Albistea entzun

Demografia erronka

Jaurlaritzak 200 euro emango ditu hilero haur bakoitzeko, umeek 3 urte bete arte

Demografiari buruzko bilkura monografikoa egin dute Eusko Legebiltzarrean. Arlo pribatuan ere amatasun eta aitatasun baimenak hemezortzi astekoak izatea eskatu dute
Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarrera sartzen.
Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, Eusko Legebiltzarrera sartzen. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2022ko maiatzak 19

Urtean 100.000 euro baino gutxiagoko errenta daukaten gurasoei seme-alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza emango die Eusko Jaurlaritzak hilero, umeak 3 urte bete arte. Laguntza hori bateragarria izango da egungo kenkari fiskalekin eta baita Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak seme-alabak izateagatik ematen dituen diru laguntzekin ere, eta 2023. urtean sartuko da indarrean.

Atzo iragarri zuen neurria Iñigo Urkullu lehendakariak, EH Bilduren eskariz Eusko Legebiltzarrean egindako demografiari buruzko bilkura monografikoan. Taldeek ebazpenak egin zituzten 2030. urterako estrategia demografikoari begira, eta, bukaeran, ebazpen proposamen horiek bozkatu ziren. Gai nagusien inguruko akordio handirik ez zuten lortu, baina hainbat alorretan ados jarri ziren Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeak eta oposiziokoak. Hain justu, 70 ebazpen proposamen baino gehiago onartu zituzten, eta Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen horiek denak estrategia demografikoan txertatzeko.

Hain zuzen, diru laguntzez gain, EH Bilduk proposatutako beste bi neurri ezarriko ditu Jaurlaritzak. Batetik, garraio publikoaren tarifak berrikusiko dira haur eta gazteei deskontuak aplikatzeko, eta, bestetik, Jaurlaritzak lan arloan «belaunaldien errelebora ordenatzeko» plan bat egiteko konpromisoa hartu du, «kalitatezko enplegua eta zerbitzu publikoak» bermatuta.

Izan ere, lehendakariak aitortu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera demografikoa ez dela «ona». Egoera horren arrazoitzat jo zituen «jaiotzen beherakada»— Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jaiotza tasa Europako apalenetakoa da—, gazteak «geroz eta beranduago» emantzipatzea— 30,2 urterekin egiten dute alde gurasoen etxetik batez beste, eta Europako batezbestekoa baino lau urte beranduago—, seme-alabak ere «beranduago» izatea, eta bizi itxaropena igotzea. Azaldu zuen horrek guztiak biztanleriaren zahartzea ekarri duela, eta lan egiteko adinean dagoen biztanleria kopuruak ere behera egin duela: azken hogei urteetan 92.000 pertsona gutxiago daude adin tarte horretan, eta 2050. urterako 220.000 pertsona gutxiago izatea aurreikusten da.

Unicef erakundeak ondutako Lehen mila egunetako programa-n jasotako proposamenekin bat egiten du Jaurlaritzak hartutako neurriak. Hala, umeak 3 urte bete arte familiek 2.400 euroko laguntza jasoko dute, eta, horrez gain, kenkari fiskaletaz ere baliatu ahal izango dira— 950 euro seme-alaba bakarragatik eta 2.100 bi seme alabarengatik—. Are, familia batek baliabide ekonomiko nahikorik ez duen kasuetan, diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez laguntzak ere jaso ahalko ditu.

Hemendik aurrerako estrategia, lege, plan eta programa guztietan demografiaren ikuspegia txertatuko dutela agindu zuen Urkulluk. Gazteei laguntzak emateko programak ere martxan jarriko direla iragarri zuen, formaziorako, etxebizitza bat lortzeko edo ekintzailetzarako, besteak beste. Izan ere, azaldu zuen gazteak beranduago emantzipatzeak «familia proiektua ere beranduago eraikitzea» dakarrela.

Horrez gain, Gaztelagun programan parte hartzeko baldintzak ere malgutu direla gogorarazi zuen— gehienezko diru sarrerak igo dituztenez, gazte gehiagok izango dute laguntza eskuratzeko aukera, eta denbora gehiagoan jaso ahal izango dute, 35 urtera arte—. Azken puntu horri buruz, EH Bilduk leporatu zion programa hori indartzea ez dela nahikoa: «Gaztelagun programaren zain bagaude, gazteak izaten jarraituko dugu 50 urte dauzkagunean ere».

«Ez da nahikoa»

EH Bilduko Eraitz Saez de Egilazek salatu zuen Urkulluk iragarritako diru laguntza hori ez dela nahikoa, eta azaldu hasieran 150 euroko 18 urtera bitarteko diru sari bat izatea zela EH Bilduren proposamena, baina Jaurlaritzak 3 urtera «mugatu» duela eskaera hori. EH Bilduko Nerea Kortajarena legebiltzarkideak ere nabarmendu zuen oposizioko talde batzuen eskaera zela diru laguntza horiek gehiago luzatzea, baina Jaurlaritzak ez duela kontuan hartu.

EH Bilduk 45 ebazpen aurkeztu zituen eztabaidara: horietatik zortzi onartu ziren, eta beste bik erdibideko zuzenketen bidez egin zuten aurrera. Besteak beste, gazteen garraio publikoaren prezioak berrikusteko eta langileen erreleborako planean sektore feminizatuak kontuan hartzeko proposamenak onartu zituzten bilkuran. Ordea, bertan behera geratu ziren 0-12 urte bitarteko umeentzat garraio publikoaren eta botiken doakotasuna bermatzeko eskaera, eta alokairuen prezioak mugatzeko proposamenak.

Elkarrekin Podemos-IUk 48 ebazpen aurkeztu zituen, eta horietako hamarrek lortu zuten aurrera egitea. EAJren eta PSEren babesarekin onartutako ebazpen horietako batean, legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio sektore pribatuan ere amatasun eta aitatasun baimenak hamasei astetik hemezortzi astera luzatzeko.

Eztabaidan, Miren Gorrotxategi EP-IUko legebiltzarkideak azpimarratu zuen joera demografikoetan aldaketak eragiteko beharrezkoa dela «bizi baldintzak hobetzea, erosahalmena handitzea eta zerbitzu publikoak indartzea». Testuinguru horretan proposatu zuen amatasun eta aitatasun baimenak pixkanaka hemezortzi astera zabaltzeko, eta baita «kalitatezko enplegu poltsak» sortzea ere.

PP-C's taldeak aurkeztutako 50 proposamenetatik 23 onartu zituzten. Besteak beste, taldearen ekimenez, Eusko Legebiltzarrak Osakidetzari eskatu dio ugalkortasun arazoak dituzten emakumeei lagundutako ernalkuntza tratamenduak ordaintzeko, eta Eusko Jaurlaritzari enpresetako hitzarmen kolektiboetan kontziliazio neurriak jasotzeko.

Laura Garrido legebiltzarkideak nabarmendu zuen premiazkoa dela «amatasuna babestuko duen lege integral bat», eta «hezkuntzan garraiorako eta jantokirako ematen diren laguntzak handitzeko» eskatu zuen.

Bestalde, EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztutako 29 proposamen onartu zituzten. Bide horretatik, erantzunkidetasuna bultzatzeko konpromisoa hartu zuten, eta aitatasuna zein amatasuna lanarekin kontziliatzeko neurriak ere bultzatuko dituztela iragarri. Joseba Diez EAJko legebiltzarkideak «pribatuaren eta publikoaren arteko adostasuna» defendatu zituen, eta PSEko Gloria Sanchezek adierazi zuen premiazkoa dela «landa eremuan, despopulazioari eta zahartzeari erantzutea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziak, gaur goizean, Getxoko Itzubaltzeta auzoan. ©Marisol Ramirez / FOKU

Getxoko Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxea hustear da Ertzaintza

Berria

Hainbat lagun bertaratu dira hustu ez dezaten exijitzera. Espazio hori erretiratuentzako eremu bat da egun, eta euskaltegi bat ere badu.

Haur jaioberri bat, artxiboko irudi batean ©Berria

Duela bost urte baino %25 haur gutxiago jaio dira lehen seihilekoan Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

Iaz baino %2,4 haur gutxiago jaio dira aurten urtarriletik ekainera.

Indarkeia matxistaren aurkako protesta bat, Getxon, artxiboko irudian ©berria

Algortako mugimendu feministako bi kide ikertzen ari dira desobedientzia delitu larriagatik

Irati Urdalleta Lete

Algortako Portu Zaharreko jaietan ziztatu egin zutela salatu du neska batek. Ertzaintzaren arabera, ez zioten utzi neska artatzen; mugimendu feministako kideek ziurtatu dute ertzainekin adostu zutela nola jokatu. Prentsaurrekoa egingo dute 18:00etan; herritarrei bertaratzeko eskatu diete.

Bilboko Konpartsen agerraldia, atzo. ©Monika del Valle / Foku

Bilboko Konpartsek gezurtatu egin dute Jaurlaritzak Ertzaintzaren jarduna «ez oztopatzeko» eskatu dienik

Hodei Iruretagoiena

El Correo egunkariaren albiste bati erantzun diote konpartsek: «Guztiaren gainetik AsteNagusia eta erasoen biktimak defendatuko ditugu. Laguntzeko gaude, ez oztopatzeko».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jone Arruabarrena

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...