Jaiotza tasaren jaitsiera nabari da Euskal Herri osoan: bi puntu egin du behera 2015etik 2020ra. Urteko jaiotzen eta heriotzen arteko defizita ere handitzen ari da herrialde guztietan. Zio ekonomikoak, sozialak eta demografikoak daude horren atzean.

Jaiotza tasa behera ari da, etengabe. Mila biztanleko jaiotzen diren haurrak hartzen ditu aintzat tasa horrek. 2008an bederatzi ziren Euskal Herrian; 2020an, zazpi. Herrialde guztietan egin du behera.


Jaitsierak ez du esan nahi orain andreek haur gutxiago dituztenik. «90eko hamarraldian jaio ziren emakumeak dira orain umeak izaten ari direnak, eta orduan ume gutxi jaiotzen ziren; orain haiek izaten ari direnez haurrak, bada, jaiotza tasa baxuagoa da», azaldu du SIIS ikerketa zentroko ikertzaile Joseba Zalakainek. Horra datuak: 1995ean, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, emakumezko bakoitzak zuen ume kopurua 0,9 zen EAEn; Nafarroan, 1,11. 2020an, aldagaia altuagoa zen. 1,33 Nafarroan; 1,25, berriz, EAEn. 

«90eko hamarraldian jaio ziren emakumeak dira orain umeak izaten ari direnak, eta orduan ume gutxi jaiotzen ziren; orain haiek izaten ari direnez haurrak, bada, jaiotza tasa baxuagoa da».

Joseba Zalakain (SIIS ikerketa zentroa)

Ondorio argiak ditu jaiotza tasaren jaitsierak. Horietako bat da defizit naturala deitua: urtero jaiotzen direnen eta hiltzen direnen arteko aldea. Azken urteetan, gero eta handiagoa egin da batzuen eta besteen arteko arrakalaclosePitzadura, ebakidura, aldea.: gehiago dira hiltzen direnak jaiotzen direnak baino. 2020ko datuen arabera, 12.410 gehiago dira Euskal Herrian hildakoak (34.842 urtebetean), jaiotzen direnak baino (22.432). Defizit hori ere negatiboa da herrialde guztietan.


Nahi baina ezin

Haurrak izateko nahia ase ezin duten horiei begira jarri behar dela uste du Zalakainek. «Zergatik ez dauzkate?». Adituen ustez, hori da funtsezko galdera, eta ez, berez, jaiotza tasaren jaitsiera. Areago, uste dute fenomenoari gehiegizko alarma mezu artean erreparatzen zaiola sarri askotan.

«Zergatik ez dauzkate?». Adituen ustez, hori da funtsezko galdera, eta ez, berez, jaiotza tasaren jaitsiera.

Soziologoa da Unai Martin, eta EHUko Opik ikerketa taldeko ikertzailea; azaldu du inkestetan-eta jendeari izan nahi duen ume kopuru «idealaz» galdetzen zaionean agerian geratzen dela usucloseAskotan, maiz. errealitatearekin dagoen desoreka: «Kopuru ideala bi umeren inguruan dago». Sarri, ez da betetzen. Andre bakoitzak duen ume kopuruaren berri emateko indizea, ugalkortasun tasa, hortik behera dago Euskal Herrian. Jasota dago herritarrek horren harira azaldutako ezinegona ere; Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak berriki plazaratu berri duen inkestaren arabera, adibidez, seme-alabak dituztenen %52k aitortu dute nahi baino ume gutxiago dituztela. Hor ikusten du arazoa Martinek: «Jendea nahi dituen baino haur gutxiago izaten ari da».

«Jendea nahi dituen baino haur gutxiago izaten ari da».

Unai Martin (soziologoa eta EHUko ikertzailea)

Prekaritatea eta kultura aldaketak

Martinek argi du «prekaritatea» dela hor atzean dauden motiboetako bat. «Jendeak gero eta beranduago lortzen badu lan normal bat, gero eta beranduago badoa gurasoen etxetik, orduan eta beranduago hasiko da umeak izaten». Hain justu ere, etengabe ari da igaro urteotan gora haurrak izaten dituzten emakumeen adina. 30 urtean, ia lau urte atzeratu da Hegoaldean ama izateko batez besteko adina: 29 urtetik 33ra. Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren datuen arabera, amen batez besteko adina 31,1 urtekoa da gaur egun.


Maria Silvestre Deustuko Unibertsitateko irakaslearen arabera, jaiotza tasaren jaitsiera, berez, ez da deus okerra. «Prozesu demografiko bat da, eta egokitu egin behar dugu horretara». Hein batean, balio «sozial eta kulturaletan» gertatu diren aldaketen ondorioa da: «Orain, belaunaldi berrietan, andreak ez ditugu hezi ama izateko. Gero eskatzen zaie ama izateko». Areago, usu umeak izateko «presioa» ere sentitzen dute. Beste arrazoi «kultural» bat ikusten du Martinek ere: «Gazteak gero eta beranduago bihurtzen dira heldu. Gero eta beranduago heldu heldutasuna, orduan eta beranduago hasten dira seme-alabak izaten, eta umeak beranduago izateak eragina dauka seme-alaba kopuruan; hori historia osoan izan da horrela».

«Orain, belaunaldi berrietan, andreak ez ditugu hezi ama izateko. Gero eskatzen zaie ama izateko».

Maria Silvestre (Deustuko Unibertsitatea)

Emakumeen gain 

Gizonen eta andreen arteko berdintasunaren alde egitea ere ezinbestekoa da jaiotzak sustatzeko. «Izan ere, andreek ikusi dute beren lan ibilbidean oztopo handia dela umeak izatea. Bai soldata aldetik, bai lanean aurrera egiteko aukeren aldetik; oso-oso neurtuta dago hori», onartu du Zalakainek. Ama izateko era «mitifikatu» batek, gainera, emakumeen gaineko zama handitu besterik ez duela egiten deitoratu du Silvestrek: «Presentzia eskatzen zaio andreari ama izateko; gizonari ez zaio halakorik eskatzen aita izateko. Errua eta zama dakartza horrek sarri emakumezkoentzat». 

«Presentzia eskatzen zaio andreari ama izateko; gizonari ez zaio halakorik eskatzen aita izateko. Errua eta zama dakartza horrek sarri emakumezkoentzat».

Maria Silvestre (Deustuko Unibertsitatea)

Bat dator Zalakain: «Gainditu gabeko ikasgaia da berdintasunarena». Eta lana eta familia bateratzeko neurriena. «Urte batzuetan, jendeak lana murrizteko erraztasuna eduki behar du. Umeak dituen familiak dirua eta denbora behar ditu». Laguntzak antolatzeko orduan ikuspegi oso bat behar dela nabarmendu du Martinek, alor guztietara begirakoa: «Politika demografikorik onena izango litzateke bizitza erdian jartzea: zaintzei behar duten garrantzia ematea. Eta hori ez da konpontzen ume bakoitzeko hilean 200 euro ematearekin. Ez dut esango txarto dagoenik, baina lortu behar dena da ume bat izatea ez izatea hain erabaki zaila».


Jatorrizko artikuluak