Marte iritsi da Euskal Herrira

  • 452 hitz
  • Albistea entzun

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak hasiak dira Marteko lehen datuak eta irudiak jasotzen. Hala ere, Marten lur hartu eta bi hilabete eta erdira, Perseverance ibilgailuko ikerketa tresnak doitzen ari dira oraindik ere, eta benetako ikerketa ez dute abiatu.

EHUk eta Ibeak operazio zentro bat antolatu dute Leioako campuseko Martina Casiano zentro teknologikoan (Bizkaia), Marteko misioaren jarraipena eta misioko lanak egiteko. Teknologia Fakultateko Ikerketa eta Berrikuntza Analitikoa taldea da Ibea. Marteko harrien, geruzen eta hautsaren konposizio kimikoa aztertuko dute.

Ibeak ez ezik, EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Zientzia Planetarioen Taldeak ere parte hartu du misioan. Marteko atmosfera eta eguraldia aztertuko dituen talde zientifikoko kidea da. Perseverance ibilgailuko Meda estazio meteorologikoaren bidez jasoko dituzte datuak: hautsa, erradiazioa, haizea, tenperatura...

NASAren ibilgailuak otsailaren 18an lur hartu zuen Marten, Jezero kraterrean. Bi hilabete eta erdi geroago, ikerketa taldeak lanean ari dira, Martera bidalitako tresna guztiak ondo daudela ikusten eta lanerako prestatzen. EHUko operazio zentroa bi gelatan banatu dute. Gela bat informazioa jasotzeko da; bestea, informazioa bidaltzeko. Telebistetako pantailetan Marteko azalera ikus daiteke.

«Pentsatzen genuen gauza asko egin ahalko zirela, baina...», esaldia bukatu gabe utzi du Gorka Arana Ibeako ikertzaileak. Marte ikertzeko dituzten bi muga nagusiak aipatu ditu: denbora eta energia. Batetik, Perseverance-ko ikerketa tresna gehienek egunez soilik lan egiten dute, Medak salbu. Bestetik, Perseverance-k energia kopuru mugatu bat izaten du eguneko lan guztiak egiteko, eta gauez bateriak berriro kargatzen ditu, hurrengo egunerako.

Marte ikertzeko dituzten bi muga nagusiak: denbora eta energia.

Alegia, denbora eta energia muga horien barruan sartu behar dira ikerketa talde bakoitzak egun bakoitzean egin nahi dituen neurketa guztiak.

Ibeak SuperCam tresna osatzen parte hartu du, eta haren bidez egingo ditu neurketak. Bereizmen handiko kamera bat du. Mikrofono bat ere bai. Baina oinarria lau espektrometro dira, harrien, mineralen, hautsaren, estratuen eta abarren konposizioa aztertzeko gailuak. Konposizioa jakinda, zer eratako mineralak diren jakin dezakete. Ez da erraza. Meteoritoekin ikusi dute: «Meteorito txikienak ere hamabi mineral baino gehiago ditu. Pentsa harri batek». Ikusi dute SuperCam-eko neurgailuek ondo funtzionatzen dutela, baina ez dira hasi harrien konposizioa aztertzen.

Meda estazio meteorologikoa ere kalibratze fasean dago, baina hasia da datuak jasotzen. Marteko eguraldiaren iragarpen fidagarriak egitera iritsi nahi dute. Horretarako, ereduak sortu behar dituzte datuekin, eta jauzi handi bat ematea espero du Agustin Sanchez Lavegak, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko zuzendariak: «Txinaren robota iristen denean [Zhurong], lau estazio egongo dira Marten, haren orbitan daudenez gainera. Beraz, datu onak izango ditugu ereduetan sartzeko, eta eredu meteorologikoak eta klimatikoak hobetuko ditugu, oraingo eta etorkizuneko misioetarako».

Horretarako, ondo aztertuko dute Marteko fenomeno bereizgarri bat: hautsa eta hauts ekaitzak. «Badakigu hauts ekaitzen sasoi bat dagoela, baina ereduak ez dira gai esateko non sortuko diren eta zer-nolako indarra izango duten», onartu du.

Misioaren helburu nagusia bizi arrastoak aurkitzea da. Aurkitzekotan, lur geruzetan aurkituko dute.

Misioaren helburu nagusia bizi arrastoak aurkitzea da. Badakite lurrazalean ez dutela aurkituko, erradiazioagatik. Aurkitzekotan, lur geruzetan aurkituko dute. Curiosity roverrak lurra zulatu eta molekula organikoak aurkitu zituen, biziaren lehengaia. Horrek ez du esan nahi, ordea, bizia egon zenik.

Jatorrizko artikuluak