Inoizko grabitate uhinik handiena atzeman dute zientzialariek

  • 264 hitz
  • Albistea entzun

Bi zulo beltzen bat egitearen lorratza dela adierazi dute adituek. Besteak beste, Albert Einsteinen erlatibitatearen teoria berretsiko luke aurkikuntzak: hau da, espazio-denbora tenkatutako oihal baten antzekoa dela, eta han objektu astunak jartzen direnean desitxuratu egiten dela. Hortik eratortzen dira grabitate uhinak. 

2020ko irailaren 2an adierazi zuten ikerlariek inoizko grabitate uhinik handiena atzeman zutela. Uhin hori, propio, 2019ko maiatzean detektatu zuten: segundo hamarren bat besterik ez zuen iraun, eta, ordura arte atzemandakoekin alderatuta, oso ezberdina zen.

Izan ere, jada 2015eko irailean, grabitate uhinek susmo huts izateari utzi zioten. LIGOcloseLaser Interferometer Gravitational-Wave Observatory: grabitazio uhinak detektatzeko behatoki bat da. 
ko arduradunek hilabete batzuk geroago jakinarazi zuten uhin horiek atzematea lortu zutela, esperimentu baten bitartez, eta zientzialari askok adierazi zuten ikerketarako esparru berri eta guztiz erakargarri bat sortu zela.

Frantziako CNRS zentroko Virgo Nelson Christensen ikertzaileak azken aurkikuntzari buruz adierazi zuenez, «normalean, kirranka antzeko bat antzematen dugu; honek ez zuen beste horien antzik». Ondorioztatu dute bi zulo beltzen bat egitearen emaitza dela uhin hori, baina onartu dute galdera handiak dituztela orain. 

Uhina bi zulo beltzen bat egitearen emaitza dela ondorioztatu dute.

Uhinaren iturburua Lurretik bost gigaparsec-era dagoela adierazi dute, eta, beraz, inoiz aurkitutako urrunena ere badela grabitate uhin hori. Astrofisikako gaiekin usu gertatu ohi denez, irudikatzen ere zaila da distantzia hori; atera kontuak: gigaparsec bakoitza 3.260 milioi urteren baliokidea da. Halaber, tamainaz, irudikatzen zaila da uhinaren iturburutzat daukaten zulo beltzen bat egitea ere.

Zientzialariek egin dituzten kalkuluen arabera, 85 eguzkik adinako masa zuen batek; besteak, berriz, 66 eguzkik adinakoa. Orain arte ikasitakoa aintzat hartuta, onartu dute oso handiak direla biak: galdera berrien iturburua. Energia izugarria sortu zuen bat egite horrek, eta, hain justu, ikertzaileek uste dute horren lorratza dela atzemandako uhina.

Albert Einsteinek eman zuen uhin horien berri

Einsteinek 1915ean argitaratu zuen erlatibitatearen teoria. Orduan, esplikatu zuen espazio-denbora tenkatutako oihal baten antzekoa dela: han objektu astunak jartzen direnean, desitxuratu egiten da. Desitxuratze horien ondorioz sortzen dira, hain zuzen ere, grabitazio uhinak. Ezin izan zuen, ordea, haien ebidentziarik eman. Horregatik, ikertzaileek hamarraldi ugari egin dituzte uhin horiek existitzen direla egiaztatzeko ahaleginetan.

Kosmosa ulertzeko beste ate bat ireki dute grabitate uhinek.

Kosmosa ulertzeko beste ate bat ireki dute grabitate uhinek. Horiek existitzen direla egiaztatu arte, soilik gorputzek igortzen duten argiari begira egoten ziren astrofisikariak, baina, ordutik, gorputzek sortzen duten grabitateari ere erreparatu diezaiokete. Adierazi dute, besteak beste, zulo beltzen antzeko fenomenoak ikertzeko era erraztuko dela, eta hobeto ikertu ahal izango dela espazioaren sorrera bera, Big Bang deitua.

Jatorrizko artikuluak