertsitateak». Zazpi urte egin zituen Arantzazun. Borborka zegoen santutegia: basilika berri eta berritzailea eraikitzen ari ziren, intelektual ugariren bilgune zen, eta Euskaltzaindiak han egin zituen batzar erabakigarriak —tartean, 1968koa, euskara batuaren sorrerakoa—. Euskal Herrirako begiak ireki zizkion Arantzazuk Torrealdairi: «Txokokerien gainetik Euskal Herria osotasunean ulertzeko modu bat zor diot Arantzazuri».



Jakin-en hasi, Egunkaria-n segitu

1969an, Torrealdaik Tolosara (Okzitania) jo zuen, ikasketak sakontzera. Teologian lizentziatu zen. Parisera joan zen gero, Soziologia ikastera, 68ko Maiatza igaro berri zelarik. «Munduaren erdigunea iruditu zitzaidan, talaia paregabea».

Frankismoaren hondarrak ziren, eta indartzen ari zen euskara eta euskal kultura berpizteko mugimendua. 1975ean itzuli zen Torrealdai Paristik, eta parte hartu zuen Elkar argitaletxea sortzen eta Jakin martxan jartzen. 1977an lortu zuten aldizkaria kaleratzeko baimena, Torrealdai zuzendari zela.

1990. urtea, berriz, giltzarri izan zen Torrealdairen bizitza profesionalean, bi mugarri handi izan baitzituen. Bat: Euskaldunon Egunkaria sortu zuten, Torrealdai bera Kontseilu Editorialeko buru zela. Eta bi: Jakin frantziskotarren babespetik atera zuten, eta bere gain bihurtu. Lanari ematen zion balioa maiz nabarmendu zuen Torrealdaik jendaurrean: «Lanak asko dezake, proiektuan sinetsi eta ilusioz jardunez gero».

«Lanak asko dezake, proiektuan sinetsi eta ilusioz jardunez gero».

Joan Mari Torrealdai

Langilea zen, baina ez bakarrik aritzekoa. Lan kolektiboan sinesten zuen, taldean. Urteotan sariak jaso dituenean, beti nabarmendu du hori. Honela esan zuen, adibidez, 2016an, Manuel Lekuona saria jasotzean: «Ipotx bat naiz erraldoien bizkar gainean igoa. Erraldoi askori zor diot zuen aurrean egotea. Nire obra zerbait bada, obra kolektiboa da». Bazuen beste uste sendo bat ere: ardatz iruditzen zitzaion herri ekimena, instituzioek zer egingo zain ez egotea.

Atxiloketa eta tortura

2003an kolpea iritsi zen. Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zuen Guardia Zibilak, eta atxilotuta eraman zuten Torrealdai. Bost urtean, ez zuen esan torturatu egin zutela. Zauri sakona ireki zioten. Min pertsonala zen, eta profesionala. «Sarraskia» egin ziotela salatu zuen: eramandako paper asko ez zizkioten itzuli, eta bueltatu zizkiotenak desordenatuta zeuden. «Ez da borondaterik gabe egina. Ezabatu egiten dizute memoria, badakite-eta ni bezalako baten indarra bere dosierretan dagoela. Nire informazio bilketetan oinarritutako lanik ez dut egin ordutik».

Manex semeak agurreko gutun sentitua idatzi zuen: Ez adiorik, aita.

Jatorrizko artikuluak